<<< Bertsoen bilaketara bueltatu

BERTSOALDI ETA BERTSO-SORTEN DATU-BASEA: Interneten publikatutako bertso-bilduma

Bertsoen itsaso zabalean...

...bertsolariek kantuan jarraitzen duten bitartean dena katalogatzera ez gara helduko inoiz! 

Ezintasun hori onartuta, interneten argitaratu dugun bilduma honetan bat-bateko bertsoaldi nahiz idatzizko bertso-sorta adierazgarrienen antologia aurkituko duzu. Eta bertsoa esatean, laburtuta, bertsoaldi edo bertso-sorta osoei buruzko informazioari buruz ari gara.

Hainbat bertsolari, gai-jartzaile, antolatzaile, grabatzaile eta mota guztietako bertsozaleen ahalegin kolektiboari esker osatutako bilduma da eta Bertsozale Elkarteak hezkuntza eta ikerketa egitasmoetarako eskaini nahi du, bertsolaritza ikertzen, irakasten, ikasten edo hainbat modutan aberasten dabiltzanentzat erabilgarria izateko helburuarekin. [Bertso hauek beste edozein eratan hedatzekotan (irrati, argitalpen, internet...), dagozkion baimenak eskuratu beharko dituzu]

Hemen ditugun bertsoen artean bila ari zarena aurkitzen ez baduzu,idatzi edo deitu Xenpelar Dokumentazio Zentrora ardura barik eta behar duzun hori eskuratzen ahaleginduko gara.

 

Bat-bateko bertsoaldiak

Bapatean Bilduma (1988-...)
Bertsozale Elkartea sortu zenean BAPATEAN izeneko bertso-bilduma argitaratzen hasi zen. 1988tik hasita, urteroko bat-bateko bertsolaritzaren ikuspegi orokorra eman nahi du: Euskal Herrian zehar egindako grabaketetatik abiatuta eta antolatu diren bertso-saio kopuruak aintzat hartuta, Bapatean bildumako hautaketak lurralde, saio-mota eta bertsolarien arteko orekak mantentzen ditu.

Bertsolari Txapelketetako hautaketak
1936ko Bertsolari Guduan egindako liburutik hasi eta egungo txapelketetan egiten diren hautaketak baliatuta, historian zehar izan diren txapelketa ezberdinetako bat-bateko bertsoaldiak eskaini nahi dira bilduma honetan.

Urtero, Bapatean bildumako eta egin diren txapelketetako bertso-antologiak gehitzen joango gara eta bertsoaldiak entzun ahal izateko mp3 fitxategiak eransten joango gara.

Bat-bateko bertsoak transkribatzeko irizpideak

Bertsozale Elkarteak 1991n eman zituen argitara "Bapateko bertsoen transkribapenerako erizpideak" eta 2003an ikerkuntza taldeak berritu eta argitaratu zituen "Bat-bateko bertsoak idatziz emateko irizpideak". Hemen aurkituko dituzu lagungarri.

Bat-batekoak ez diren bertso-sortak

Hemerotekatik jasotako bertso-sortak (1998-...)
Euskal Herri osoko diren egunkari, aldizkari eta herri aldizkarietan argitaratu diren bertsoak jaso ditu Xenpelar Dokumentazio Zentroak. Bertsoen fitxa ez ezik, aldizkariari ateratako irudia ere erantsi nahi diogu piskanaka-piskanaka.

Bertso-paperak
Xenpelar Dokumentazio Zentroan hainbat bertsozalek egindako dohaintzei esker ditugun bertso-paperak katalogatu eta digitalizatu ditugu. Bertso-paperon transkripzioa gehitzen joango gara.

Lehiaketa eta liburuetatik jasotako bertso-sortak
Hainbat iturrietatik jasotako bertsoak dira, batzuk antolatzaileak berak emandako bildumak, hemerotekatik jasotakoak, eta baita liburuetatik jasotako bildumak ere. Urtez urte handitzen joango den bilduma izango da, bertso-sorta zaharrenak biltzen dituzten bildumetatik abiatuta. Esate baterako, Patri Urkizuk egindako liburutik, Anton Abadiak antolatutako Lore Jokoetako bertso-sorten bilduma.


Garai eta egile ezberdinak kontutan harturik, etorkizunean liburu eta bestelako iturrietatik jasotako bertsoak katalogatu nahi ditugu hemen. Interneten dauden bestelako bertso-bildumekin ere elkarlanerako aukerak garatu eta eskaintzea da gure asmoa.

 

Ikusi beste bertso-bilduma eder batzuk sarean:

 

 

 

 

  • Koldo Mitxelena Liburutegiak digitalizatutako bertso-paperak:

800 bertso-paper inguru digitalizatuta ditu Koldo Mitxelena Liburutegiak. Bilaketa zailagoa dute, baina bilduma oso baliotsua da:
             1. "Liburutegiko katalogoan" bilatzeko eremuaren aldamenean "Beste bilaketak" aukeratu:


2. "Nota" izeneko eremuan aukeratu eta bilaketa hau egin: "bertso-paperak" (kakotxik gabe)
      Bilaketa mugatu dezakezu "Izenburua" eremuan edo "Egilea" eremuan, adibidez, zerbait gehiago zehaztuta.

Koldo Mitxelena Liburutegiko katalogoan bilaketa aurreratua: