Zer da bertsoa  |  Bertsolaritzaren historia  |  Txapelketen historia  |  Bertsolaritzaren transmisioa  |  Bertso doinutegia  |  Bertsozale Elkartea  XDZ 

 

Bertsolaritzaren datu-basea: Xenpelar Dokumentazio Zentroaren katalogoa

Egitasmo teknologiko honen helburu nagusia Bertsozale Elkartearen Xenpelar Dokumentazio Zentroaren edukiak antolatu eta internet bidez gizarteratzea eta maila guztietako ikerkuntza bultzatzea da.

Datu-base zabal baten hasiera* besterik ez da hau, eta etorkizunean zentroan dauden atal guztietako dokumentazioaren berri eman eta dokumentu digitalak ere publikatu nahi dira. Euskal Herri osoan zehar bertsolaritzaren inguruan egindako dokumentazioaren katalogoa izango da.

*Oraindik dena ez dago internenten kontsultagarri, beraz, beti galdetu dokumentalistei.

Webgune hau Bertsozale Elkarteak interneten dituen beste egitasmoen osagarri izatera dator:

-    www.bertsozale.eus: Bertsozale Elkartearen atari korporatiboa da.
-    www.bertsoa.eus: Bertsolaritzaren sormen eta informazio edukiak eskaintzen dituen internet telebista. 2006an sortua eta Bertso Plaza Digitala Elkarteak eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak lankidetzan argitaratzen duguna.
-    www.lanku.eus: Bertsozale Elkarteak sortutako bertso zerbitzu enpresaren erakusleihoa da.
-    www.bertsosarrerak.eu: txapelketetako saioetako salmenta puntua da.

 

TXT egituratik informazio guztia erlazionatzen duen Estekara

1991ean sortu zenetik hainbat tresna informatikoren bidez jaso da bildutako dokumentazioaren berri, eta gehiengo handia testu formatuan jasota dago. Bertsolaritzaren Datu-Basearen bidez hainbat datu-base eta fitxetan sakabanatuta eta hainbat aldaeretan jasotako pertsona, leku, doinu, txapelketa eta taldeen izenak bateratu eta elkarri lotu dira, informazioaren ikuspegi osoago bat emanez eta datu artean modu oso errazean nabigatuz.

Katalogoan ziren fitxa ezberdinak datu-base berrian integratu ahal izateko, milaka pertsona, leku, sariketa, elkarte, doinu eta abar luzeagoen izenen aldaera ezberdinak bateratu eta lotu behar izan dira, pantaila berean pertsona edo herri bati buruz Xenpelar Dokumentazio Zentroan jasotako biografia, grabazio, doinu, bat-bateko eta bestelako bertso, txapelketa, sariketa, eta beste abar luze bat eskaini ahal izateko.

Bertsolaritzaren Datu-Basea Interneten: edukiz betetzen

Bertsolaritzaren ondarea bildu, antolatu eta gizarteratzea da Xenpelar Dokumentazio Zentroaren egitekoa, eta urte hauetan egindako lana webgune indartsu baten bidez herritarrei eskaini nahi zaie, horretarako egungo teknologi berrien erabilera eginez. Garatu ahala gehituko dira Xenpelar Dokumentazio Zentroan biltzen diren hainbat datu-base ezberdinetako edukiak.

Informazio-fitxak elkarren artean estekatu eta dokumentuz lotzea da gure helburua: digitalizazio planei esker, Interneteko katalogo honetan bat-bateko bertsoak entzun eta idatzizko bertsoak ikusi ahal izateko fitxategiz hornitu nahi ditugu, eskaintzen diren katalogo/fitxa bakoitzak dagokion fitxategia izateko.

  • Bat-bateko bertsoen mp3 fitxategiak  (6.600 bertsoaldi)
  • Idatziko bertsoen pdf edo jpg fitxategiak (3.000 bertso-sorta inguru)
  • Doinuen midi, pdf eta mp3 fitxategiak  (3.000 doinu)
  • ...

Berrikuntza teknologikoaren hurrengo fasea

Orain arte egindakoak ahalegin handia eskatu arren, hurrengo urteotan garatu beharreko hainbat lan ditugu Bertsolaritzaren Datu-Basean:

- Parte hartzeko eta informazio eguneratzeko sistema eraginkorren garapena

- Informazioaren hedapen eta elkartrukerako sistemen integrazioa: Dublin Core, OAI-PMH eta API

- Dokumentuen digitalizazioa eta publikazioa: mp3, pdf, jpg, midi, eta beste hainbat formatutako dokumentu gehiago eransteko egitasmoa burutuko da

- Xenpelar Dokumentazio Zentroan dauden beste datu-baseak BDB sisteman integratu eta Internet bidez eskaintzea:

  • Prentsa artikulu historikoak (37.500 artikulu)
  • Argazkiak (8.500 argazki eta argazki-bildumen fitxak)
  • Kartelak (4.000 kartel)
  • Artxiboa (Bertsozale Elkartearen eta hainbat bertso-eskola, ikerlari, bertsolari eta bertsozalek eskainitako artxiboen deskribapen-fitxak)

Bertsolaritzaren Datu-Basearen etengabeko eguneraketa

Bertsolaritzaren Datu-Basea Xenpelar Dokumentazio Zentroaren laneko katalogoa izanik, etengabe eguneratzen da, dokumentuak katalogatu ahala. Egunero jasotzen den materialaren katalogazioaz gain, aurreko 30 urteetan modu askotara bildutako informazioa ere egokitzen eta bateratzen joan ahala, Bertsolaritzaren Datu-Basean eskaini ahal izango da.

 

Etorkizunerako aukerak


Bestelako bertso-bildumak gizarteratzeko gunea

Datu-base hau jatorri ezberdina duten bertsoak katalogatu eta gizarteratzeko diseinatzen ari gara. Xenpelar Dokumentazio Zentroan ez dauden bertso-bildumak dituzten erakunde eta elkarteei elkarlanerako tresna bezala eskaini nahi zaie Bertsolaritzaren Datu-Basea.

Dagoeneko garatutako programa eta bertan bildutako datuei (biografiak, saioak, doinuak, eta abar) etekina atera eta ahalegin txikiagoarekin edozein lekutan eta edozein motatako bertsoak (bat-batekoak edo idatziak, bertso-paper edo eskuizkribuak, audio formatutik edo idatzitik jasotakoak,...) bildu eta modu bateratuan aurkitzeko aukera emango du Bertsolaritzaren Datu-Baseak.