Bertsos - Voir fiche Pour savoir plus sur cette section
2025-11-01 Usurbil Berezia [Bertsoa] / Aitor Etxebarriazarraga, Maialen Lujanbio
2025-11-01 Usurbil Berezia [Bertsoa] / Aitor Etxebarriazarraga, Maialen Lujanbio
Nom de la strophe:
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)
Localisation:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
A. Etxebarriazarraga
Hamabi urte, ta hiru urtez
han aritu izan zara
orain artean kexatu gabe
joanda aldagelara
ez dut epairik, soilik ardura
baina behar dizut galda
kolpera iritziz alda dezazun
zerbait pasatu al da ba?
M. Lujanbio
Hamabi urte pasatu dira ta
garapen bat eskaini
nere gorputzak ez du haur baten
lehengo azal, lehengo mami
eta lotsatu eiten naiz aita
nahiz ta zuk esan “Ze mani!”
galtza motzetan eroso nago
baina biluzik ez naiz ni.
A. Etxebarriazarraga
Beraz sentitzen zara aldaketa
horrek hartuta katean
baina horren goiz hasi beharra
al da egonez apartean?
Hausnar dezagun beste aukera bat
egon dago hainbatean
eta aldatu ote leikezu
beste aldagela batean?
M. Lujanbio
Ez nuke hartu nahi aparteko ta
bereziaren papela
eta etxean badaukat dutxa
intimoa ta epela
nere kideak sentitzen ditut
denak hain apain bezela
ta iruditzen zait begiradekin
parre egiten didatela.
A. Etxebarriazarraga
Hori edade kontua da ta
eraginda hainbat baliok
horri ere aurre ein behar zaio
eta alaba halan diot
indartsu izan behar dozula
sikatuz begi bustiok
ze hemen lotsa ta konplejuak
euki daukaguz guztiok.
M. Lujanbio
Zuri ere pasa al zaizu aita
halakotan nahastea?
Nik ikusten dut bat garatua
ta ileduna bestea
batak titiak hazita dauzka
bestea erdi trastea
eta ni aldiz erdi bidean
ez haurra ta ez gaztea.
A. Etxebarriazarraga
Hemen bakoitza gaztetzen doa
tokatzen zaion neurrira
eta diozu zure hazkundea
momentu hontan urri da
baina besteak hala dabiltza
ta egoeraren harira
inoiz ez zara eroso egongo
falta zaizunai begira.
M. Lujanbio
Hamabi urte! Zer sentitzen dudan
esango baldin banizu…
Zer falta dudan kontatuz gero
jarriko zinake izu
gure garapen titi ta alu
gerri, ipurdi ta pisu
aita futbolaz igual bai baina
hontaz ezer ez dakizu.
A. Etxebarriazarraga
Gure adinean ta gorputzetan
ez gara bizi musutruk
nahiz ta mutila jaiotzen naizen
badauzkat konpleju batzuk
arrazoi duzu orain denbora
hartu behar duzula zuk
prozesu honetan zaila izan arren
zurekin ikasiko dut.
M. Lujanbio
Ta sentibera plantak eginez
al zatoz orain nigana?
Galdera egin dizudanean
jartzen didazu dibana
gaur arte urrun sentitu zaitut
aldiz hurbil beti ama
hobe zenuen kontu hauetaz
lehenago hitz egin izana.
