Biografiak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

Jose Ariztimuño "Aitzol"

Datu pertsonalak

Izena
Ariztimuño, Jose "Aitzol"
Izen abizen osoak
Ariztimuino Olaso, Jose
Jaiotza
1896 Tolosa + Tolosa < Tolosaldea < Gipuzkoa < Euskal Herria
Heriotza
1936 Hernani + Hernani < Buruntzaldea < Gipuzkoa < Euskal Herria

Bertsolaritzan

Jarduera mota nagusia
Eragilea
Jarduerak
Antolatzailea
Epailea

Datu biografikoak

Biografia
"Gerra aurreko kultur bilkuretako argazkietan, gehien zabaldu direnetan, maiz, ia gehienetan, sotanaz jantzitako gizon lodi samar bat kausituko dugu —Txirrita zen gailentzen zuen bakarrenetakoa—. Zinez itzal handiko, Tolosan jaiotako Jose Ariztimuño. Aitzol ezizenez ezaguna gerra aurreko euskalgintzan, inoiz esan izan da, euskalgintza bezain beste, herrigintza izan zela Aitzolek landu zuena.

Apaiztu ondoren, Espainiako Elizaren Misio Batasuneko idazkari izendatu zuten eta Bartzelonara aldatu zen. 1930ean Donostiara itzuli eta berehala, sortu berria zen Euskaltzaleak elkartearen zuzendaritza hartu zuen; ondoren, Eusko Pizkundea mugimenduaren hastapenetako oinarriak jarri zituen. Antolatzaile aparta, elkarrizketa maite zuen, Madrilekin hartu-emanetan sakonduz, akordioetara iristea zuen helburu, bide horrek irakaskuntzaren elebitasuna bezalako lorpenak ekar zitzakeelakoan. Europako herriek kultur alorrean egindakoaz jantzia, Abaddiaren jarraitzaile, Kataluniako esperientzien berri bazuen, antolatzaile bezain beste, kontrolatzailea zen Aitzol.

Sustatzailea kultur eztabaidetan ere, hasiera batean, Lauaxeta eta Lizardi buru zuten kultur alorreko berrikuntza kritikatu zuenak, 1934an bi poeten maila goratu zuen (berandu, Lizardik laudorioak entzun zitzan). Bide berriak, bide guztiak direla ikasi ote zuen. Idazlan gehienak, gazteleraz idatzi zituen.

Gerra pizturik, geldirik ez zekien Aitzolek, EAJ eta karlisten arteko akordioa lortzen saiatu zen, eta jardun horretan ari zela, frankistek harrapatu egin zuten Pasaian. Hernanin fusilatu zuten eta orduko-gaurko prentsak ez zion losintxarik eskaini." (Larrion)

Bere lan guztietan euskararen normalkuntzaren aldeko ekimenak bultzatu zituen. Misio propagandista bezala asko ibili zen Europan zehar, eta arreta berezia jarri zien herri txikietako gertakizunei. Horrela, okzitanieraren susperraldian Mistral-en Mireio poema epiko nazionalak izan zuen arrakasta eta eraginaz ohartu zen, halaber, Finlandian Lonnrot-en Katevala poema epiko nazionalak izan zuenaz. 1930-36 bitartean sortu zen euskaltzale errenazentisten mugimenduko partaide eta eragile zuzena izan zen. Poemagintza jasoa bultzatu bazuen ere lehen aldian (Lauaxeta, Lizardi ...), olerki jaso horrekin herriarengana ez zirela heltzen ikusirik, euskaldunen poema epiko nazionala aldarrikatzen hasi zen (Orixeren Euskaldunak horren ondorio) eta bertsolaritza, herri xeheak maite zuena, prestijiatu eta bultzatu nahi izan zuen: asmo honetan lekutu behar dira 1935 eta 1936ko Bertso guduak eta bertsolaritzarekiko orduko intelektualen ikuspegia aldatzeko egin zituen ahaleginak.

Iturriak:
- Larrion, Patxi. Gure Mendea. Argia. http://www.argia.com/mendea/pertso/36aitzol.htm ]
- Haitzondo egitasmoa, Bertsozale Elkartea