Biografiak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

Prudentzio Abarrategi "Besamotza"

Datu pertsonalak

Izena
Abarrategi, Prudentzio "Besamotza"

Bertsolaritzan

Jarduera mota nagusia
Bertso-jartzailea
Jarduerak
Bertso-paper saltzailea
Bertsolaria

Datu biografikoak

Biografia
Lexo eta Uztapide bertsolarien liburuetatik jaso dugu haren zenbait berri:
"Inprentatu ondoren, Besamotzari ematen zizkion saltzeko. Besamotza bertso saltzaile bat zen. Seguraski, Euskalerrian inoiz izan den bertso saltzailerik ezagunena. Bizkaiko Urdulizen jaioa zen. Harrobi batetan egiten zuen lan. Baina, egun batez, desgaraian lehertu zen tiro batek bi eskuak kendu zizkion. Geroztik, bizimodua nolabait ere ateratzearren, bertso paper saltzeari ekin zion, herriz herri Euskalerri guztian ibiliz. Gerraz geroztik hil zen, eta oraindik ere euskaldun asko dago hartaz oroitzen dena."
(Lexo Bertsolaria. Auspoa 79-80-81)

"Bizkaiko Prudentzio Abarrategi, kanta paper saltzen ibiltzen zen. Hau besamotza zen, eta boza ederra zuen. Jeneralean, paper saltzen zebiltzanak, gehienak eztarri onekoak izaten ziren; bestela ez baitu balio...
Besoak, biak motzak zituen bizkaitar honek, esku muturretatik moztuak.
Jaten ez nuen behin ere ikusi. Ez dakit nola maneiatzen zen. Baina dirua ederki kontatzen zuen. Brusaren patrikan ibiltzen zituen sosak. Esku mutur batekin aterako zituen handik -zabala zuen, bada, esku muturra, eta gainean aterako zituen, eta beste esku muturrarekin botako zituen zure eskura pezetaren ganbioak. Halaxe maneiatzen zen hura.
Brusa urdina erabiltzen zuen hark, eta luzea gainera. Honek ez zuen kanta berderik saltzen... Plazaren erdi erdian jarriko zen. Boza ederrarekin kantatu ere egingo zituen, eta asko saltzen zituen.
Gizon bikaina zen hura ere. Metro bat eta larogei zentimetro urrean izango zen luzean, eta pisuan ere ehun kilotarako ez zuen asko faltako"...
(Uztapide, Lengo egunak gogoan. 53. or.)

Bizkaitarra zen, baina hara-hona asko mugitzen zena. Zestuan 1936 aurretik eta Errenterian 1952az geroz ikusi zuen Uztapidek. Gerra garaian Euskal iparraldean egon ote zen aipatzen digu Uztapide berak.

Bertso-paperak saltzen ezagutu zuen Uztapidek, Zestuan, gerra aurretik (1936). Berak jarriak ote ziren? Ez digu argitasunik ematen. Bertsolari Guduan parte hartu zuen, beraz, bat-batean ere jarduten zen.