Bertsos - Voir fiche Pour savoir plus sur cette section
1987-12-20 Bilbo Txapelketa [Bertsoa] / Jon Lopategi
1987-12-20 Bilbo Txapelketa [Bertsoa] / Jon Lopategi
Localisation:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Ene umea lehenengo aldiz
gaur eskolara hasia
zuk ezin dozu ondo ulertu
aitak dadukan auzia.
Gizon jakintsu izan zaitela
baita nire gutizia
oso estua izaten dogu
ezjakinaren hesia,
eta gainera etorten jako
etsai danen malezi.
Horrexegaitik eskeintzen dautsut
nik eskolaren grazia
horrek ez dauka inun galtzerik,
dana da irabazia,
hau da aukera berezia
aberasteko bizia,
eskola bidez lortuko dozu
gero nahi dozun guzia.
Beharrezkoa dudarik gabe
da eskola gizartean
hori gerora azalduko da
haurra zeure izatean.
Aitak zu zelan hona ekarri
ez balitz borondatean
badakit nik zer ondorio dan
maisuengana joatean;
gu ere bardin ibiltzen ginan
banaka edo katean
denbora askorik ez nintzan joan
hori zen neure kaltean.
Ene semea ez zaite jarri
aukera honen apartean,
ikasi bete betean,
ahalegin eta nekean,
ez egidazu negarrik egin
gaur jakintzaren atean.
Eskola hori publikoa da
hala jarri dabe moda
jende guztiak erabiltzeko
hemen ta hemendik kanpora.
Haur guztiak lez pasatu bertan
behar den hainbat denbora
bildurrez zagoz ume maitea
baina egizu aproba,
aitak dinona egia bada
zihurtatzeko asmora
orain ez zatoz toki hontara
dirudienez gustora,
ze gauz ona dan jakingo dozu
ta momentuz ez aztora,
zu zara Herriko lora
ta jaso bihotza gora
zure jakintzaz egunen baten
gure Herri hau salbako da.