Zer da bertsoa  |  Bertsolaritzaren historia  |  Txapelketen historia  |  Bertsolaritzaren transmisioa  |  Bertso doinutegia  |  Bertsozale Elkartea  XDZ 
 

Bertsolaritzaren Transmisioa

Ahozko kultur transmisioa galtzear dagoen honetan eta euskara bezalako hizkuntza gutxitu baten eremuan bertsolaritzaren geroratze naturala ez dago inondik inora ere ziurtatua. Kultur adierazpen baten iraupena belaunaldi berriek bere egiteak ziurtatzen du eta horrek ekartzen ditu zaleak, sortzaileak, eragileak, adituak… Oinarri-oinarrizko lana hori delako du Bertsozale Elkarteak bere ardatz estrategiko nagusietako bat Transmisioa. Hala ere, ezin aipatu gabe utzi Bertsolaritzaren transmisioak hizkuntzaren normalkuntzari eta kultura herrikoiaren eraberritzeari egiten dien ekarpena.

  1. Helburu nagusiak
  2. Lan-ildo nagusiak

Helburu nagusiak

[gora]

  • Bertso-eskolen mugimendua indartuz, bertsolaritzaren transmisoa bermatzea, koordinazioa, elkartrukea, etengabeko gogoeta eta bitartekoen sorkuntzan lan eginez.
  • Hezkuntza Arautuan bertsolaritzaren oinarrizko transmisioa bermatzea eta eskolari hainbat alor lantzeko bitarteko metodologiko bat eskaintzea.
  • Haur eta gazteen aisialdian bertsozaletasuna bultzatzea, bertsolaritza aisialdiko topagune bezala proposatuz.

 

Lan-ildo nagusiak

[gora]

Bertso-eskolak

[gora]

Historia laburra

XX. Mende bukaera arte bertsolaritzaren transmisioa, eta ahozko kulturarena oro har, modu naturalean belaunaldiz belaunaldi josten zen. Bertsolari jaio behar zela uste zen. Dohai bereziak behar zirela. Baina 80. hamarkadan Xabier Amurizaren "Zu ere bertsolari" liburua eta Juanito Dorronsororen "Bertsotan I" eta "Bertsotan II" " argitaratu ziren, bertsolaritza irakasteko lehen metodo didaktikoak. Ekarpen hauek bertso-eskolen loraldia ekarri zuten. Mugimendu autonomo bezala sortu eta garatu zen Euskal herri osoan. Garai hartakoak dira hainbat bertso-eskola: Muxika, Almen, Santutxu, Hernani, Algorta, Zumaia, Gasteiz... Bertsolaritza baserri ingurutik gune urbanoagoetara zabaldu zen eta gaur egun era askotako bertsolariak eta zaleak biltzen dira plazetan. Gaur egungo bertsogintzan aurpegi esanguratsuenak, bertso-eskoletatik datoz.

Datu orokorrak:

Datu orokorrak 2010
Herrialdea Bertso-eskolak Ikasleak Ikasleak sexuko Ikasleak adin-taldeko Ikasleak mailako
Emakumea Gizona 8-11 urte 12-14 urte 15-17 urte Helduak Hastapena Erdi-maila Bat-batekoa Plazakoa
  15 209 93 116 77 53 26 35 116 39 54 -
Araba 5 51 17 34 - 10 20 21 10 27 14 -
Bizkaia 6 80 23 57 10 8 21 41 12 30 26 -
Gipuzkoa 18 208 94 114 64 80 21 43 68 89 51 -
Lapurdi 4 47 28 19 14 20 13 - 11 - 16 6
Nafarroa Beherea 1 9 1 8 3 6 - - 3 - 6 -
Nafarroa 11 125 63 62 42 67 - 13 56 20 49 -
Zuberoa 2 11 - 11 - - - 5 6 - 5  

Bertso-eskolen topaketak eta gogoeta-eserraldiak

1998an Bertsozale Elkarteak bertso-eskolen datu eta metodoen bilketari ekin zion elkartrukea eta egoeraren ezagutza helburu bezala jarrita. Helburu horri jarraiki antolatu ziren Bertso-eskolen I. Topaketak Durangon. 1999an II. Topaketak antolatu ziren Arrasaten eta antolaketa egitura eta kanpora begirako ekintzak aztertu ziren.

2000 urtea mugarri izan zen gogoetari dagokionez. Transmisio batzordeak bertso-eskolen 20 urteetako ibilbidearen inguruko azterketa egin zuen, hainbat elkarrizketa eta herrialde guztietako informazio bilketa oinarri bezala harturik. 2001eko urriaren 27an Orio herrian batu ziren gaiari loturiko 35 lankide, eta luze baino lehen bertso-eskolei buruzko plan orokor baten beharra ikusi zen: bertso-eskolen izaera, curriculuma, antolaketa, irakasleen prestaketa, materialak…

2002an "bertso-eskoletarako lan-gida" gida didaktikoa aurkeztu zen Seguran, landu beharko liratekeen helburu, eduki eta jarduera desberdinen bilduma. Hortik aurrera aplikazioari, programazioari, bitarteko eta material sorkuntzari arreta berezia eskaini dio Transmisio batzordeak.

