Bertsos - Voir fiche   Pour savoir plus sur cette section

2023-12-15 Hernani Lagun-artekoa [Bertsoa] / Andoni Egaña, Maialen Lujanbio

Bertsoa entzun  

Information genérale

Kategoria
Bat-batekoa
Représentation Périodique (Saioarena)
Bertsolata (28. 2023. Hernani)
Représentación
2023-12-15 Hernani Lagun-artekoa
Bertsolaris / Auteurs
Egaña, Andoni
Lujanbio, Maialen
Exercice
Binaka gaia-emanda
Sujet proposé
Albistegietan aldaketak dira aipagai: Urkullu eta Pradales, Ibarrola eta Asiron… Zuen arloan ere tokatu zaizue erreleboa eman beharra.

Description

Air
Behin batean Loiolan III
Nom de la strophe
Zortziko txikia (hg) / Lau puntuko txikia (ip)

Localisation

Localisation
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Collection / Fond / Projet
Bapatean Bilduma

2023-12-15 Hernani Lagun-artekoa [Bertsoa] / Andoni Egaña, Maialen Lujanbio

Nom de la strophe:  Zortziko txikia (hg) / Lau puntuko txikia (ip) 
Localisation:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


M. Lujanbio
Gaztetzea komeni
delako bizitzan
Pradales jarri dute
hala komeni zan
gero Arnaldon kalkoa
Otxandiano gisan
Asironena ez da
erreleboa izan. (bis)

A. Egaña
Maialen hori da hori
ze jakinduria!
Zure mingainetikan
hori isuria!
Lehenengo biek dute
lehengo irudia
ta Asironena da
folio txuria. (bis)

M. Lujanbio
Pradales ze kurioso
nundikan irten da?
Urkullun hain iguala
nola leike prenda?
Otxandianok’e dauka
tankerako xenda
bistan biak bereizten
kosta egiten da. (bis)

A. Egaña
Klonak egite hortan
dabiltz ahaleginez
zerbait sor al liteke
kopiaren grinez?
Pradales arraunlari
omen gendun zinez
ta aurrera egin nahi du
atzera eginez. (bis)

M. Lujanbio
Atzera ta aurrera
ez da gaizki ari
hori gustatzen zaio
ta EAJri
tendentzia guztiei
jarriz gero adi
gizon bat kuarentoia
berriz lehendakari! (bis)

A. Egaña
Kuarentoia behar du
gainera gizona
nunbait horixe dugu
haien konfort zona
lehendakari bat badut
zinez oso ona
emakumezkoa da
eta kuarentona. (bis)

M. Lujanbio
Politikan ai zenbat
negozio laino
batzuk joan behar dute bai
agintetaraino
joku politikoa
gauza labaina ño!
Edozer nahiago dut
hor sartzea baino. (bis)

A. Egaña
Politikan dena ke
edota dena su
ahul bihurtzen dakite
joana indartsu
bertsotan releboa
eman nuen aizu
ta zuri ematea
otu ote zaizu? (bis)

M. Lujanbio
Urkullu ta Pradales
ze bi tipo berun
Otxandiano Otegi
izan leike, segun
kopia behar dezu
zu zinen txapeldun
relebo naturala
Mendiluze zendun. (bis)

A. Egaña
Baina gogoan daukat
une goren hura
zu jarri zintuztena
txapeldun modura
Mendiluze, ez nuen
zalantza, ez duda
bertsoa kultura da
ta ez da natura. (bis)

M. Lujanbio
Lehen erantzun dizut
galdera erdia
nere releboana
daukat igerria
ta ohartuta dago
ja Euskal Herria
orain rubia dala
morena berria. (bis)

A. Egaña
Burua Ibarzabal
ta Iguaranen
erdi erantzunikan
ez jaurtiki hemen
galdera egingo dizut
xehe bezain nabarmen
esaiguzu rubia
Hernanikoa den. (bis)

M. Lujanbio
Nola izango ote da
biharko patua?
Algorta aldean bat
indarra batua
ta beste rubia bat
zaude ohartua
hernaniarra ez dakit
hernaniartua. (bis)

A. Egaña
Hori buruan ez zait
oso ondo sartzen
edo bestela ez det
hitzik ondo hartzen
ar ta artu bereizten
hasia ausartzen
noiztik hasia zaude
muga horiek jartzen? (bis)

M. Lujanbio
Argi esango det edo
bizkaieraz klaru
akatsaren marjena
hartuz nere kargu
irabazten ez badu
Markinan daukagu
hernaniarra izango da
irabazten badu. (bis)

A. Egaña
Ezin degu luzaro
kaka nahasten ari
eta gainera gu geu
gozatu igari
orain zer ein behar den
nork ez du nabari?
Erreleboa pasa
gai-jartzaileari. (bis)