Bertsos - Ver ficha Más información sobre esta sección
2024-06-30 Usurbil Jaialdia [Bertsoa] / Xabat Galletebeitia, Beñat Gaztelumendi
Bertsoa entzun |
2024-06-30 Usurbil Jaialdia [Bertsoa] / Xabat Galletebeitia, Beñat Gaztelumendi
Nombre de la estrofa:
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)
Localización:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
B. Gaztelumendi
Pulsazioak sumatzen ditut
hemen xuabe-xuabe
zopa pixka bat bazkaltzeko ta
sofarantza bare-bare
etxaferoak batetik eta
hortik Tourra parez-pare
kalean ondo genbiltzan baino
hola’re gaizki ez gaude.
X. Galletebeitia
Egunero ezin gara ibili
egurra botaz suari
bion beharrak sala batetan
bihurtzen dira ugari
soinu banda maiz iristen zaigu
txaranga zein txistulari
tarteka zentzu pixka’t ematen
dio gure munduari.
B. Gaztelumendi
Bai honek zentzu pixka bat ere
ematen dio jakina!
Zure ondoan azkar ahazten zait
ondoeza eta mina
urteak doaz aurrera eta
adina beti adina
pena bat daukat nigatik festak
zuk difrutatu ezina.
X. Galletebeitia
Aita penarik ez ‘zazu izan
ezin dut hori ukatu
neuk nahita nago hemen ez baitut
derrigorrean bukatu
etxean ere ondo bainago
ez dut jairik zurrupatu
eta kaleaz baino nahiago
dut nik zutaz disfrutatu.
B. Gaztelumendi
Egia da bai nik ’e gozatzen
dut zure aldamenean
urte askoan beti fabrikan
nenbilen ekimenean
ta orain hara, zu eta biok
parez pare azkenean
pena bat daukat gutxi egona
zu umea zinenean.
X. Galletebeitia
Ume garaiak dagoeneko
ematen ditut ereintzat
ta disfrutatu behar ditugu
uzta berrien eskeintzak
zer dira festak ta zer gara gu
geu eta geure despentsak?
ETB1ek mariatxiak
jarriko dizkigu behintzat.
B. Gaztelumendi
Mariatxiei begira hortxe
egoten gera gustora
baina aurretik albistegitan
nabil sustotik sustora
Iparraldean eskuin muturra
igo omen zaigu gora
itzali ezazu telebista ta
hurbil gaitezen leihora.
X. Galletebeitia
Edo leihoa itxi dezagun
jarraian alderik alde
ta telebista ere itzali
zertarako zen? Enbalde!
Armarioan pattarra dago
zaharra baina debalde
egin dezagun batera topa
gu ta bizitzaren alde.