Biografiak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

Gabriel Aresti

Datu pertsonalak

Izena
Aresti, Gabriel
Izen abizen osoak
Aresti Segurola, Gabriel
Jaiotza
1933 Bilbo + Bilbo < Bilboaldea < Bizkaia < Euskal Herria
Heriotza
1975 Bilbo + Bilbo < Bilboaldea < Bizkaia < Euskal Herria

Bertsolaritzan

Jarduera mota nagusia
Epailea

Datu biografikoak

Biografia
Gurasoak baserritar jatorriko "euskaldun galduak" zituen eta 12 urterekin hasi zen euskalduntzen: “Egondu nintzen ordu luzeak euskal liburuen ganean, izaera berbakintzea geureak estudietan”. 1954an, 21 urte zituela argitaratu zituen bere lehen poemak eta 10 urte geroago, 1964an bere lanik esanguratsuena eman zuen argitara Zarauzko Itxaropena Argitaletxearekin: Harri eta Herri. La Tertulia de la Concordia deituriko bilgunean Blas de Otero eta Gabriel Zelaia poetak izan zituen solaskide eta bere poesiagintzan erreferentzia nagusi bihurtu ziren, Espainiako Antonio Machado bezalakoekin batera, eta eragin horiek poesia sozialaren bideak harrarazi zizkioten: Arestirentzat, literatura oro da soziala. Poesia herriaren kontzientzia pizteko arma baliagarria dela eta literatura gizartea aldatzeko gai dela uste osoa zuen:

Esanen dute
hau
poesia
eztela,
baina nik
esanen diet
poesia
mailu bat
dela
("Poesia", 1963)

Literaturako genero guztiak jorratu zituen: poesia, narrazioa, teatroa eta saiakera. Kriseilu antzerki taldearekin elkarlanean, euskal teatro berriaren aitaponteko izan zen.

Itzultzaile bikaina zen. Literatura unibertsaleko hainbat lan euskarara itzuli zituen, besteak beste T.S. Elliot, Bocaccio, James Joyce eta Bertold Brecht. Aresti, galiziar intelektual batzuen lagun mina zen eta hartu-eman estuak izan zituen Bilboko galiziar komunitatearekin, hango "Centro Gallego"-ko ohiko bezeroa izaki. Hori zela eta, Federico García Lorcak galizieraz idatzitako poemak, Castelaoren "Nós" albuma eta Valle-Inclánen gaztelaniazko "Divinas Palabras" euskaratu zituen. Guardia Zibilak, haren etxean egindako miaketa batean, James Joyceren Ulises eleberri erraldoiaren itzulpen esku izkribatua konfiskatu omen zion; paper-sorta hartaz ez da ezer gehiago jakin.

1957an Euskaltzaindiako urgazle izendatu zuten. Aldi berri baten barruan, euskara batuaren gurasoen artean koka dezakegu, Koldo Mitxelena, Fr. Luis Villasante eta Txillardegi euskalariekin batera. Hasiera haietan euskal idazleek erabili zuten Euskara Batuaren Kutxa bezalako lanen egilea izan zen, batasunaren hastapenetan hiztegi eta morfologia batu bat proposatu zituela. Gai horren harira, garai hartako eztabaida gogorretan parte hartu zuen, euskara batuaren aurka zein alde zeudenekin.

Ideologiari dagokionez, Arestiren kezkak esparru sozial eta nazionalaren artean banatzen ziren eta Euskadiko Alderdi Komunistaren inguruan ibili omen zen. Edonola ere, ez zen inoiz inongo alderdi politikotako militante izan eta jende askorentzat deserosoa zen pentsaera independente eta polemikoa mantendu zuen heriotzara arte. Ezin eraman zezakeen Bilboko burges jeltzale erdaldunen itxurakeria eta langile maketoen giroan askoz gusturago sentitu zen. Beti unibertsalismoa eta bertako euskal sentimendua uztartu nahian, kritikak eta erasoak alde guztietatik jasan behar izan zituen: Ezkerretik "burges txikitzat" hartzen zuten bitartean, nazionalista batzuek españolista zelako zurrumurrua zabaldu zuten. Garai hartan eladioak bezala ezagutuek, ELA sindikatuko sektoreek, boikoterako deialdiak egin zituzten Arestik eta Oskorri taldeak elkarlanean egiten zituzten musika-saioen aurka. Artikulu eta gutunen bitartez, 60-70. hamarkadetako euskal intelektual nagusi guztiekin izan zuen iskanbila dialektikoren bat edo beste.

Poeta sozial eta iraultzaile bezala definitu dute, eta poeta hiritar ere bai. Sarritan esan izan da, Bilbao hiria euskararen mapan kokatzea Arestiri zor diogula. Hain zuzen ere, 50-60. hamarkadetako Bilbo industrial hura biziki presente egon da haren lanean; bera bizi izandako langileen auzoak: Zorrotza eta Basurtu. Azken auzo horretakoa da Amelia Esteban haren emaztea, "Melitxu", Leondik etorritako familiakoa.

1975eko ekainaren 5ean gazte eta etorkizunez beteta hil zen, 41 urterekin gibeleko eritasunak jota.

[Iturria, Euskal Wikipedia]: http://eu.wikipedia.org/wiki/Gabriel_Aresti

Txapelketak, sariketak eta lehiaketak

Eguneratutako informazioa "Txapelketak" pestainan aurkituko duzu.

Azken urteetako sariketa eta lehiaketen berri dagokien pestainetan aurkituko duzu.

Argitalpenak

Ekoizpen oharrak
Argitalpenetan aipatuaz gain garaiko euskal aldizkarietako idazle ohikoa izan zen. Bere obrari herri-literaturaren eta, bereziki, bertsolaritzaren kutsua dario. Bertsolarien miresle eta bertsolaritzaren babesle sutsua izan zen; euskaldun poetarik hoberenak zirela bertsolariak esatera heldu zen (gorantza hau dela-eta eztabaida sutsua eduki zuen Basarrirekin Zeruko Argian 1963an)