Periodical Performances - View details   To know more about this section

Lore Jokoak (3. 1853. Urruña) Idatzizkoa

Irformation

Performance type
Lehiaketa
Place
Urruña
Beginning date
1853-00-00
Extension
Euskal Herri mailakoa

Participants

Organizers
Abadia, Anton (1810-1897)
Harriet, Maurice (1814-1904)
Participants
Adema, Gratien "Zalduby"
Celhabe, Bernard
Egiategi, Martin
Halsouet, Martin "Ttipi Urruñarra"
Hondarribiko Joxepa
Landerretxe, Salvat "Garaztarra"
Satrali, Jean
Topet, Piarres "Etxahun" (1786-1862)
Referees
Dayanne
Ducos
Goihetxe, Martin
Hiribarren
Larralde-Diustéguy
Leremboure
Lissardy (Hazparneko erretorea)
Parte hartzeari buruzko oharrak
Hondarribiko Joxepari buruzko oharra:
1853ko parte hartzaileen artean Patri Urkizuk "emakume bat ere heien artean bazelarik" jasotzen du. Beranduago, 1869an, "Vinsonek kontatzen digu ere bapateko bertsoak izan zirela, eta hauetan ohi diren bertsoen gogoetak eskasak, punduak erdipurdiko eta ankamotz, halere kantatzen direnez, jakina dela musikak mirariak lortzen dituela. Ibarra izeneko Jatsuko zapatagina eta Azkaingo Maria Luisa Osorioren artean izan zela eztabaida, gaia ezkontza eskea izan zelarik. Gaineratzen du Vinsonek ez zela batere arrunta andere bertsolariak aurkitzea jaietan eta ordurarte Hondarribitar neska bat zela ausartzen zen bakarra, baina azken hiru urteetan ez zela ageri plazetan kantari.". Dokumentazio Zentroko datu-baseetan "Hondarribiko Joxepa" agertzen da, Bilintxek desafio egin ziolako jasota: "Aspaldiyan, Joxepa / famatuba zeunden". Izen hau lotzea erabaki dugu, etorkizunean bere identitatea argituko delakoan.

Iturria:
- Urkizu, Patri. "Anton Abbadiaren Koplarien guduak (1851-1897)". Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1997. http://hedatuz.euskomedia.org/4007/1/03011059.pdf

Description

Oinarriak
Emigrazioari buruzko olerki eta bertsoak
History
"1853ko lehiaketaren antolamendua zehatza izan zen eta hurrengo urteetako eredugarria. Deia eta parte hartzeko baldintzak zehaztu ziren eta aldez aurretik Baionako Le Messagerean eta Pabeko Le Mémorial des Pyrénnées gazetetan publikatu ziren. Makhila eta urrezko ontza eskainiko zitzaien, lehen eta bigarren sari gisara, Montevideora dihoan euskal gaztearen bihotz-minak bertsotan egokien moldatuko zituztenei. Bertso kopurua mugatua zen, berrogei ta hamar bertsolerro gehienez ukan behar zituzten koplek, abesbatz batek kantatu beharko baitzuen eta jakina den bezala oroimenaren ahalmena laburra da. Eta zioten, saiatuko zirela kantariak poetak agindu airean kantatzen. Auzi-hartzaileetarik batek, Urruñako auzapezak, Larralde-Diusteguy jaunak, hain zuzen, herriko koruari kantaraziko zion bertako plazan, deialdian beraxek zioenez:

"Pilota partida baino lehen, içanen da goraki eçagut aracia pherxuetako guduan garaia eraman duena, eta harc egin pherxuak içanen dire cantatuak herrico guiçon gazte hortaraco berechi eta irakhaxiez, çoinekin aldizcatuco baita musicari gorphutz bat: eta ondoan, pherxuetan garaitu duenari emanen çaizco, Antonio d´ABBADIE jaunaren partezko untçaco urrea eta ohorezco makhila.
Eguiña Urruñaco herrico etchian, Agorrilaren 29an, 1853an.
Baldarapheza, A. de LARRALDE-DIUSTEGUI."

Bertsoak, posta ordaindu gabe Baionako Seminarioko Zuzendaria zen Harriet apezari bidali behar zitzaizkion, beranduenik abuztuaren 14erako. Ez zen kantarik batere saihestuko, eta epaileek gogoeten meritua bakarrik izango zuten kontutan eta nola hauek moldaturik zeuden.

