Aldizkako Ekitaldiak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

Bertsolari Txapelketa Nagusia (16. 2013)

Oinarrizko informazioa

Ekitaldi mota
Txapelketa
Hasiera data
2013-09-29
Bukaera data
2013-12-15
Hedadura lekua
Euskal Herria
Hedadura-mota
Euskal Herri mailakoa
Webgunea
http://www.bertsozale.com/eu/bertsolari-txapelketa-nagusia-2013

Deskribapena

Oinarriak
>>BERTSOA DA OINARRIA
Ederra, hauskorra, berritzailea, mingotsa, gogoangarria, sakona, zirikatzailea... Bertsoa da bertsolaritzaren oinarria, eta hala izango da Bertsolari Txapelketa Nagusiko edizio berri honetan ere.

Egunez egun bertsoa herriz herri, plazaz plaza, eskolaz eskola ibiltzen da Euskal Herriko bazter guztietan. Mugimendu zabala da bertsolaritzarena, jende asko dago lan horretan inplikatuta. Txapelketa Nagsuia etengabeko jarduera horren erakuslea da. Segituena bai, mediatikoena bai, baina azken finean kate luze baten katebegia da.

Bertsolaritza bezala, urteotan Txapelketa Nagusia asko aldatu da, eta ez soilik entzuleen orrazkeran edo bertsolarien kantakeran. Aldaketak aldaketa, jantzien gorabehera, bertsoa izan da beti oinarria.

Horren bueltan elkartu gara. Bertsolarien lana adi-adi segituko dugu; zortziko handia, erantzun egokia eta gisakoak izango ditugu mintzagai. Bertsoak egiten baitu nagusi Txapelketa.

>> FASEAK ETA SAILKATZE MODUA:
Hiru sailkapen fasetan banatuko da txapelketa: kanporaketak, finalaurrekoak eta finala.

>Kanporaketak
36 bertsolari izango dira lehian, guztiak herrialdeko txapelketetan sailkatuak. Sei bertsolariz osatutako sei talde egingo dira, eta saio bakarrera lehiatuko dira. Talde bakoitzeko irabazlea zuzenean pasatuko da hurrengo fasera; eta puntu gehien batzen dituzten hamabiekin osatuko da finalaurrekoetan aritu den taldea.

>Finalaurrekoak
24 bertsolari lehiatuko dira fase honetan: 2009ko sei finalista eta kanporaketako saioetatik sailkatu diren 18 bertsolariak.

Bi itzuli izango ditu finalaurreko faseak: lau saio izango dira lehenengoan eta hiru bigarrenean. Bi saioetako puntuazioak gehitu egingo dira, baina lehen itzulian puntu gutxien lortu duten sei bertsolariek bigarren itzulian ez dute kantatuko.

Saio bakoitzeko irabazlea zuzenean pasatuko da bigarren itzulira; puntu gehien batzen dituzten beste 14 bertsolarirekin osatuko da finalaurrekoen bigarren itzulira pasatzen den taldea.Taldeak aldatu egingo dira lehen itzulitik bigarrenera.

>Finala
Zortzi bertsolari lehiatuko dira: 2009ko txapelduna eta finalaurrekoetatik puntuazioz sailkatu diren zazpiak. Hiru saiotan banatuko da ekitaldia: goizean zortzi bertsolariak jardungo dira, eta zortzi bertsolariekin emango zaio hasiera arratsaldeko jardunari ere. Azkenean, puntu gehien batu dituzten bi bertsolarien arteko lehia egingo da: buruz burukoa. Egun osoko jardunean puntu gehien dituen bertsolaria izango da txapeldun.
Oharrak bidali

Guri buruz
Non gauden
Zerbitzuak
Informazio eskaera
Bilaketak nola egin