Haitzondo - Fitxa ikusi Atal honi buruz
Jon Sarasua
Datu pertsonalak

- Izena
- Sarasua, Jon
- Izen abizen osoak
- Sarasua Maritxalar, Jon
- Jaiotza
- 1966 Aretxabaleta + Aretxabaleta < Debagoiena < Gipuzkoa < Euskal Herria
Bertsolaritzan
- Jarduera mota nagusia
- Bertsolaria
- Jarduerak
-
Bertso-jartzailea Eragilea Ikertzailea - Jarduerei buruzko azalpenak
- Bertsolari emankorra, bat-batean zein idatzian. Sariketa, lehiaketa eta txapelketa askotan hartu zuen parte lehen urtetan, eta kanturako hitza asko sortu ditu. Oso luzea da bere ekoizpen zerrenda:
Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa: 1981 (txapeldun), 1982, 1983 eta 1984 (txapeldun).
Etxegina bertso-paper lehiaketa (Elgoibar): 1982 (1. saria, maila nagusian) mailan)
Lizardi saria (Zarautz): 1982, 1983 (txapeldun) eta 1984.
Osinalde saria (Errenteria): 1982 (txapeldun).
Xenpelar saria (Zarautz): 1983, 1984 (txapeldunorde) eta 1985 (txapeldun eta bertso onenaren saria)
Artxanberri eta Patxi Errota saria (Zaldibia): 1983 (2.) eta 1985 (3.)
Errexil saria (Urruña): 1984 (bertso onena) eta 1988.
Leniz Bailarako bertso txapelketa (Apotzaga, Eskoriatza): 1984 (txapeldun), 1985 (txapeldun) eta 1988 (txapeldun).
Fernando Amezketarra Herriarteko Txapelketa 1985: Aretxabaletako taldean, Aitor Sarasua eta Arantzazu Loidirekin.
Gipuzkoako Herriarteko Bdertsolari Txapelketa 1995: Leintzko taldean.
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia: 1986 (finalista) eta 1989.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa: 1991 (finalista)
Bere hitzak daramatzate hainbat kantu ezagunek: "Borreroak Baditu Milaka Aurpegi" (Negu Gorriak); "Insumisoarena", "Euskaldun berriaren balada", "Zalaparta", "Topa dagigun"(Oskorri); Durangoko azokaren eskaerari erantzunez, Aitor anaiarekin landutako "Fauna txiki bat bertso berritan" emankizuna (Durango, 1994-12-10) argitaratu zuen Elkar argitaletxeak 1995ean.
Doinu sortzaile gisara ere utzi du bere arrastoa: "Fauna txiki bat" emankizunean plazaratu zituzten berak sortutako "Sarasua da gure" eta "Saltarina da txepetxa eta" doinu berriak.
Epaile lanak egin izan ditu: Balendin Enbeita bertso-paper lehiaketa 1989, 1990, 1991 eta 1992an.
Bertso-eskolako irakasle: Orio, 1985; Almen, 1996; eta aldian aldiko beste batzuk.
Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko zuzendaritzakidea urte askotan (1986-2001), bertsogintza eta bertsolaritzari buruzko hainbat ikerketaren egile eta eragile izan da.
Datu biografikoak
- Biografia
- Aretxabaletan jaio zen (Gipuzkoa) 1966ko apirilaren 13an familia euskaldun eta euskalzale batean. Joxemari Sarasuaren eta Mertxe Maritxalarren sei semeetan bigarrena da, anaia du Aitor Sarasua bertsolaria. Loramendi Ikastolan (Aretxabaleta) eta Almen Ikastolan (Eskoriatza, Gipuzkoa) egin zituen batxilerra amaitu arteko ikasketak. Kazetaritza eta soziologia ikasketak egin zituen gero, Bilbon (EHU), eta Informazio zientzietan doktore da: 1996an aurkeztu zuen Iñaki Zabaleta Urkiolaren zuzendaritzapean egindako"Bi begiratu euskarazko kazetari hizkerari ..." izeneko doktore tesia.
Mondragon Unibertsitateko irakaslea da (Pentsamenduaren historia) HUHEZIn, Humanitateak eta Hezkuntza Zientzien fakultatean. Unibertsitate horretako LANKI Kooperatibismoaren Ikertegiaren sortzaile (2001), bultzatzailea eta arduraduna izan zen lehen urtetan; GARABIDE hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuak laguntzeko Lankidetza Elkartearen sortzaile (2005), zuzendaritzakide eta lankide da. Eusko Jaurlaritzako Euskararen Aholku Batzordeko partaidea da 2014az gero; Euskatzaindiak, euskaltzain urgazle izendatu zuen 2021ko azaroaren 26an, eta erakunde horren "Euskararen Gogoetagunea"ko koordinatzailea da.
