Biografiak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

Milia Lasturkoren ahizpa

Datu pertsonalak

Izena
Milia Lasturkoren ahizpa
Jaiotza
1400 Lastur + Lastur < Itziar < Debabarrena < Gipuzkoa < Euskal Herria

Bertsolaritzan

Jarduera mota nagusia
Bertso-jartzailea

Datu biografikoak

Biografia
Milia Lasturkori bere heriotzean ahizpak kantatutako bertsoak iritsi dira guregana. XV. mendekoak dira. Milia haurra erditzean hil zen, eta antza, bere senarra, Oroko Peru Garzia, ordurako Marina Arrazolakorekin ezkontzekotan zegoen.

Ahizpak, Miliaren lurperatzean kantatutako bertsoak dira.

"(...) mende horretan bertan agertzen dira andrazkoen ekarpenak ere: XV-XVI. mendeetan eresien egileak ditugu hauek; Butroeko Gomez Gonzalezen alaba, Ozaetako Santxa, Lasturko Miliaren ahizpa, Oroko Peru Gartziaren ahizpa eta Alosko Usoa. Hau da euskal literaturan emakumeen lehenengo agerpena. Ahozko literaturarekin daukate zerikusia; beraz, literatura idatzia baino lehenagoko testigantzatzat hartuko ditugu emakumeen tradizio literario bat sortzeko saiakera honetan (eta dudarik gabe, bertsolaritzaren aitzindaritzat hartuko ditugu andre hauek). Denak dira familia aberatsetakoak, eta hil berri den senar, aita edo ahizpari abestuko diote euren historia kontatuz.
(...)
Patxi Salaberrik esaten duena eresilariei buruz eta Milia Lasturkoren eresiei buruz da hurrengo aipua: Azpimarratzekoa da, halaber, horietako batzuetan (hil ondoko eresietan, besteak beste) emakumeek zuten protagonismoa, bakarka zein besterekin lehian, beraiek baitziren poema-sortzaile eta garatzaileak. Agian Milia Lasturkoren eresiak dira horretan adierazgarrienetakoak.
Eresi hauek, bat eta bakarra bailiren ezagutaraziak, errealitatean bi une kronologiko desberdinetan kantatutako zatiez osatzen dira, bietan eresigile nagusia hildako emakume lasturtarraren ahizpa delarik. Bertsolari-desafioen antzera, alargunaren arrebak ere erantzuna luzatu dio Lasturkoari, beronek erabili neurri eta (musika-)ereduak baliatuz eta nebaren defentsa eginez. (Salaberri 2002, 35)"

Iturria:
- Alvarez, Amaia. "Euskal Emakume idazleen lekua literaturaren historian". IN. Jakin aldizkaria, 148 zkia, 2005eko maiatza-ekaina. https://tinyurl.com/y67bkklg ]
- Salaberri Muñoa, Patxi. "Iraupena eta lekukotasuna. Euskal literatura idatzia 1900 arte". Elkar. Donostia. 2002.
- Klasikoen gordailua: Garibay-ren memoriak. https://klasikoak.armiarma.eus/testuak/herri14011.htm