Bertsos - Voir fiche Pour savoir plus sur cette section
12 kopla 12ko galarrenaren gomutan [Bertsoa] / Miren Agur Meabe
12 kopla 12ko galarrenaren gomutan [Bertsoa] / Miren Agur Meabe
Nom de la strophe:
KOPLEN MULTZOA
Dokumentu-mota:
Ordenadore dokumentua
Localisation:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Hamabitik hamabira dator
haizetan dan zantarrena,
ehun urteko itsasoan zehar
ukabilka galarrena.
San Nikolas ta San Juan Bautista
pal-pal darozuez belak!
iluntzerako beharko dozuez,
kanpaiak eta kandelak.
Krabelin eta larrosa meheak
itxi genduzan portuan,
egunen baten batuko doguz
zeruetako ortuan.
Mariposa bat bialdu eidazu
olatutxuen artean,
Lekitxo bidean para naiten
izarrik ez dagoenean (bis)
………………
Antiguakoa, libratu gagizuz
uraren haginetatik!
korroskadaka jan nahi gaitu eta
ezer ez eginagaitik.
Egurren untzek urratu dabez
gure eskuetako maminak
atun bila urten genduan baina
geu gara orain txitxinak.
Bai gau luzea! bai alba baltza!
urrun ikusten da lurra,
luze eta baltzago da oraindino
heriotzaren adurra.
Palu bi ahal bestean lotuta
egin eben kurtzioa,
hari heldu nahia eta ezin heltzea,
gizonen kalbarioa (bis)
………………….
Ai, laguntzarra, banoia eta
entzuixu nire mezua,
txarto eginak parkatu eta
etxekoentzat mosuak.
Izaratxu bat zabalduko dot,
arreorako josia,
neure maitxia hartzeko ez bada
neuretzat da mortajia.
Kalatxori lemazain leialak,
mututu jat eztarria.
altxa zaiteze mastatik eta
sokorro eskatu herrian.
Izurdak harro bronpadaka,
asunak olgetan kaian,
nahi ez danean ez dago agurrik
memoriaren talaian (bis)