Zer da bertsoa  |  Bertsolaritzaren historia  |  Txapelketen historia  |  Bertsolaritzaren transmisioa  |  Bertso doinutegia  |  Bertsozale Elkartea  XDZ 
 

Xenpelar Dokumentazio Zentroa (XDZ), bertsolaritza ikertu eta gizarteratzeko

1991ean sortu zuen Bertsozale Elkarteak Xenpelar Dokumentazio Zentroa (XDZ), bertsolaritzaren ondarea bildu, antolatu eta gizarteratuz, maila guztietako ikerkuntza bultzatzeko helburuarekin. Bertsozale Elkartearen sailetako eta herrialdeetako egitasmoei esker eta elkartearen inguruko bertsozaleen bidez osatzen da urtez urte  Xenpelar Dokumentazio Zentroak bildu eta eskaintzen duen ondarea.

Mota guztietako informazioa eta dokumentuak biltzen dira eta bertsolaritzaren berezko sistema dokumentalaren arabera antolatuta eskaintzen du  zerbitzu publikoa, bere bilduma eta informazioa behar duen ikertzaile, bertsozale eta hiritar guztien eskura jarriaz. 2011 urtetik aurrera, BDB datu-basea garatu du, bere edukiak antolatu eta internet bidez eskaini ahal izateko*.
*Oraindik dena ez dago internenten kontsultagarri, beraz, beti galdetu dokumentalistei.

Non gauden

Bertsolaritza eta munduko kantu inprobisatuak

Bertsolaritzari buruzko informazioaz gain, munduan dauden beste kantu inprobisatuei buruzko informazioa ere aurkitu daiteke Xenpelar Dokumentazio Zentroan. 2003tik Bertsozale Elkarteak kulturarteko lan ildoari eman zion hasiera bertsolaritzarekin batera munduan dauden beste kantu inprobisatuak ezagutzera emateko helburuarekin,  "Ahozko Inprobisazioa Munduan" topaketen eta Kulturartea Mapa egitasmoaren bidez.

Bilketa, bertsozaleen aleekin osatutako altxor kolektiboa

Xenpelar Dokumentazio Zentroaren berezitasun nagusiena sorrera horren ondorioz antolatutako bilketa-sistema bera da: Bertsozale Elkarteak Euskal Herri eta herrialde mailan dituen hainbat egitasmoren bidez elikatzen da hein handi batean; eta beste hein handi batean, bertsozale eta bertso-eskolek egindako dohaintzekin: Grabazioak, saio eta sariketei buruzko informazioa, kartelak, argazkiak, bertso-paperak, dokumentuak, liburuak, artikuluak,... elkarte eta norbanakoen aleekin bilduma kolektibo hau osatu da azken 30 urteotan.

Xenpelar Dokumentazio Zentroari buruzko bideoa, 2018

 

Egungo grabazio-sarea eta iraganeko grabazio historikoen lanketa

Bat-bateko bertsolaritzaren dokumentu mota garrantzitsuena ikus-entzunezko grabazioa da. Euskal Herri guztian zehar egiten diren bertso-saioen grabazioen lagin zabal bat biltzeko sarea antolatua dugu Bertsozale Elkartean. Hedapen helburua duten egitasmo ezberdinen sinergiak erabiliaz, borondatezko bertsozaleen bidez, tokiko bertso-eskolaren bidez,... Herrialde eta mota guztietako bertsogintzaren argazkia izango diren grabazioak jaso nahi dira, etorkizunean ikerketa nahiz bestelako azterketetak egin ahal izateko ezinbesteko materiala baita.

Bestalde, grabazio zaharrak ere jasotzen ditugu, bertsozale, bertso-eskola nahiz partikularren eskutik, eta euskarriak hala behar izanez gero, kontserbazio egokiagoa ziurtatzeko asmoz digitalizatu eta landu egiten ditugu.

Bertso-bildumak: bat-batekoak eta idatzizkoak

Datu-base honen bidez bat-bateko bertsoak betikotzeko aukera eskainiko dugu: aurretik egindako argitalpenak eta hautaketak baliatuz, bertsoaldi bilduma osatuz joan nahi dugu. Piskanaka-piskanaka bilduma handitzen joango gara, argitalpenak landu, bertsoak katalogatu, transkribatu eta entzuteko edo ikusteko fitxategiak txertatuaz. Etorkizunean sortzaileak bere bertsoekin egindako hautaketak publikatzeko ere baliatu dezake tresna hau. Idatzizko nahiz bat-bateko bertsoen gunea izango da.

Zerbitzuak

Zentroan dauden funtsak guztiz irekita daude hezkuntza eta ikerketa helburua duten egitasmoetarako. Publikazioa helburu duen egitasmoak dagokion materialak behar dituen baimenak eskuratzea beharko du. Materialari egindako kopiak ere aurrez adostutako erabilerarako izango dira. Xenpelarreko materialaren kontsulta beti doakoa izango da eta materialaren kopia eta hautaketak dagokien zerbitzu-tarifa izango dute.

