Bertsos - Voir fiche   Pour savoir plus sur cette section

1998-05-21 Legorreta Jaialdia [Bertsoa] / Anjel Mari Peñagarikano, Millan Telleria

Bertsoa entzun  

Information genérale

Kategoria
Bat-batekoa
Représentación
1998-05-21 Legorreta Jaialdia
Conducteur/trice
Agirre, Jose Mari "Koostite"
Bertsolaris / Auteurs
Peñagarikano, Anjel Mari
Telleria, Millan
Exercice
Binaka gaia-emanda
Sujet proposé
Hogei urtean elkar ikusi ez duten aita-semeak zarete. Istripu bat dela medio, ospitale bateko gela berean egin duzue topo.

Description

Air
Nafarroako mendi gainetan
Nom de la strophe
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)

Localisation

Localisation
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Collection / Fond / Projet
Bapatean Bilduma

1998-05-21 Legorreta Jaialdia [Bertsoa] / Anjel Mari Peñagarikano, Millan Telleria

Nom de la strophe:  Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip) 
Localisation:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


Peñagarikano:
Mundu honetan horrelakoak
gutxi ez dira izaten;
aita naizenez ohitua nago
deskalabruak jasaten.
Gu hogei urte ikusi gabe,
errezago da esaten!
Biok alkar nun ikusiko ta
ospitalen gela baten. (bis)

Telleria:
Familietan horrelakoak
gertatu dira hamaika!
Hogei urtean zeure semerik
ez zenuen asko aipa,
bainan bidea gizakiontzat
nunbait urratua baita,
aspaldi hontan ikusi gabe
eta nola zera aita? (bis)

Peñagarikano:
Gaztea da ta ibili ohi da
arriskutik arriskura,
horregatikan jausiko zinen
zu holako istripura;
ta orain gela bilakatu da
gogoz kontrako ixtura;
alde batetik poza daukat nik
eta bestetik tristura. (bis)

Telleria:
Hogei urtean urrun ibili
eta orain inguratu,
azken boladan alkarri deika
ez gera asko geratu!
Baina hurbildu orduko gera
nortzuk geran konturatu,
lehen ez zinaden ederra baina
ez zerade mejoratu! (bis)

Peñagarikano:
Istripu batek sortu behar du
holako eskandaloa,
zure arrazoiak ez du merezi
hemen inoren txaloa;
"aita, ez dezu zuk mejoratu",
ai zeinen gauza leloa,
oain hogei urte txotxoloa ta
oaindik ere txotxoloa. (bis)

Telleria:
Lehenago zendun bezain xitala
dezu oraindik ahoa,
beti bezela zirikatuaz
doa aitaren bandoa
eta ez dakit noiz joango dan
honen oinarri sendoa;
sasoi zuela petrala zen ta
oraindik petralagoa. (bis)

Peñagarikano:
Neure denboran nik hau hezitzen
egin nuen ahalegina
eta azkenik berak eman dit
neri disgusto haundina;
ta orain berriz gela berean
sartzen didazu zizaña,
nahiago nuen istripu hartan
bertan geratu bazina! (bis)

Telleria:
Hogei urtean ikusi gabe
halare ez nau graziko,
baina aita bezin desio txarrez
semea ez da hasiko;
Nik ikusi det pena besterik
nahiz ez den lehendabiziko,
Jainkoai esker hogei urtera
nere aita ez da biziko! (bis)

Peñagarikano:
Gure etxetik alde egin zuen,
hogei urte pasa ditu;
ustekabean azkenik ere
ospitalean aurkitu;
batean sonda, besten sueroa
eta ezin naiz mugitu,
plaztako latza emango nion
eskuak libre banitu! (bis)

Telleria:
Ikusten ditut aita xahar honek
darabilzkin pikardiak,
gorrotoz bete daduzka honek
bihotza eta begiak;
ezin onartu bere semeak
kantatutako egiak,
lehen inutil zen, gaur inbalido
ta bukaerako biak. (bis)