Bertsoak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

1991-10-04 Iurreta Jaialdia [Bertsoa] / Andoni Egaña, Igor Elortza, Unai Iturriaga, Jon Maia, Anjel Mari Peñagarikano, Jon Sarasua

Bertsoa entzun  

Informazio orokorra

Kategoria
Bat-batekoa
Saioa
1991-10-04 Iurreta Jaialdia
Gai-jartzailea
Aldekoa-Otalora, Anttonmari
Bertsolariak / Egileak
Egaña, Andoni
Elortza, Igor
Iturriaga, Unai
Maia, Jon
Peñagarikano, Anjel Mari
Sarasua, Jon
Lana
Seinaka gai-librean
Jarritako gaia
Gai librean
Gaiari oharrak
LIBREAN

Deskribapena

Doinua
Arratsalde on lehendabizitik
Neurria / Estrofaren izena
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)

Kokapena

Kokapena
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Bilduma / Funtsa / Proiektua
Bapatean Bilduma

1991-10-04 Iurreta Jaialdia [Bertsoa] / Andoni Egaña, Igor Elortza, Unai Iturriaga, Jon Maia, Anjel Mari Peñagarikano, Jon Sarasua

Neurria:  Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip) 
Kokapena:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


Peñagarikano
Ta orain gaia aldatzea da
nere ustez ederrena,
bizitza dogu kurpil haundi bat
inoiz gelditzen ez dena,
ni eri* nago baina ez nago
ez kojo ta ez herrena,
gaur hamar urte gaztena nintzen
eta gaur berriz zaharrena. (BIS)
Jon Sarasua
Lau behintzat oso gazteak gara
garbi esan dezakegu,
erdi karroza pare bat ere
gure artean badegu,
martxa horretan segi ezkero
bertsolaritzaren kargu,
Egaña eta Peña ere laister
jubilatuko ditugu. (BIS)
Egaña
Hara zer gauza entzuten diran
bidea eman orduko,
guri karroza deitu digute
denok zerate lekuko,
hogeitamar bat urte ditugu
nahiz hori ezin den uko,
zuek gehiago ikasi arte
ez gera jubilatuko. (BIS)
I. Elortza
Haurtzaindegia dala ta ez dala
lehenago Andonik algara,
ta Anjel Marik ohartu gabe
zaharrenaren ikara,
baina lasaitu, arnasa hartu,
eta gorderik patxara,
gero joango gara kantatzen
jubilatu egoitzara. (BIS)
Jon Maia
Oraindik ere tratatu nahirik
umetxo bati bezela,
ai zer gustora hartuko nuken
biberoiaren epela,
nola kantatu ere ez dakigu
horren gazteak garela,
eskerrak hemen aita Andoni
ta osaba Peña daudela... (BIS)
U. Iturriaga
Bertsolaritza adin kontuan
jeisten dijoa gaur egun,
hortaz hizketan Peña ta Egaña,
Sarasua dira jardun,
Maia ta lgor alkar hartuta
eskuz-esku, lagun-lagun,
hogei urtetik gorako hoiek
ia berotzen ditugun. (BIS)
Peñagarikano
Nik hemezortzi urte nituen
Elortza jaio zanean,
eta gaur berriz kantatzen dogu
alkarren aldamenean,
karroza deituz hor Sarasua
jenio bizienean,
hau txapeldun da Egaña ta ni
jubilatzen geranean. (BIS)
J. Sarasua
Nere alboan dagon jendea
pixka bat mintzen ari da,
igual oraindik izango dute
hiru urteko segida.
"Aizak hi lagun retira hadi"
horrela esan ezin da,
indirekta bat botako diegu
omenaldi bat eginda. (BIS)
Egaña
Hemezortzi urte ezin kunplitu
desgrazia horixe da,
karnetik ere ez dute eta
sartzen zaizkizu kotxera.
"Aita Andoni" zion gaur Maiak
txorixo baten antzera,
deskuidatu ta hire amonak
eramango hau etxera. (BIS)
I. Elortza
Pare bat urte barru bi hauek
beharko dira omendu,
zahartzaroak ekartzen ditu
horrenbeste pentsamendu,
gaur hamar urte gaztena eta
gaurkoan zahar lez gailendu,
nere amonak ere sarritan
horretaxe esaten du. (BIS)
J. Maia
Aita Andoni puro ta guzi
dago izerdietan blai,
ilobatxoak harrotzerikan
inolaz'e ez luke nahi,
osaba Peña eskaiolakin
ere ez daukagu lasai,
lehen buru gorra omen zeukan da
orain besoa ere hai. (BIS)
U. Iturriaga
Gazte hasi ta plazarik plaza
badira hainbeste urte,
agure hoien bide ederra
neuk pe jarraitu nahi nuke,
orain isildu beharko gara
eurek barkatzean truke,
bestela pixkat harrotu egin
garela usteko dute. (BIS)
Peñagarikano
Atxabaldarra jaio omen zan
hirurogeitabostean,
honek titia hartuko luke
gaurko saioan ostean,
sehaskatxo bat ekarriko det
hona datorren astean,
batean Igor sartuko degu,
ta Sarasua bestean. (BIS)
J. Sarasua
Ederki asko nabil ematen
gaztetxoen irudia,
baina bi gauza dirade onak
eguzkia ta euria,
bi gauzetatik jasoa degu
suertea da neuria:
Gaztetxo hauen freskotasuna
ta hoien jakinduria. (BIS)
Egaña
Gazteak nola ez ziren heldu
oso berandura arte,
"Sesenta y ocho" Maiatz haretan
ez zuten izango parte,
eta Burgosko prozesuan'e
zeuden mundutik aparte,
hain base gutxiz kantatutzean
meritu haundia daukate. (BIS)
I. Elortza
Jubilazio hortan pentsatzen
hasi behar gaur zaharrena,
zu lasai egon Anjel Maritxo
ta ez izan horren pena,
Benidorrera bidaiak eta
janariz bete barrena,
hori omen da bizitzan zehar
etaparik hoberena. (BIS)
J. Maia
Bate baserik ez daukagula
marmarra entzun det hemen,
ilustratuek hitzegin dute
ahal zanik eta ondoen,
denok dakigu troglodita hauen
pentsamendu zaharra zein den
Hoiei Iturriaga "Pasa el porro"
ea enteratzen diren! (BIS)
U. Iturriaga
Andoni Egaña gure maisuak
turrada bota du, hara:
"Proceso de Burgos" ta holakoak
hura omen zen ikara,
"Sesenta y ocho" ta kontu hoiek
gaurkoz alde batera laga,
"Noventa y dos"ko Olinpiadekin
familiarizatzen gara. (BIS)

Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra