Biografiak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

Martxelina Lopetegi

Datu pertsonalak

Izena
Lopetegi, Martxelina
Izen abizen osoak
Lopetegi Olaiz, Martzelina
Jaiotza
1864 Oiartzun + Oiartzun < Oarsoaldea < Gipuzkoa < Euskal Herria
Heriotza
1930 Oiartzun + Oiartzun < Oarsoaldea < Gipuzkoa < Euskal Herria

Bertsolaritzan

Jarduera mota nagusia
Bertsolaria

Datu biografikoak

Biografia
Oiartzungo Galtzarreta baserrikoa, bost senide ziren: Guadalupe, Nikolasa, Kanuta, Kaitano eta txikiena bera, Martzelina. Bertsotan aise jarduten omen zuen. 1907an, 43 urte zituela, Juan Kruz Irastortzarekin Zabale baserrira ezkondu zen. Ezkondu ondorengo bertsorik edo bertso jardunik ez da jaso.

Martzelina bertsolaria zen, nahiz eta garai haietan emakume izanagatik arazoa besterik ez izan. Aita Zavalak berari buruz gogoratutakoa eta bertso gutxi batzuk jaso ahal izan zituen: Erromerietan eta bileretan bertsolariak omen izaten zirenean Martzelina harengana hurreratu eta sarritan beraiekin bertsotan lotzen omen zen, batzuetan entzuten zegoen lekutik eta beste batzuetan bertsolariengana hurbilduta. Martzelinaren lau ahizpek eta lagunek ez omen zuten gustuko hau eta errietan egiten omen zien, eta beragandik alde egin, baina hura bertsolaria izanik, ezin gelditu. Jaietan Galtzarretara inor laguntzera joandakoekin ere bertsotan aritzen omen zen, eta edozein momentutan erantzuna ere bertsotan ematen zuela Martzelinak. Bizia eta ausarta zela edozein gizonekin bertsotan aritzeko, eta gizasemeen moduko ahots altua zuela.

Txirritarekin bertsotan jarduna zen, Txirrita Galtzarreta etxe kanpotik eta bera leihotik. Eta Txirritak Martzelinari Zuloagako errotan-edo botatako bertsoak ere gogoratu dira, hainbat aldaerekin.

Hemen Txirritak Martzelinari bota omen zion bertsoa:

Martzelinatxo deitzen diote,
Galtzaretako alaba,
zere denboran egiña zera
zeinbait kanta ta algara,
kantak aztuta bizi biazu
nekin ezkontzen bazera.

Eta aldaera hau:

Martzelinatxo du izena,
Galtzaretako alabak;
begira dagon jendiak ere
esango dute: Ala da!
Batzuek parra egingo dute,
bestiak berriz algara,
kantak aztuta biziko zera
nekin ezkontzen bazera.

Beste batzuek, Txirritak botatakoa eta Galtzarretako neskazaharrak (Martzelina omen) erantzun zuena ere gogoratzen dute:

--Txirritak:
Aitu bear dituzu
nere abisuak,
abek izango dira
gauza prezisuak:
jakiñaren gañian
jarri gurasuak,
besteala ez du baliyo
nere desiuak.

--Martzelinak:
Ama eta aitarekin
izaten naiz ondo,
ointzat eskusarikan
batere ez dago;
jakiñaren gañian
dirade lenago,
libertadia artuta
aspaldian nago.

Lexoti bertsolariak ere Oiartzungo Galtzarretako neskatxa batekin (ustez Martzelina) maiteminduta zegoen amerikano baten bertsoak ere gogoratzen zituen:

--Amerikanoak:
Zure ait'eta amak eta nik
itzez tratatu genduan:
al baldin bazan esposatzeko
biyok aurtengo neguan;
oraintxen laixter esan beauzu
zer dadukazun goguan;
bazenakizu ni zuretzako
zer gauza ona naguan!

--Martzelinak:
Zu gauza ona baldin bazaude
munduan ez da txarrikan,
badirurizu gaur bertan irten
zerala infernutikan;
naiagatikan ez dezu entzungo
nigatik baiezkorikan,
etzait gustatzen zu bezelako
mutilzar itxusirikan.

--Amerikanoak:
Ez al diozu begiratutzen
nere poltsa diruari?
Ortatik sobra dabilkigunak
gauza daukagu ugari.
Ez al dituzu ikusi izandu
errian zenbat dendari
jatekorikan eman nai ezik
dirurik eztuenari?

--Martzelinak:
Orrelakorik eztet aditu
jaiotzetik oraindaño,
nere negarra zabalduko da
Amerikatik auntzaño,
zuk izan arren urre ta zillar
zedorri estaltzeraño,
nik naiago det neskazar bizi
zurekin ezkondu baño.

Eta Inazio Mitxelena "Artxabaleta"-ri Martzelinak botatako bertsoa (Oiartzungo plazan?) ere gogoratzen da:

Artxabaleta, mutil polita,
gustatzen zitzaidan gaztetan;
onta ezkero igualtsu da
esan eta're plazetan;
nai dezunian juan zaitia,
antxen bizi naiz Galtzatan.

Iturria: ZAVALA, Antonio. "Oiartzungo beste lau bertsolari". Auspoa; 119. http://ttiki.com/59072

Argitalpenak

Argitaratugabeak eta azterlanak
Oiartzungo beste lau bertsolari (Auspoa, 119) / Pello Errotaren itzala (Auspoa, 49-50) / La poesia popular vasca (Manuel Lekuona v. Congreso de estudios vascos, 1930ean egindako hitzaldia)