Biografiak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

Manuel Lekuona

Datu pertsonalak

Izena
Lekuona, Manuel
Izen abizen osoak
Lekuona Etxabeguren, Manuel
Jaiotza
1894 Oiartzun + Oiartzun < Oarsoaldea < Gipuzkoa < Euskal Herria
Heriotza
1987 Oiartzun + Oiartzun < Oarsoaldea < Gipuzkoa < Euskal Herria

Bertsolaritzan

Jarduera mota nagusia
Eragilea
Jarduerak
Epailea
Ikerlaria

Datu biografikoak

Biografia
Baliarrainen eman zien hasiera apaizbideko ikasketei (1904). Gasteizko apaizgaitegian burutu zituen bere ikasketak 1915ean. 1916an eman zuen meza berria. Gasteizko Apaizgaitegiko euskara irakaslea izan zen 1936 arte. Itzulpen lan ugari egin zituen aldi honetan: Kristau Ikasbide Berria; Gotzaiaren eskutitzak ; Jaietako Mezak ; Deunen Mezak eta Jaietako Irakurgaiak (Vaticano II.aren ondorioz egindako berritzean). Gerra zibilean, lau urtez (1936-1940) ezkutuan egon zen Lasarten, garai honetakoak dira Lasarteko Brijidaren historia eta Fuentes de la madre Rafols? artikulua (Ciencia Tomista aldizkarian argitaratua); desterrua ezagutu zuen gero (Calahorra, 1940-1954) eta Euskal Herriarekiko jakintza areagotzeko baliatu zuen denbora hau. Desterrutik bueltan, Andoaingo erretoretzan egon zen 1956tik 1975era.
1925ean, Kardaberaz Bazkuna sortu zen bere ardurapean. 1950ean egin zuten Euskaltzaindiako kide, eta Euskaltzainburu izatera heldu zen (1967-1970). Oiartzunen igaro zituen bere azken urteak.

Artea (pintura-eskultura-eraikuntzak) , Gorputz espresioa (antzerkia) eta Herri jakintza (ahozkotasuna) ikertu zituen, batik bat. Euskal ahozkotasun tradizioaren, bertsolaritza barne, ikerkuntzan aitzindaria da, lehen euskal oralista. Metodologia (Marcel Jousse-ren teoriak ezagutzen zituen) zehatz eta zientifiko baten pean aztertu zuen gure tradizioa, honen aberastasuna azaldu eta argi uzteko ahaleginean. Mende honetako bertsolaritzaren norabidean bere lanak izandako eragina nabarmena da. Lekuona Zaharrak bertsolaritzaren alde egindako lana nahitaez kontuan hartu beharrekoa da mende honetako bilakera ulertzeko .
Aipaturiko langintzan utzitako idatzi bilduma ikusgarria da. Nabarmendu behar dira halaber, sorkuntza lanak, hitz lauz eta bertsoz (prosa eta olerkia) egina. Bere lan guztiak, Kardaberaz Bazkunak argitaratu zituen Lekuona'tar Manuel Idaz-lan guztiak bilduman.

"1930an Eusko Ikaskuntzak Bergaran antolatu zuen kongresuan, hitzaldi gogoangarria eskaini zuen herri poesiaz. Eta hantxe esan zuen bertsolaritza ez zela tabernako kontua bakarrik, herriaren ahotsa ere bazela. Eta datu asko eman zituen frogatzeko barne legeak zituen kultur tradizioa zela, hainbeste loriatutako kopla zaharren testuinguruarekin estuki lotuta. Ezaugarrien artean aipatu zituen formen perfekzioa, irudien mugimendu azkarra, elipsi eta adierazmolde hunkigarriak, denbora eta logika berezia, erritmoa baliabidetzat hartuta logikaz gaindiko loturen bidez kohesionatuak irudi poetikoak sortzeko gaitasuna. Horrezaz gain, mezu nagusia bertsoaren amaieran ematea, hainbat errimako estrofak… Bertsolaritzaren ikerlariek askotan azpimarratu duten bezala, Lekuonak, hitzaldi hartan, bertsolaritzaren azterketa zientifikoaren oinarriak jarri zituen."

BARANDIARAN, Alberto. "Beste larogei urtean". Euskal Herriko Bertsozale Elkartea, 2012

Txapelketak, sariketak eta lehiaketak

Eguneratutako informazioa "Txapelketak" pestainan aurkituko duzu.

Azken urteetako sariketa eta lehiaketen berri dagokien pestainetan aurkituko duzu.