Maurice Harrietek abuztuaren 20an eta 23an Abbadiari idatzitako bi gutunetan lehiaketaren martxaren berri ematen dio, esanez, nola banatu dituen paketetan eta auzilarien artean zabaldu. Hauek, Ducos, Leremboure, Larralde, Hiribarren, Lissardy, Dayanne eta Goyetche jaunak ziren. Eransten dio, gainera, denentzat erdigune edo lekurik aproposena izan daitekeenean bildu beharko luketela erabakia hartzeko.

Pilota partiduez arduratzen den B. Bascary jaunak beste gutun batean ematen zizkion pilotarien izenak: Sebastian, Bizente, Gaskoina, Pascot... Eta euskaraz ematen zizkion joko arauak, honako hauexek zirenak garai hartan:

"1º Lurretik arrafera eskularruz bizi bota eskuhuts, lau onzako pilota finarekin.
2º Pilotak izanen diren Frantzian usatzen diren pilotarik, erran nahi baita, goma gabiak.
3º Arraferan denak pilota baratzen badu barnian izanen den kintzia galdua arraferan denarentzat eta ez arraia eskasian.
4º Arrabotaren gainetik kanporat pasatzen den pilota izanen den kintze galdua pilota jotzen duenarentzat.
Gaskoina jouera la partie le 6 septembre..."

XIX. mendeko pilotaren historiaz gauza franko ikas daitezke Abbadiaren jokoei jarraikiz, eta bada lan mardul bat egiteko adina agiririk, baina lan hori beste idazle pilotazale batentzat uzten dugu eta guk ez ditugu hemen kontutan hartuko, poesiara hertsitu eta mugatuko baikara.

Le Messager gazetak 1853ko irailaren 13an Variétés sailean, Urruñako poesia lehiaketaren berri ematen zuen epai mahaiaren erabakiaz. Nola erakunde honen helburua, alegia, “concours de poésie nationale” delakoarena bikoitza zen. Bat literaturari eta moralari zegokiona bestea. Nola aurkezturiko kantak euskalki guztietakoak izan ziren eta nola nabari zen giza talde orotarikoak zirela ere, jende eskolatuak eta eskolagabeak parte hartu baitzuen, emakume bat ere heien artean bazelarik. Hogeita hamazazpi lan eta hoietarik irabazlea Bernard Celhaberena, Entzunik espantutan Indien Berria (6) izenpean eman duguna eta Atharratze jauregian... aire ezagutuaren arabera kantatu zena.

Ez ziren kontent gelditu parte hartzaile guztiak erabakiarekin, noski, eta Pierre Topet-Etxahunek, adibidez, honelako bertsoak idatzi zituen irabazle eta auzilarien kontra:

Celhabe Bardozeko, aphez arnegata,
Aphezek gure koblak zuri eman eta
Jarri izan zira koblarien aita.

Hogeita hamazazpi horietarik gehienak galdu egin dira, tamalez, baina guk zazpi lortu ahal izan dugu (6- 12). Hauetatik berriki emana du Ttipirena Piarres Andiazabalek, baina ez osoki, eta Jean Satraliren bertsoak Montebideon 1855ean eginak izan arren, gaia dela eta loturagatik bertan eman ditugu.

Jean-Martin Hiribarren (1810-1866) apezak bertso ugari sortu eta plazaratu zituen, horien artean Iruñeako Bestak poema luzea (1248 bertsolerro) Chahok zuzentzen zuen Ariel aldizkarian argitaratua 1845. urtean, eta 1853an berean Eskaldunac eta Montebideoco Berriac. Azken liburutto honen harpidedunen artean Abbadia zegoen, eta honela hasten zen:

Zoratu ahal dire Eskaldun gazteak,
Utziz bere herritan buraso maiteak;
Itsasoz urruntzeko diru nahiz bildu:
Eskaldun izateak oraitik egin du!

Gai honi buruz asko idatzi da eta etorkiaren gaitzari buruzko irizpide ezberdinak (pobrezia, errorik eza, deserzioa, abenturazaletasuna, engainioa...) ikertzen eta biltzen dituen saiotxoa ere argitaratu dudanez hara bidaltzen dut irakurlea.

