Bertsos - Voir fiche   Pour savoir plus sur cette section

2017-02-25 Mutiloa (G) Lagun-artekoa [Bertsoa] / Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze

Bertsoa entzun  

Information genérale

Kategoria
Bat-batekoa
Représentación
2017-02-25 Mutiloa (G) Lagun-artekoa
Bertsolaris / Auteurs
Lujanbio, Maialen
Mendiluze, Aitor
Exercice
Binaka gai-librean

Description

Air
Dozena bat bertso berri A
Nom de la strophe
Zortzikoa, berdinaren moldekoa, 6 puntuz (hg) / Sei puntukoa, berdinaren moldekoa (ip)
Bertso kopurua
12

Localisation

Localisation
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Collection / Fond / Projet
Bapatean Bilduma

2017-02-25 Mutiloa (G) Lagun-artekoa [Bertsoa] / Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze

Nom de la strophe:  Zortzikoa, berdinaren moldekoa, 6 puntuz (hg) / Sei puntukoa, berdinaren moldekoa (ip) 
Localisation:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


A. Mendiluze
Atsedena da igaro
beraz kontuak akabo
ea burua portatzen zaigun
lehen bezain oparo.
Sarri entzun det lehenago
ta atzo beste bat gehiago
“Lehengo haiek bai bertsolariak”
bart entzunda nago. (bis)

M. Lujanbio
Zein zitzaizun hala mintza
ta ikutu bihotz mintza?
Ai, klasiko ta modernoaren
betiko desditxa!
“Lehen bai boza eta hitza”
“Lehengoa bai bertsogintza”
Haik ez ditugu gaindituko ta
alperrik gabiltza! (bis)

A. Mendiluze
Ari gera afanean
baino askoren esanean
ez gera lehengo haien erdirik
bertsoen lanean.
Onenak iraganean
dira beti aidanean
geu ere onak izango gera
hiltzen geranean. (bis)

M. Lujanbio
Hil eta gero kalkula
hobetzen dela formula
ta ohorea akaso ordun
helduko zaigula.
Nik duda bat det mardula
ta beldur bat, ez da burla:
egun batean guk ere hori
esango degula. (bis)

A. Mendiluze
Badezu nahiko ernegu
nola konpon dezakegu?
Egun batean besteei esan
behar al diegu?
Bertsotarako gaude gu
ez atseden, ez sosegu.
Beraz ez degu esango baina
entzun nahiko degu. (bis)

M. Lujanbio
Pasatzen baita denbora
ta nahasten da ganora
ta norberaren egoa ere
izaten da droga.
Lehengoa zen mejora
ta ez gaur egungo moda
zahartzen ari geran seinale
hoixe izango da. (bis)

A. Mendiluze
Ehun urtetara guztira
nahi genuke erretira
norbaitek zerbait ona esateko
modua hori da.
Behin sartuta lur azpira
ospea eta dizdira
onak ez dira hobetzen baina
txarrak ahazten dira. (bis)

M. Lujanbio
Batzuei kejak, marmarrak
ta besteei azpimarrak
kimu berriak beharko ditu
hala’re biharrak.
Dauzkat eskertu beharrak
ta entzun nere oharrak
gaztea beti ondo hartu du
bertsolari zaharrak. (bis)

A. Mendiluze
Beraz hitzaren indarra
da gauza hauskor xamarra
eta badauka tradizioan
berritu beharra.
Entzun det zure oharra
ta horra bueltan oldarra:
gazteak ez du beti ondo hartu
bertsolari zaharra. (bis)

M. Lujanbio
Nik ez det hainbeste uste
zu gaizki hartu al zaituzte?
Guk zaharrak ondo hartu ditugu
jenio ta lustre
neskekin ze buruhauste
patilladun eta beste…
marmarra ibiltzen zuten bai baina
maitatu gaituzte. (bis)

A. Mendiluze
Ba bai herritan jairik jai
ibili gera nolanahi
ta zahar batekin joanez gero
gazte denak lasai.
Zaharrak erakusteko zai
beti irakasleen gai
zaharrekin ondo moldatzen ziran
baina gazteekin nahi. (bis)

M. Lujanbio
Elkarrekin zen langintza
ta elkarrizketa giltza
zahar eta gazte lehen eta orain
batera gabiltza
elkar entzun eta mintza
hori da bertsolaritza:
hobe litzake gizartea`re
horrela balitza. (bis)