Argitalpenak

hait_txt_liburuak
Idazlan guztiak. 1. Aozko Literatura. Kardaberaz bilduma, 22. 1975.
Argitaratugabeak eta azterlanak
Andoaingo Kultur astea (1988tik)
EHBEren sorrera (ohorezko bazkide izendatzea,, 1987-06-18) : Juan Mari hilobak jaso zuen bere ordez.
LEKUONA, J.M. "Manuel Lekuonaren literatur kreazioa" , Eusko Ikaskuntza. Hizkuntza eta literatura, 3 (1984)
LEKUONA, J.M. "Manuel Lekuonaren metodologia ahozko literaturaren ikerketan" . Euskera , 40 (1995)
Txapelketa Nagusia 1985-86 (Txapeldunari txapela -jaztea)
Ekoizpen oharrak

"On Manuel Lekuonari

Duela ia ehun urte hemen inguruko kazetari batek, donostiarra zehatz-mehatz esateko, honako zerbait idatzi zuen. Inbidia sortzen omen zioten alemaniar baserritar xumeek, gai baitziren lanak utzitako atsedenaldietan tabernara joan eta garagardoa edanez poetarik onenen poemak entzuten egoteko, Goethe, Shiller eta abar. Hemengo baserritarrek aldiz, sagardotegietara joan eta bertsolarien xinplekeriak entzunez ematen omen zuten denbora.

Min hartu zuen On Manuel Lekuonak. Hala aitortu zuen berak. Xinplekeria hitza entzuteak anima urratu ziola. Eta une hartatik bertatik bertsolaritzaren apologia egiten hasteko premia sentitu zuela. Ordurako hasia zen lanean. Ezagutzen zituen, umetatik, bertsolariak herriko plazan kantari. Eta asebetetzen zuten. Eta ezagutzen zituen Europa aldeko jakintsuek (Marcel Jousse frantziarrak esaterako) ahozko literaturari buruz zituzten idazki eta teoriak.

Eta min hartatik, bertsolariak entzutearen esperientzia gozatzetik eta bere jakinduriatik abiatu zen “ahozko literatura” deritzan hori ez dela bigarren mailako literatura frogatzera. Hiruak ere aldekoak dira lanerako: mina, gozamena eta jakinduria. Bapo baliatu zituen On Manuelek.

Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindiaren sorrera garaietan hasi eta hurrengo ia hogei urtean, XX. mendearen hasieran bertsolariei buruz zegoen ikuspegia itzulipurdikatu zuen:

- Mendeetatik zetorren usadioan kokatu zituen.

- Eta kokatu zituen hornidurazko poesia eta “kopla zaharren” konpainian, ahozkotasun zabalago baten eremuan.

- Ikergai bihurtu bertsolaritzaren errima, erritmo, metrika, doinu, …

- Eta onartu zien bertsolariei bizkortasuna eta injenioaz gain funtzio bat, hizkuntzari zegokionez, kulturari, gizarteari zegokionez oro har.

On Manuelen lan hark sekulako ondorioak izan zituen. Inguruan, besteak beste, Aitzol zeukan. Eta Aitzolek segituan erabaki zuen, Manuelen lan teorikoetan oinarriturik, bertsolariek izan zezaketela poetek adinako (edo handiagoko) eragina herri xehearengan euskal pizkunde zeritzan hura indartzerako garaian.

Handik sortu zen 1935.ean jokatutako Lehen Txapelketa Nagusia.

Eta berrogeita hamar urte geroago, 1986koa antolatzeko asmotan sortu zen gurea, Euskal Herriko Bertsozale Elkartea. Nire lagun batek, txantxetan, “galtzerdi zurien” finala deitzen dio Belodromoan jokatu genuen hari. Argazkiak dira salatari. Orduan gazte samarrak ginen bertsolari mordoska azaltzen gara, nonbait ordurako modan ez zeuden galtzerdi zuri zuriekin.

Baina… esango nuke galtzerdi zuriena baino sotana beltzarena izan zela guk lehenengoz antolatu genuen Txapelketa hura. Oso gogoan baitaukat, irabazleari txapela jartzeko Manuel Lekuona oholtzara igotzen hasi zenean, zer sentitu genuen: une garrantzitsua zela eta gizon haren ondoan egotearen harrotasuna.

Bagenekien txapela jartzearen ardura emate soilagatik ez genuela genuen zorrik kitatzen. Bagenekien Bertsozale Elkarteko lehen ohorezko bazkide egin genuenean ere ez genuela zorrik berdindu. Zorrak berdintzen hasiko gara bertsolaritzaren iker-lerroak finkatu eta ikerlari gazte eta berriak bertsolaritzari buruzko azterketa sakonak egitera xaxatzen ditugunean. Horretan ari gara. Hori da gure lana eta zorrak berdintzeko modu bakarra: Manuel Lekuonak hasi eta iloba Juan Marik segi zuten bideari jarraitzea.

1986ko martxoko iluntze hartara itzuliz, Manuel sentibera sumatzen genuen hainbesteko jendetzaren aurrean. Sentibera eta apal. Geu ere apaltzeraino. Eta ez zait sekula ahaztuko… soin ttikiko gizon bihozbera hark, bere begirada hezearekin, zenbat esan zigun. Milesker On Manuel!

A, eta bukatzeko, 1986ko txapeldun berria, Xebastian Lizaso, egun hartan makurrarazi zuen bakarra ere bera izan zen!"

Iñaki Murua, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaria.
(On Manuel Lekuonaren omenaldian. 2012ko azaroaren 7an. Oiartzunen)

Eragina/Iruzkinak

Eragina/Iruzkinak
Ahozko adierazpideekiko iritzi aldaketa ekarri zuen, tartean bertsolaritzarekiko.