Ikusi dugunez 1853ko irabazle irten zen Bernard Celhabe hurrengo urtean izandako makila kolpeez kexatuko zaio Landerretche garaztarrak moldatu bertsoen leloaren gainean Abbadiari, eta honek galdetzen Goyetcheri ea Messager-ean plazaratzeko modukoak diren. Erantzuna baiezkoa da eta aldizkari hartan plazaratu beste hainbat eta hainbaten kalitatekoa gutxienez. Hona IX. bertsoa:

Ene anaiak, so eni,
Ez izan bertsulari,
Kopletan ez dukezie
Ospe ez irabazi.
Nik galdu dizit makila.
Ene bihotza, nola
Nola daite khuntsola?"

Iturria:
- Urkizu, Patri. "Anton Abbadiaren Koplarien guduak (1851-1897)". Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1997. http://ttiki.com/43422

----

"Lehen olerki lehiaketa 1853an antolatu zuen beraz Abadiak Urruñan, Harriet apaizaren laguntzarekin. Hau Baionako apaizgaitegi nagusiko zuzendaria zen. Epaimahaikoen hautatzeaz kargatu zuen Aragorriko jaunak.

Apaizak izan ziren nagusiki epaileak, gehi jaun hauek: Ducos Donibane-Lohitzunekoa eta Larralde-Diustéguy, Urruñako auzapeza eta Leremboure, Baionako abokatu bat. Olerkiak aldez aurretik bidali behar ziren idatziz, izen-abizenik gabe. Gaia: emigrazioa.

Ez zuen airera hautatu mahaiak. Arazo larria zen iparraldean. Hogei bat urte lehenago, 1830 irian, Rio de la Platarantz abiatu da hemengo jendea burrustan. Uruguaiko gobernuak europarrak bereganatu nahi ditu, lur berrietan nekazaritzaren garatzeko. Laguntzaileak baditu Euskal Herrian, bereziki Baigorriko auzapez ordea den Labarraque medikua. Hau zinez bozten da 1835ean, berrogei baigorriar gazte batean itsasontziratu baitira
egun berean! Montevideo eta Argentinarako joera hain da indartsua non hustera doatzan iparraldeko herriak: 1832tik 1841era, Francisque Michelen arabera, bost mila pasaporte hartu dituzte Paueko prefeturan, eta beste bi mila pertsona hegoaldera pasa dira itsasontziratzeko.

Beraz, 1840tik 1860ra tai gabe Pariseko gobernuari deika ari zaio departamentu honetako Kontseilu orokorra, emigrazioaren murrizteko izariak har ditzan. 1844an arazoaz jabetzen da deputatuen ganbara, eta Chegaray deputatuak dio 1832tik 1843ko abuztu lehenera, 8174 pertsona, gutiz gehienak euskaldunak, Montevideorantz abiatu direla: hots iparraldeko jendetzaren
hogeigarrena (%5).

Ondoko urteetan pixka bat eztitzen da uholdea, baina sekula baino azkarrago dugu jarioa 1850-1854 artean. Hona Francisque Michelek emaiten dituen zenbakiak: 1848: 672 emigratzaile.
1849: 1012.
1850: 1807.
1851:?
1853: 1206.
1854: 1838.

Antoine d'Abbadieren olerki sariketa horretara etorri ziren 37 lan, haietan Etxahun Barkoxekoaren bat, «Montebidorat juailiak», baina ez zen garaile atera eta beste olerki zorrotz bat agertu zuen ondoren, «Bi berseten eguitez », epaileen aurka, apaizak bortizki jorratuz. Urruñako lehen olerki lehiaketa horretaz eta emigrazioaz, ikus Haritschelharren lana: «L'oeuvre poétique de Pierre Topet-Etchahoun», in Euskera, XIV-XV, 1969-1970, Bilbao."

Iturria:
Davant, Jean Louis: "Lore jokoen ingurumenaz". IN. Bat soziolinguistika aldizkaria, 25 zkia, 1997 abendua. http://www.soziolinguistika.org/modules/Bat/artikuloakPDF/25/Davant.pdf
Add more information

About us
Location
Services
Information request
How to search