Bertsoak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

Zelan esango dizut, ba! [Bertsoa] / Ekaitz Larrazabal "Katxo"

Informazio orokorra

Kategoria
Ez bat-batekoa
Bertsolariak / Egileak
Larrazabal, Ekaitz "Katxo"

Deskribapena

Izenburua
Zelan esango dizut, ba!
Dokumentuan jasotako izenburua
Zelan esango dizut, ba!
Dokumentuan jasotako bertsoaren hasiera
Ar sortu nintzen mundura duela milaka egun
Doinua
ETAren su-etenetik
Neurria / Estrofaren izena
Hamalauko berdina, 7 puntuz eta 8 silabaz (hg) / Zazpi puntuko berdina 16 silabaz (ip)
Bertso kopurua
6
Bertso dokumentu mota
Ordenadore dokumentua

Zelan esango dizut, ba! [Bertsoa] / Ekaitz Larrazabal "Katxo"

Neurria:  Hamalauko berdina, 7 puntuz eta 8 silabaz (hg) / Zazpi puntuko berdina 16 silabaz (ip)  Dokumentu-mota:  Ordenadore dokumentua 


1)
Ar sortu nintzen mundura
duela milaka egun
denborarekin sumatu
hamaika ezberdintasun
mutil ta neskak eskolan
beti bereizten zitzaigun
neskek jasaten zutena
guztia zen ezezagun
emakumea ez dakit
zer den egotea haurdun
ez dakit hilerokoaz
zenbat sufri dezakezun
zelan esango dizut, ba!
zelan sentitu behar duzun.
2)
Zelan esango dizut, ba!
Abortua egin ala ez
sekula ere bizitzan
haurdun egongo ez naizenez
nork bere larruan zerbait
nabaritu ezean nekez
jakin dezakegu zer den
hori sentitzea berez
soilik eman ahal dizut
behar duzunean babes
zure erabakia izan
dadin lagundu indarrez
askatzeko iratzarri
eta borrokatu zaitez!
3)
Zelan esango dizut, ba!
Erretzeari uzteko
zelan esango dizut, ba!
Dieta egiten hasteko
zelan esango dizut, ba!
Zure hankak depilatzeko
zure besapean dauden
ileak ebakitzeko
esan ahal dizut umedun
ere bazaudela ederto
hain guapa zarenez zure
burua asko maitatzeko
zure gorputza ezagutzen
duzu nik baino hobeto
4)
Zelan esango dizut; ba!
Mutilak maite itzazu
agian, neskak gustoko
izango dituzu, aizu!
Nork bere bidea dauka
ta zuk zurea daukazu
egiozu bada beraz,
zeure bihotzari kasu
gehiengoaren kontrako
korrontean goaz usu
halere, inportantena da
joatea pausuz pausu
Nahi duzuna egin baina
bederen, izan zaitez zu!
5)
Zelan esango dizut, ba!
Nirekin egizu txortan!
Inork inor bortxatzerik
ez nuke nahi bizitza hontan
inork ez du beste inor
lotu behar bere sokan
ta berdin gerta dadila
Bangladesh eta Algortan
ezberdintasun asko da
orientazio motan
baina zurea ez dezala
inortxok jarri kolokan
zeuk aukeratu behar duzu
inork aukeratzekotan
6)
Baina bai esango dizut
segi jo ta su lanean!
Neuk ere sinesten baitut
zure berdintasunean
halaber esango dizut
naukazula aldamenean
eta izango nauzula
hala behar nauzunean
zure bidean aurrera
egiten duzun heinean
gure bideek bat egin
behar dute azkenean
neu be libre izango bainaiz
aske zaren egunean.


Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra