Biografiak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

Iñaki Aurrekoetxea

Datu pertsonalak

Izena
Aurrekoetxea, Iñaki
Izen abizen osoak
Aurrekoetxea Arkotxa, Iñaki
Jaiotza
1970 Bilbo + Bilbo < Bilboaldea < Bizkaia < Euskal Herria

Bertsolaritzan

Jarduera mota nagusia
Epailea
Jarduerak
Bertso-eskolako irakaslea
Bertsolaria
Epailea
Gai-jartzailea
Kritikaria

Datu biografikoak

Biografia
Bilboko Santutxu auzoan jaio eta hazia, Karmelo Ikastolan ikasle zela bertsozaletu zen, eta bertan egoitza zeukan Santutxuko Bertso Eskolan jarraitu zuen gero. Batez ere bertso-jarrietan aritua, bat-batekotasunera jauzia egin zuen 90eko Araba-Bizkaiko Txapelketan, eta 2000. urtera arteko edizio guztietan parte hartu zuen, 94an eta 98an finalaurrekoetara iritsita. Bertso eskolan irakasle izan da urteetan, eta Bizkaiko Bertsozale Elkartean zein Euskal Herriko Bertsozale Elkartean zuzendaritza-kide izan da hainbat urtez; transmisio arloan aritu izan da, saileko arduradun gisa urte batzuetan. Euskal komunikabide askotan bertsolaritzari buruzko kolaborazio ugari egin izan ditu. Bertso munduan arlo gehienak ezagutu baditu ere, gogokoena eta emaitzarik politenak utzi dizkiona bertso-jartzailearena da. Komunikabide zenbaitetan bertsoak argitaratzeaz gain, Bertsopaper lehiaketa ugaritan parte hartu zuen, baita sari ugari lortu ere. Bertso-sorten zabalpenarekin arduratuta, lehiaketen bidea albora utzi eta lagun musikariei sortak idazten osatu du ibilbide oparoa: Mikel Urdangarin, Xabi Aburruzaga, Rogelio Botanz, Exkixu... 1994ko Ibilaldirako letra idatzi zuen, eta bereak dira baita Bermeoko, Portugaleteko eta Zamudioko jaietako kanten hitzak. 2006tik aurrera Bizkaiko Txapelketako epaile gisa aritu da, eta gaur egun zeregin hori du, bertsoak idazteaz gain, bertsolaritzarekiko lotura nagusiena.

Txapelketak, sariketak eta lehiaketak

Eguneratutako informazioa "Txapelketak" pestainan aurkituko duzu.

Bat-bateko sariketak
-BBK sariketa (Bilboladeko taldean): 1994, 1995.
-Urretxindorra sariketa (Muxika): 1996.
Bertso-paper lehiaketak
-Urruzuno Lehiaketan saria poesia atalean (bertsopaperak) 1988
-Balendin Enbeita Bertsopaper Lehiaketan 1. saria 1990ean eta 1992an bertso-eskolen atalean eta 1994n helduen atalean.
-Orixe Bertsopaper lehiaketan 1. saria (1996)
-Kabi Goitia Bertsopaper lehiaketan lehen saria lau urtez jarraian (azkena 2002an) eta aurretik bigarren sari bat.
-Arratiako Jentilen Koplapaper Lehiaketan 2. saria 1998an eta 2000n.
-Mungiako San Antontxu bertsopaper lehiaketan (1998) eta Bilboko Juanjo Basterra Bertsopaper Lehiaketan (1991) aipamen bereziak.

Azken urteetako sariketa eta lehiaketen berri dagokien pestainetan aurkituko duzu.

Argitalpenak

Argitaratutako grabazioak
-Mikel Urdangarinen diska zenbaitetan hitzak: "Haitzetan", "Badira hiru aste", "Espilue", "Lagun artean" (DVD), "Anek idatzi dit zutaz" eta "Zuzenean 2010/12/30".
-Xabi Aburruzagaren "Denboraren naufrago" eta "Bizkaiko Trikitixa" disketan hainbat letra, eta Aburruzagaren doinuei hitzak jarri Karmelo Ikastolako kantariari eta Bermeoko, Portugaleteko eta Zamudioko jaietako kantei.
-1994ko Ibilaldiko abestiaren hitzak (Zubipeko Swing taldearen doinua).
-Exkixuren "Gaua heldu orduko" diskan kanta baten letra.
-Rogelio Botanzen "Tiempo" eta "Rogelio Botanz canta a Alfonso sastre" diskatan letra bana.
Beste argitalpenak
-Txapelketa Nagusia 05 libururako artikulu zabala: "Kirol nazionalean karrera egin zutenekoa. Txapelketa Nagusiaren azterketa diakronikoa (1980-2001)". EHBE.
-2009ko Txapelketa Nagusiari buruzko ale monografikoan iritzi-artikulua: "Txapelketari begira". Bertsolari aldizkaria, 76. zkia.
- Bertso-jarri argitaratuak hainbat lekutan: Euskaldunon Egunkaria, Berria, Argia, Hitza, Berton herri aldizkaria, Dialogos literatur aldizkaria, Hitzetik Hortzera (Bai Euskarari, 1998), Bizkaie aldizkari digitala...
- Deabru Beltzak antzerki taldearekin bi kolaborazio: "A, e, i, o, u" umeentzako antzeslanean gaztelerako itzulpena (2002) eta "Zentzumenak" umeentzako antzeslanaren letra (2004).
- Irune Ibarra grafologoaren "Gustura idatziz" liburuan (Ibaizabal, 2000) sarrerarako bertsoak.

Argitaratugabeak eta azterlanak
-"Laztanak neurri barik" bertso jarri musikatuak. Urteetan idatzitako bertso sorten aukeraketa bat musikarien laguntzaz aurkeztuak. Musikariak Aritz Etxebarri (gitarra) eta Iratxe Andikoetxea (pianoa). Markinako jaietan estreinatu zan 2000n eta beste emanaldi bi egin ziran.