Zentroan dauden funtsak hezkuntza eta ikerketa helburu duten egitasmoetarako guztiz irekita daude. Publikazioa (internet publikazioa barne) helburu duten egitasmoek, dagokion materialak behar dituen baimenak eskuratu beharko ditu. Materialari egindako kopiak ere aurrez adostutako erabilerarako izango dira. Xenpelarreko materialaren kontsulta beti doakoa izango da eta materialaren kopia eta hautaketak dagokien zerbitzu-tarifa izango dute.

Fonoteka eta Bideoteka

Bertso-saioen eta bestelako grabazioen bilduma kontsultatzeko zerbitzua. Hainbat formatutan egindako grabazioak dira (Betacam, DVC-PRO, Audio bobina, Kasetak,...) eta bere hauskortasunagatik eta kontsultarako irakurlerik ezagatik, kopia digitalen kontsulta egitea bideratuko da, horretarako eskainiko diren ordenagailuen bidez. Kontsultatu behar den grabazioen eskaera aurretiaz egitea komeni da.

Bertsoteka

Bat-bateko eta idatzizko bertsoen bilduma zabala da. Katalogazio maila ezberdinarekin eta hainbat formatutan daude (papera, pdf, jpg, wav, mp4, ...), eta kontsultarako eskainiko diren ordenagailuen bidez entzun edo ikusi ahal izango dira.

Fototeka

9.000 argazki eta argazki-albumen informazioa eskaintzen da. Plazaz plazako saioetako argazkiak, historikoak, bertsolarien erreportajeak,... hainbat formatutan bildutako argazkiak kontsultatu daitezke.

Hemeroteka

46.000 prentsa artikulu daude bilduta bertsolaritzari buruz, egunkari, aldizkari eta herri aldizkarietan, 1998tik agertutakoak. Aurretik bildutako prentsa artikuluak paperezko dosierretan daude kontsultagarri, artxibo zerbitzuan.

Biblioteka

10.000 erregistro bibliografiko dituen katalogoa dugu, liburu, artikulu eta liburuxkei buruzko informazioarekin. Mailegu zerbitzurik ez dagoenez, irakurtzeko mahaietan behar den beste denbora edo/eta liburutegi-sistemaren bidez behar den izenburuaren ale bat eskuratzeko informazioa eskainiko da. Argitaratutako musika eta bideoak ere katalogo honetan kontsulta daitezke. Ikus-entzunezko formatu ezberdinen kontsulta eskaintzeko aukerak murriztuak dira egun Xenpelarren, baina kasuan kasuko eskariari erantzuna ematen ahaleginduko gara.

Artxiboa

Bertsozale Elkarteak berak sortutako barne-dokumentazioaz gain, hainbat bertso-eskolek eta pertsonek eskainitako dokumentazioa gordetzen da Xenpelar Dokumentazio Zentroan. Ikerketaren beharren arabera kontsultagarriak dira artxibo-bildumok, beti ere horretarako dokumentazioa ondo zainduaz eta horretarako eskainitako mahaietan erabiliaz. Kopiak egiteko aukerak, bai digitalean bai paperean, eskaintzen ditugu.

Aldez aurretik behar duzun informazio-eskaera egitea

Zuzeneko kontsulta egiteko ekipamendua eta ikergunea Subijana etxeko hirugarren solairuan, ganbaran, kokatzen da. Zerbitzua dokumentalisten lanerako ekipamenduen bidez ere eskaintzen denez, komenigarria da aldez aurretik telefonoz edo e-posta bidez bila ari zaren informazioari buruz galdetzea.

Etorri aurretik gurekin harremanetan jartzeak bilatzen ari zaren gaiari buruz  bilaketa egiteko Xenpelar dokumentazio zentroan bertaratu aurretik galdetzeak behar duzun hori hobeto prestatu eta kontsultatu ahal izateko digitalizatzea ahalbidetuko digu. Grabazioen kopiak, artxiboen kontsulta, argazkien bildumak eta abarrak ondo aztertu eta eskaini ahal izango dizkizugu.

Jarri gurekin harremanetan!


e-postaz (formulario honen bidez)

Telefonoz: (+34) 943 694 277

Ordutegia:  astelehenetik ostiralera ; 9:00 - 13:30*

* Beti ere dokumentalistari galdetu, beharrizanen araberako moldaketak egiteko aukerak aztertu ahal izateko.

 

Xenpelar Dokumentazio Zentroko Ataletako arduradunak

  • Koordinazioa, Grabazioak eta Bertsoak: Oihana Aranburu
     
  • Datu-baseak eta Argazkiak: Olatz Amundarain
     
  • Liburutegia, Prentsa zerbitzua, Kartelak eta Artxiboa: Itsaso Noya
     
  • Bertso saio eta ekitaldiak: Esti Alberdi