Bertsos - Voir fiche Pour savoir plus sur cette section
1997-12-12 Zumarraga Jaialdia [Bertsoa] / Sebastian Lizaso, Anjel Mari Peñagarikano
Bertsoa entzun |
1997-12-12 Zumarraga Jaialdia [Bertsoa] / Sebastian Lizaso, Anjel Mari Peñagarikano
Nom de la strophe:
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)
Localisation:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
S.Lizaso:
Aizazu Peña, ez al zabiltza
aldrebes edo zelebre?
Konbenioa izanagatik
gure harremanen zutabe,
lehen bi alditan oporrak hartu
eta zuretzat mesede,
hirugarrenan eskean zatoz
ta oraindik ezkondu gabe. (bis)
Peñagarikano:
Ai nagusia, hamabost eguna
aisa dituzu kontatu,
berriketako bikotea're
gu ez gerade juntatu!
Txorien gisan nola nabilen
ez al zera konturatu?
Urte berean egiten dute
ezkondu ta apartatu. (bis)
S.Lizaso:
Txorian gisan nola zabiltzan
zeuk egin dezu aitortza,
nahiz oilagorran pinta eduki
jokaeraz zera hontza.
Ez da luzea loturarekin
zuk dadukazun morrontza:
hamabost egun oporretan ta
egun bateko ezkontza. (bis)
Peñagarikano:
Lantoki hontan ez det egiten
horrenbeste enbarazu,
zer dela-eta langileari
honek egin amenazu?
Hamabost egun eskatu eta
ukatu egiten didazu,
txorien gisan nabil ni baina
pajaro ederra zera zu! (bis)
S.Lizaso:
Zuk nere berri bazenekien
enpresa hontan sartzean.
Hirugarrengo aldian zaude
zu ezkontzeko trantzean;
baietz esan ta azkar bidali
pixka bat ezagutzean,
ta produkzio berdina dezu
fabrikan eta etxean. (bis)
Peñagarikano:
Nagusiakin nik izaten det
hola hainbeste disputa,
eskubideak nirekin ditut,
arren ez zaitez izkuta!
Hamabost egun eman behar-ta
hau dago haserretuta,
ta andreari lau hilabete
haurra izan behar du-ta. (bis)