Bertsos - Voir fiche Pour savoir plus sur cette section
Ama Guadalupekoari [Bertsoa] / Joxepa Antoni Aranberri "Xenpelar"
Ama Guadalupekoari [Bertsoa] / Joxepa Antoni Aranberri "Xenpelar"
Dokumentu-mota:
Liburua
Argitalpenaren izenburua:
Xenpelar eta bere ingurua [Liburua]
Localisation:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
1
Nere aurreko bertsolariyak
fede onetan ill dira,
euskaldun onak bezela dira
gaxuak ....................
illuntasuna besterik ez dan
batek zure kondaira,
zure laguntzik ez baldin badu,
eziñ atera argira.
2
Adan-en saiets ezur batetik
nola dan Eba sortua,
au pentsatzian nik ekusten det
naizela gauza bajua;
bañan biotzak dio barrendik,
Ama Guadalupekua,
zure laguntzaz kontatutzeko,
eta asitzera nijua.
3
Jaizkibel-dikan asitzen zaigu,
Ama, zure kondaira,
esanaz nola zeguen arbol
eta piztiz estaliya;
Naparruatik etortzen zala
eizera jende aundiya,
bai eta ere erregezkoak
utzirikan jauregiya.
4
Zeruetatik zuk ekustean
munduban zerbait galera,
zenbait alditan etzaitu jetxi
amoriyuak lurrera!
Lau eunkida izango dira
urte gutxi gora-bera,
gure anparotzat etorri ziñan
Olearsoko gañera.
5
Ondarrabiyan sartu etzedin
Frantzitik kontrariyua,
Felipe II-garrenak eragin
zuen emen gazteluba;
beste fuerte bat orra or bertan
askozaz senduagua,
zeñari ez diyon iñork kenduko
bere buruko korua.
6
Bi inozentek ezin zutela
ezagutu beren ditxa,
pensatu zuten izango zala
eguzkiaren dizdiza;
urbildu ziran mendi gañera,
an eman zizuten antza,
belaunikatu ziraden biyak,
egin zizuten otoitza.
7
Mendi au Tabor zan oientzako
nere esaera batera,
esango zuten: "Iñora gabe
ementxe biziko gera!"
Imajin ura an laja eta
nork oiek andik atera?
Bat an gelditu eta bestia
juan zan parte ematera.
8
Balore aundiko jende leiala,
fedezko Ondarrabiya,
sinisten dezu inozente ark
ekarri dizun berriya;
kabildo eta aiuntamentu,
ondoren jende aundiya,
Olearsora dijoaz danak
ekustera mirariya.
9
Igo ziraden Olearsora,
an zegoan imajiña,
nork esplikatu Ondarrabiko
jende aien atsegiña?
Bere Semea dauka besuan
baña da Ama Birjiña,
esaten zuten: "Egin dezagun
onratzera alegiña".
10
Elizatxo bat egin zizuten
gauza aundirik gabia,
denborarekin egingo zala
gero beste bat obia;
seta gaiztoko frantzesak galdu
nai euskaldunen fedia,
purrukatuta utzi zituen
eliza eta aldaria.
11
Zure oroipena etzedin izan
andikan aienatua,
urte barruban eman ziyoten
berriz ere telIatua;
milla sei eun larogei eta
amaikan zan bukatua,
ez dakit bada zergatikan dan
orren deskalabratua.
12
Milla zazpi eun irurogei ta
amabigarren urtia,
iñork ez daki nola izan zen
zure eliza erretzia;
etzan bakarrik eliza erre,
baita serora-etxia,
zure alaja zillarrezkuak
danak bertan urtutzia.
13
Izanagatik purrukatua
eta bi aldiz erria,
bañan etzuten oiekin iltzen
euskaldunaren fedia;
bere gloriyan gerta dedilIa
on Joakin Ollo abadia,
onek eragin zuan eliza,
etxia eta torria.
14
Mirari asko arkitzen dira
kondaira onen azkenian,
luziegiya ez det izan nai
gaur artu dedan lanian;
bat esatera saiatuko naiz
al dedan lagurrenian:
nola frantzesak sartu nai zuen
Españiako lurrian.
15
Milla sei eun irurogei ta
emeretzigarrenian,
Ondarrabiya esitutzera
frantzesa zela bidian;
Juana Maria ango serorak
au aditu zuenian,
zure imajiña artu eta juan zan
kalera egiñalian.
16
Orretarako abisatzen du
zer dijoan egitera,
andre on oni irteten zaio
erri dana portalera;
atsegin eta pozez beterik
daramate aldarera,
auspezturikan egin ziyoten
modu onetan eskaera.
[Antonio Zavalaren oharrak: Esku-idatzi batetik kopiatutako bertsok dira eta papera zikin samar dago. Lehenengo bertsoaren laugarren lerroa ezin da irakurri. Hamaseigarren bertsoa irakurri eta ez dirudi saila hor bukatu behar duenik. Jarraipena izango zuen seguraski, baina guk eskuratutako esku-idatziak amaiera hor du]
Iturria: Zavala, Antonio. Xenpelar eta bere ingurua. Oiartzun: Sendoa, 1993. http://ttiki.com/52324