Almen ikastolan Joanito Akizuk, Patxi Goikoleak eta Xanti Iparragirrek abiatu zuten bertso-eskola aitzindariko lehen taldeko kidea izan zen bere anaia Iñaki eta Aitor, Arantzazu Loidi, Jon Iñaki Izartzelaia, Felix Iñurrategi, Danel Goikolea eta beste hainbatekin batera. Talde horrek egin zuen ibilbideari jarraitu zion: Almen ikastolako geletatik Apotzagako Hauzo Etxe elkarteko bertso-eskolara lehenik, jendaurrera ohitzeko bertso zaharrak kantatuz herriz herriko ibilia gero, eta, azkenik, bat-baterako jauzia Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketan.
Bat batean eta jendaurrean, lehen Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketan (1981) kantatu zuen lehen aldiz, eta berarentzat izan zen handien mailako lehen txapela. Hamabost urte zituen. Handik aurrera, herriz herri kantuan eta garaiko gazte-txapelketetan parte hartzen jarraitu zuen, sari ugari bilduz: Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa (1984), Lizardi (1983), Osinalde (1982), Xenpelar (1985), ...
1986ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartu zuen, eta, sailkapen fase guztiak gainditu ondoren, Donostiako Belodromoan jokatu zen lehen finalean kantatu zuen. Hogei urte betetzeko artean, bertso-eskola berriaren ordezkari eta erreferentzia bilakatu zen, eta bertso-plaza handienen ateak zabaldu zitzaizkion. Finalaren ate-atean gelditu zen 1989ko EH-ko Txapelketa Nagusian. 1991eko Gipuzkoako Txapelketa izan zen parte hartu zuen azkeneko txapelketa, eta oihartzun handikoa izan zen txapelketekiko ezinegona eta kexua plazaratzeko burutu zuen ekintza: finalean, Donostiako Belodromoan, kartzelako laneko hirugarren bertsoan gaitik atera eta doinua eta neurria aldatu zituen. 1993ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan ez parte hartzea erabaki zuen gero.
Zeresan ugari eman zuten ekintzak izan ziren, baina ez zioten gutxitu plazako eskea, eta plazetan presentzia handia izaten jarraitu zuen. "Von Hittel Lindau" (VHL) gaitza diagnostikatu zioten 2000 urteko lehen hilabetetan; maiatzaren hondarrean egin zioten lehen ebakuntza hark ahotsarik gabe utzi zuen hilabete batzuetarako, eta guztiz urrundu zuen bertso oholtzetatik. Geroztik, oso tarteka egin izan du agerraldiren bat, lagunartean edo saio bereziren batean.
Bat-bateko bertsolari gisara nabarmendu da bereziki, bera izan da Almeneko talde hartatik ibilbide luzeena eta emankorrena egin duena. Horretaz gain, ordea, ekarpen handia eta nabarmena egin du kantu letragile gisara. Bere hitzak abestu dituzte Oskorri, Negu gorriak, Kepa Junkera, Joseba Tapia eta beste hainbatek, eta zabalkunde handia lortu dute horietako askok: "Insumisoarena", "Euskaldun berriaren balada"eta "Topa dagigun" batzuk aipatze arren. Langintza horretan, halere, aipagarria da Aitor anaiarekin Durangoko azokan aurkeztutako "Fauna txiki bat bertso berritan" emankizuna (Durango, 1994-12-10), gero disko biuhurtua (Elkar, 1995).
Besteak beste, Argia, Jakin, Bertsolari aldizkarietan eta Euskaldunon Egunkarian idatzi ditu artikuluak. Andoni Egañarekin batera, bertsolaritzari eta bertsogintzari buruzko hainbat hausnarketa biltzen dituen " Zozoak beleari" (Alberdania, 1997) saiakera liburua argitaratu zuen, eta honen ondoren, "Biziaren hizkuntzaz: Txepetxekin solasean" (Gara, 1997) gogoeta liburua. Euskalduntasunaz eta munduan zehar egindako harremanen inguruko saiakera liburu ugari argitaratu ditu 2010az gero.
Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko sortzaile taldeko partaidea, Zuzendaritza Batzordeko kide izan da urte askotan 1986tik 2002 urtera bitartean. Batzorde desberdinetako arduraduna izan da urte horietan, baina bereziki nabarmentzekoa da, 1990ko hamarkadan, beste batzuekin batera, Elkartearen norabidea erabakitzen eta finkatzen egindako ekarpena eta lana.
2024ko apirilaren 28an, Almeneko haur bertso-eskola haren sorreraren 50. urteurrenean, aitzindaritza aitortuz eta eskertuz, Gipuzkoako Bertso-eskolen Eguna antolatu zuen Aretxabaletan Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak.
Bertsolaritzan lehen pausuak
- Lehen plaza
- Donostian, 1981ean, Balda pilotalekuan, Gipuzkoako Eskolarteko txapelketan
Argitalpenak
- Argitaratutako liburuak
- Sarasua, J.; Egaña, A. Zozoak beleari (bertsolaritzari eta bertsogintzari buruzko hainbat hausnarketa), Alberdania, 1997.
Garzia, J.R. Jon Sarasua bertso-ispiluan barrena (elkarrizketa). Alberdania, 1998.
Sarasua, J.; Egaña, A.; Garzia, J.R. Bat bateko bertsolaritza (euskaraz, espainolez, fratsesez eta ingelesez argitaratua). EHBE-Bertsolari liburuak, 2001.
- Argitaratutako grabazioak
- Sarasua, J.; Sarasua, A. Fauna txiki bat bertso berritan. Elkar (1995)
Kantu hauen hitzen egilea da, besterik beste:
Zer espero. Triki up. Kepa Junkera (Elkar, 1990)
Espetxea. Triki up. Kepa Junkera (Elkar, 1990)
Begi nini nimiñoa. Dultzemeneoa. Tapia eta Leturia (Elkar, 1992)
Abya yala. Dultzemeneoa. Tapia eta Leturia (Elkar, 1992)
Txapelau. Dultzemeneoa. Tapia eta Leturia (Elkar, 1992)
Lurraren seme. Dultzemeneoa. Tapia eta Leturia (Elkar, 1992)
Euskaldun berriaren balada. Badok hamairu. Oskorri (Elkar, 1992)
Borreroak Baditu Milaka Aurpegi, Negu Gorriak. (IZ, 1993)
Profezia. Kalejira al-buk. Kepa Junkera. (Elkar, 1994)
Insumisoarena. Landalan. Oskorri. (Elkar, 1995)
Zalaparta. 25 kantu urte. Oskorri (Elkar, 1996)
Topa dagigun. 25 kantu urte. Oskorri (Elkar, 1996)
Mode. 25 kantu urte. Oskorri (Elkar, 1996)
Atzo goizean. 25 kantu urte. Oskorri (Elkar, 1996)
ETB eta izeba. Saturnotrik. Imuntza eta Beloki (Elkar, 1996)
Oihan jaia. Ero. Tapia eta Leturia Band (Elkar, 1997)
Zu zira zu. Ero. Tapia eta Leturia Band. (Elkar, 1997)
Mundiala! Kilometroak 98 (Ikastola elkartea, 1998)
Nire begi ninia. Desertore. Oskorri (Elkarlanean, 2003)
- Beste argitalpenak
- Sarasua, J. Bi begiratu euskarazko kazetari hizkerari: gaiari egindako gainbegiratua eta euskarazko kazetaritzaren tradizioko lau kazetatan hitz eta esamoldeen hustuketa kualitatiboa. Doktorego-tesia. EHU, 1996.
Sarasua, J. Biziaren hizkuntzaz: Txepetxekin solasean. Gara, 1997.
Sarasua, J.; Agirre, N.; Azkarraga, J.; Elio, E.; Garcia, O.; Udaondo, A. Lankidetza. Arizmendiarrieta eraldaketa proiektua. Lanki ikertegia, Mondragon unibertsitatea, 2000.
Sarasua, J. Ertzeko zatiak. Komunikazio biziagoa-Argia, 2010
Sarasua, J. Hiztunpolisa. Euskaltasunaren norabideaz apunteak. Pamiela, 2013
Sarasua, J. Bost truke. Andeetako, Kurdistaneko eta Serbiako jasokinak. Pamiela, 2015
Sarasua, J. Harizko zubiak. Haiti, Pernambuco, Mexiko eta Tangerreko jasokinak. Pamiela. 2022