I.TOPAKETAK Durangon DATU eta MATERIAL BILKETA 1998
II. TOPAKETAK Arrasaten ANTOLAKETA ARIKETAK 1999
GOGOETA-ESERRALDIA Orion HELBURUAK FUNTZIOAK 2001
III. TOPAKETAK Seguran GIDA DIDAKTIKOA 2002
IV. TOPAKETAK Urnietan PROGRAMAZIOA METODOLOGIA 2003
V. TOPAKETAK Durangon MATERIAL BERRIA BITARTEKOAK 2004
 

Egitasmoak:

  • Bertso-eskolen arteko harreman sarea: Bertso-eskolen arteko elkar-ezagutza, trukaketa, iniziatibak..
  • Irakasleen formakuntza eta gogoeta: Hezkuntza ez arautuko hezitzaile eta arloko irakasle bezala prestatzea eta bertso-eskolen ibilbideari eta etorkizunari buruzko etengabeko gogoeta bideratzea.
  • Bertso-eskolen datu-bilketa: Datu basearen urtez-urteko eguneratzea.
  • Lanerako tresnak: Irakasleentzako bitartekoak eskuragarri jarri eta berriak sortzea.
 
 
 

Hezkuntza Arautua

[gora]

Lehen Hezkuntzako Curriculum-a

Elkarteko irakasleen prestakuntza planaren baitan, 2002an EHBEk eta Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateak Hizkuntzen Kudeaketarako formazio programa bat hitzartu zuten. Azken xedea bertsolaritzaren curriculuma egitea zen. Bertsozale Elkartearen bi urtetako lan horrek bere fruitua eman du: Lehen Hezkuntzarako bertsolaritzaren curriculuma. Curriculum-ak lau zutabe edo eremu nagusi ditu:

a. Kultur ondarea
b. Trebetasun pertsonal eta sozialak
c. Hizkuntza
d. Musika

Ni ere bertsolari

Euskal Herri osoko ikastetxeei Bertsozale Elkarteak luzatzen dien proposamen didaktikoa. Lehen hezkuntzako ikasleei zuzendua dago, eta oinarri bezala Curriculumaren 4 zutabeak hartuta, metodologia ludiko eta planteamendu konstruktibista batetik abiatzen da. Sekuentzia didaktikoetan antolatzen da eta hainbat ekintza osagarrik borobiltzen dute (bilbertsoak, kantaldiak, saioak...).

HERRIALDEAK ESKUALDEAK IKASTETXEAK GELAK IKASLE KOPURUA
ARABA 5 19 38 600
GIPUZKOA 3 13 39 790
BIZKAIA 7 71 100 2.500
LAPURDI 8 9 26 350
BAXENAFARROA 2 3 9 120
ZUBEROA 1 1 3 18
NAFARROA GARAIA 6 15 39 640
GUZTIRA 32 131 254 5.018

Ahozkotasuna Bigarren Hezkuntzan

Joserra Gartzia EHUko irakasleak idatzitako "Gaur egungo bertsolarien baliabide poetiko-erretorikoak" izeneko tesian oinarrituta, Joserra Garzia ikerlaria, Andoni Egaña bertsolaria eta Lontxo Oihartzabal pedagogoak osatutako taldea, 1997an hasi zen bertsogintzak ahozko hizkuntzaren irakaskuntzari egin diezazkiokeen ekarpenak ikertu eta irakaskuntzarako metodologia bat lantzen. Bigarren Hezkuntzarako proposamen didaktiko bat prestatu dute dagoeneko. Bat-bateko bertsoak edo beste edozein testuk lortzen duen funtzio komunikatiboa du oinarria. Ikasleak egoera jakin edo intentzionalitate bat adieraztera bultzatuko ditu, behar horren arabera baliabide poetiko, retoriko, linguistiko eta gainerakoak landuz. 2 urtez jarraian esperimentatu da 4 ikastetxeetan. Orain, dagozkion zuzenketak egin eta errematatzea faltza zaio. 2005ean argitara ematea espero da.

 

Informazio gehiago nahi izanez gero:
Euskal Herriko Bertsozale Elkartea
Transmisio saila
Tel: (+34) 943 694 129
e-posta: transmisioa[abildua]bertsozale.eus

 

Aisialdia

[gora]

Aisialdian euskararekin jolas egiteko tresna eraginkorra da bertsolaritza. Horretaz ohartuta Iparraldean lehendabiziko Bertsu Udalekuak antolatzen hasi ziren 90. hamarkadan. Gaur egun hainbat ekintza eta topaketa burutzen dira ikasturtean zehar eta oporraldietan. Izan ere, ekintza osagarriok motibazio pizgarri, eguneroko lanaren sostengu, eta haur eta gazte bertsozaleen topagune dira.

Topaketak Herrialdekako bertso-eskolen topaketak egin ohi dira, baina herrialde desberdinen artean ere. Topaketa hauen helburua bertso-eskola desberdinetako haur eta gaztetxoek elkar ezagutu eta ondo pasatzea da. Asteburuko egonaldiak izan ohi dira eta urtero egiten dira Gipuzkoan, Bizkaian, Araban, Nafarroan eta Iparraldean.

Udako bertso-egonaldiak Aisialdiko bertso-eskaintzak haurrentzat duen balioaren erakusgarri dira udako bertso-egonaldiak. 8 urtetik 18ra bitarteko 200 haur eta gazte inguru biltzen baita urtero. Igerilekua, bertso-saioak, hondartzara txangoak, pista-jokoak, esketxak, antzerkiak, mozorro festak... denetarik dute egonaldi hauetan, eta horiez gain, nola ez, bertsoekin gozatzeko aukera polita eskaintzen dute.