Aldizkako Ekitaldiak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

Bertsolari Txapelketa Nagusia (6. 1967)

Oinarrizko informazioa

Ekitaldi mota
Txapelketa
Hasiera data
1967-06-11
Bukaera data
1967-06-11
Hedadura-mota
Euskal Herri mailakoa

Deskribapena

Historia
Hogei urte luzeko gerraondo baten ondoren, Euskaltzaindiak lortu zuen Bertsolari Txapelketa bat ("Campeonato Mundial de Bersolaris" zioen afitxak) antolatzeko baimena 1960an. Aurreko kanporaketetan 56 bertsolarik hartu zuten parte, eta hamar finalistetan Basarri gelditu zen nagusi, bigarrenez. Baina garrantzia berezia zeukan txapela honek, oso bestelako giroan irabazia zuenez. Bertsolaria saritu zen honetan.

Manuel Olaizola "Uztapideren" nagusigoa ekarri zuten 1962, 1965 eta 1967ko txapelketek. "Uztapide" kantatua zen 1936ko finalean, eta 1940-50 urte latzetan Basarrirekin batera zen ibilia herriz herri, bertsolaritza publikoaren ale bakan gisa. Basarrik errespetua eragiten zuen bezala zen maitatua Uztapide, molde zaharreko bertsolari seguru eta egokia. Berak polito kontatua du 1967ko finalean gertatu zen istilua:

"Erabakia hartuta etorri dira juradukoak: lauren artetik Xalbador aukeratu dute aurrera pasatzeko; arratsaldeko bigarren saioa Xalbador da Uztapide. Jendeak erabaki honeri txistuak jo zizkion, eta, nere iritzirako, oso gaizki dago Xalbadorri txistu jotzea. Nik ez dakit neri joak baziran ere, baina guk Xalbadorri jo zizkiotela pentsatu genduan.

"Gure egoera ederra zan orduan! Gu biok ginan han, jendearen aurrean txutik jarrita, txistuak noiz ixilduko ziran zai. Nola nahi dezute, ba, pakea izatea ? Gero esan zutenez, bost minutu ta erdi iraun zuan txistu-aldi harek. Gu bezelaxe urtero hor txapelketa hortan kantatzen izaten ziranak berak ikusi ginuzen okerrenak, eta inola ere gauza onik ez.

XALBADOR eta UZTAPIDE

"Nik kantatu nuan nere agurra, eta Xalbador hasten da kantatzen eta ez zioten uzten. Gizon bat bazegoan han aurrean exerita; gure aurrean alegia. Hura hankan gainean jarri ta atzera begira bueltatu zanean, hartxek egin zuan pakea. Lehen ere behin edo behin egina izango da hura horrenbeste, eta orduan ere bazan haren beharra. Gozoa jarri zan hura! Lehoia bezela jiratu zan, eta atzaparrakin ere helduko zien txistu jotzen ari ziran haiei, ondoan eduki balitu. Merezi du jartzea horren izena, ez dakit berari gustatuko zaion baina. Joakin Zubiria da hori, hango pakeak egiten hasi zana. Orduan ixilaldi bat egin zan, eta hartaz baliatu zan Xalbador kantatzen asteko:

Anai-arrebak, ez, otoi, pentsa
neure gustura nagonik,
poz gehiago izango nuen
albotik beha egonik;
zuek ezpazerate kontentu
errua ez daukat, ez, nik...

"Jendea txaloka hasi zan orduan. Bazan garaia! Ezin segitu izan zuan Xalbadorrek. Bi pusketan kantatu zuan. Jendea ixildu zanean, honela bukatu zuan:

...zuek ezpazerate kontentu
errua ez daukat, ez, nik,
txistuak jo dituzute bainan
maite zaituztet orainik!

"Lehen txistuak bezela, txaloak ziran orduan. Nolakoak gainera! Jendea zertara hasten dan izaten da. Txistu-soinu haundiak Anoetako pelota-lekuan, eta jendea Xalbadorren bertso horrek jarri zuan txaloka. Bertso ederra zan, izan ere, hura. Gero ere egun hartako bertsorik onentzat juzgatu zuten bertso hura.

"Xalbadorrek negar egiten zuan, eta ez da gutxiagotarako, izan ere. Txistuka ari zan jendea bertso batekin txaloka jartzen duan gizonak badauzka merituak. Ez dago hari zertan txistu jorik.

"Geroztik ez da txapelketarik egin, eta alde batera ez egitea ere hobe, ala ibiltzekotan; batean txistua, bestean ujua, beti bazan zerbait eta."

AMURIZA

Berrikuntza handi bat ekarri zuten 1980 eta 1982ko txapelketek. Hobe esan, Xabier Amurizak ekarri zuen berrikuntza txapela jantzi zuen urte haietan. Ordurako ezagunak ziren Zamorako kartzelatik bidalitako bertso ederrak, baina gutxik uste zuten bat-batekotasunean halako maisutza erakutsiko zuenik: bertsolaritzaren historiaren oinordeko jakile, poesia modernoari zabalik, iruditeria berritu zuen, metafora sartu zuen, doinu berriak ekarri zituen... Eta bizkaitar kontziente moduan, euskara batuan kantatu zuen, hautu horrek hegoaldeko bati neurrian suposatzen dizkion zailtasun guztiak gaindituz. Bere lanak egungo bertsolaritza modernoaren oinarriak ezarri zituela esatea ez da berokeria.

Faseak

Saioak
1967-06-11 Donostia Txapelketa
Sailkapena
1. Uztapide
2. Xalbador
3. Lopategi-Jon
4. Lazkao-Txiki
5. Gorrotxategi-Jose-Luis
6- Arozamena-Migel
7. Garmendia-Txomin
8. Mattin
9. Mugartegi-Juan
10. Madariaga-Bautista
Txapelduna
Olaizola, Manuel "Uztapide"
Oharrak bidali

Guri buruz
Non gauden
Zerbitzuak
Informazio eskaera
Bilaketak nola egin