Biografiak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

Arkaitz Goikoetxea

Datu pertsonalak

Izena
Goikoetxea, Arkaitz
Izen abizen osoak
Goikoetxea Arriola, Arkaitz
Jaiotza
1973 Oiartzun + Oiartzun < Oarsoaldea < Gipuzkoa < Euskal Herria

Bertsolaritzan

Jarduera mota nagusia
Bertsolaria
Jarduerak
Bertso irakaslea
Gai-jartzailea

Datu biografikoak

Biografia
Oiartzunen jaioa da, eta Lekunberrin bizi da da egun. 14 urte arte Oiartzunen ikasia, tarte horretan musika ikasketak egina da (2-3 urtez) eta txistu ikasketak ere bai (2 urtez). Bertsotan Oiartzungo Haurtzaro ikastolan hasi zen, 13 urtetan, Kontxi Begiristainekin. Bi urteren buruan utzi zuen. 22 urtetan hasi zen berriz, Karlos Aizpuruarekin. Bere biografian deus nabarmentzekotan, esango luke funtsezkoa dela amaren jatorria. Ondarrutarra da, eta hango euskalkia ezagutzeak, berenetik desberdina den hizkera bat, azken batean, euskararekiko ikuspegi berezia sortu du berarengan. Maitasuna, ttiki-ttikitatik. Euskal Filologian lizentziatua da, Euskaldunon Egunkarian eta Berria egunkarietan hizkuntza zuzentzaile izana, eta egun itzultzaile lanetan aritzen da. Bertsolaritzarekin lotura estua izan du hainbat urtez. Bertsozale Elkarteko bazkidea da, eta Ikerkuntza lantaldeko kide izan da urte askoan. Lantalde horretan, besteak beste 'Bat-bateko bertsoak idatziz emateko irizpideak', 'Bertso estrofak izendatzeko irizpideak' eta 'Bat-bateko bertsoak epaitzeko irizpideak' izeneko lan kolektiboetan parte hartu du. Bertso Eskolako irakasle gisa, Oiartzungo Haurtzaro Ikastolan hasi zen, eta geroztik Oiartzungo Bertso Eskolan, Errenteriako Xenpelar Bertso Eskolan, Hondarribiko Bertso eskolan, Lekunberrikoan eta Larraungoan aritu izan da. Ahalduntze Bertso Eskolan gidari lanetan ibili zen egitasmoaren lehen lau ikasturtetan (2015etik 2019ra), Ainhoa Aranbururekin batean, eta Gizonen Bertso Eskola Feministan ere bai, hiru ikasturtez (2019tik 2022ra), Iker Iriarterekin batean. Antolatzaile gisa, Oiartzungo Bertso Asteko talde antolatzaileko kide izan da zenbait urtez. Bertsolari gisa, gazte sariketa batzuetan parte hartu zuen (Lizardi, Xenpelar, Orixe eta Osinalde), eta Gipuzkoako (2003), Nafarroako (2010) eta Euskal Herriko Txapelketetan (2001 eta 2005) ere bai, baita Gipuzkoako Herriartekoan ere (1999). Oiartzunekin. Nafarroako Bardoak taldekako bertso ekimenean ere parte hartu izan du (2012, 2014, 2016 eta 2018an). Epaile lanetan aritu da Nafarroako Txapelketan (2015, 2017, 2019).

Bertsolaritzan lehen pausuak

Lehen plaza
Elgoibarren, 13 urterekin, Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan. Euzkitze gai-emaile, eta Lazkano epaileetako bat. Oiartzundik 6 lagun joan ziren bertsotara: Aitor Maritxalar, Asier Etxebeste, Mirari Eskudero, Juan Mari Lopez, Jagoba Larburu eta seiak.
Berriz bertsotan hasi zelarik: Zarautz, 1996 (Lizardi saria)