Bertsoak - Fitxa ikusi Atal honi buruz gehiago jakiteko
Zaintza partekatua [Bertsoa] / Ainhoa Agirreazaldegi
Zaintza partekatua [Bertsoa] / Ainhoa Agirreazaldegi
Neurria:
Hamalauko berdina, 7 puntuz eta 8 silabaz (hg) / Zazpi puntuko berdina 16 silabaz (ip)
Dokumentu-mota:
Hemeroteka (Aldizkari eta Egunkariak)
Argitalpenaren izenburua:
Argia [Aldizkaria] Argitalpen data:
2013-12-01
Kokapena:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Epaileen eskutara
heldu da zenbait eskari
gaiak mami zabala du
zauriak ere ugari.
Legeak erantzun behar
dio kasu bakoitzari:
zein zaintza eman dioten
bi gurasoek haurrari.
Legegile ez garenok
hel dezaiogun gaiari
izebergari osoki
ta ez bakarrik puntari:
dibortzioen aurreko
zaintza partekatuari.
Haurtxo bat sortu orduko
hasten da eginkizuna:
gauetako esnaldiak,
negarren zurruntasuna,
paseoak, jatorduak,
etxeko garbitasuna,
ipuinak, kantak, jolasak,
gaixo dagoen eguna,
eskoletako bilerak,
euri-egunen astuna…
Guraso batek bestea
behar du bidelaguna
has gaitezen behingoz lantzen
erantzunkidetasuna.
Hau ez da sokatira bat
batzuek besteen kontra
hau bizitzaren plaza da
eguneroko errota.
Berdintasuna lantzeko
premia latza dago-ta
zein bidetatik lan egin
hor dago galdera sorta.
Gaia epaitegitara
heldu denez ate joka
atea zabaldu digu
eskutan jarri erronka:
gizarte osasuntsu bat
eraikitzeko borroka.
Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra