Biographies - Voir fiche Pour savoir plus sur cette section
Antonio Irigoien
Datu pertsonalak
Bertsolarisme
- Spécialisation principale
- Bertso-eskolako eragilea
Information biographique
- Biographie
- Elgoibarren (Gipuzkoa) jaio zen 1935eko abenduaren 2an. Gerra denboran, nazionalak herrian sartu eta aita frontean zutela, Joxepa Mancisidor amarekin batera herbesteratu zuten. Gerra bukatu eta gutxira Debara aldatu zen familia eta bertan bizi izan zen ezkondu arte. Elgoibarren bizitu ziren ezkondu osteko lehen hemezortzi urtetan (1964-1982), Bilbora bizitzera joan ziren arte. Hemen egingo zituen hurrengo urte guztiak, Txurdinaga auzoan lehenik eta San Inazion gero.
Hamalau urterekin hasi zen lanean, zurgintzan, fundiziorako moldeak egiten, eta lanbide hori izan zuen Bilbora joan bitartean. Hemen, lana eta ikasketak uztartu zituen eta Zuzenbidean lizentziatu zen UNED urruneko unibertsitatean. Ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiko Osasun arloan eta Foru liburutegian, Portugaleteko Udaleko euskara zerbitzuan, eta, azkenik, Bilboko Udaleko Ogasun sailean aritu zen lanean, 70 urterrekin jubilatu zen arte.
Kulturazalea, euskaltzalea eta bertsozalea izan da. Elgoibarko Izarra Euskara Elkarteko presidente izan zen (1980-1981). Bere agintaldian sortu zuten Elgoibarko bertso-eskola, Angel Ugarteburu irakasle zela.
German Uriguen Ormaetxea "Etxegiña"k santa eskean irteteari uztea erabaki zuenean, omenaldia egin zioten Herriko Antzokian (1981). Ingurumaria horretan bururatu zitzaien Elgoibarren bertso-eskola sortzea eta hari bultzada ematea. Juanito Dorronsoro Zumaiako bertso eskolaren sortzailearekin, Xabier Amurizarekin eta 1974an, Eskoriatzako Almen ikastolan, haurren lehen bertso-eskola sortu zuten Patxi Goikolea, Joanito Akizu eta Xanti Iparragirrekin hartu-emanetan jarri ziren, eta bertso-eskola sortu zuten Elgoibarko Izarraren babesean.
Urte horretan, 1981ean, antolatu zuten lehen Etxegiña Bertso Paper Lehiaketa ere; handia eta erabakiorra izan zen Antonio Irigoienen eginahala hastapen haietan, gero proiektuaren ardatza bilakatuko zen Angel Ugartebururen hitzetan.
2024ko abenduaren 11n zendu da Bilbon, 89 urte zituela.