Bertsos - Ver ficha   Más información sobre esta sección

2005-04-02 Zegama Jaialdia [Bertsoa] / Sebastian Lizaso, Maialen Lujanbio

Bertsoa entzun  

Información general

Kategoria
Bat-batekoa
Actuación
2005-04-02 Zegama Jaialdia
Gai-emailea
Goikoetxea, Josu
Bertsolaris / Autores
Lizaso, Sebastian
Lujanbio, Maialen
Ejercicio
Binaka gaia-emanda
Tema propuesto
Senar-emazteak zarete. Etxetik kanpo egiten duzue lana. Iluntzean telebista aurrean afaltzen duzue, eta ez duzu elkarrekin hitz egiten kasi. Telebista izorratu egin da. Gaur duzue telebista gabeko lehen afaria. Hizketan hasi beharko duzue.

Descripción

Melodia
Nere gogoa hegan dijoa
Nombre de la estrofa
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)

Localización

Localización
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Colección / Fondo / Proyecto
Bapatean Bilduma

2005-04-02 Zegama Jaialdia [Bertsoa] / Sebastian Lizaso, Maialen Lujanbio

Nombre de la estrofa:  Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip) 
Localización:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


S. Lizaso:
Orain ez degu garai batean
aina hitz eta txolarte;
gorputzez hurbil aurkitzen gera
sentimentutik aparte.
Telebistarik ez dago eta
irratia piztu maite
ia zertxobait entzuten degun
Segura edo Arrate.

M. Lujanbio:
Lehendabiziko kortinak zuen
zulotxoari begira;
gero mahaieko apurrak bildu
ta esku ahurrean tira;
gero hizketan norbait hasi da
"Maitea" esaka tira;
ohiera pozik joango nitzake
zortzi t'erdik ez balira.

S. Lizaso:
Arrazoi dezu orain ez gabiltz
garai batean bezela;
hitz jarioa gendun lehenago
ta orain mingain motela;
ez dakit zertan betetzen degun
senar-emazte papela?
Ez al da egia gu elkarrekin
eta bakarrik gaudela?

M. Lujanbio:
Horrelakoak egongo dira
nork daki milaka kasu.
Etxera ere pereza latzez
etortzen naiz pausuz pausu;
ixilik zaudela beiratuta
amorrazi eiten naiz aizu
eta hizketan hasten bazera
haserretu egiten nauzu.

S. Lizaso:
Zaila daukagu garai batean
genduen sua berpizten.
Halabeharrez hitz egitera
ere ez gera iristen;
inoiz edo behin ahalegintzen naiz
nahiz ta ez didazun uzten
noizbait egia esanda ere
zuk ez didazu sinisten.

M. Lujanbio:
Gaur egun ere gezurtia ta
lehen'e gezurtia zinan
andrea sarri amorrazi nahi
bai orain ta bai aintzinan;
telebista bat geneukan behintzat
gaur arte mahaian ixkinan!
Besteen desgrazieri begira
lasaiago bizi ginan.

S. Lizaso:
Gure bidea oso astuna
ez al da adiskidea?
Ezin banatu ez sentimentu
ez kontu ta ez idea
hola ez dago jarraitzerikan
hau egoera grabea!
Ta ez al degu hobe hartzea
bakoitzak bere bidea?

M. Lujanbio:
Lehenago ere geure bidetan
ein degu puska majua
nahiz eta gero batera bildu
egunan ordu bajua.
Gaur bi esaldi egin ditugu
ta joño hau da lujua!
Beatzik laurden gutxik badira
eta ohera nijua.

S. Lizaso:
Ordua da ta ohera zoaz
ohitura daukazu lehendik
baina gauza bat sentitua det
bihotzan barren-barrendik:
bakoitzak bere bidea hartu
benetan esan dizut nik;
hizketan hasi trabatu zera
ta maite nauzu oraindik.*

M. Lujanbio:
Honek lehen zeukan harrokeria
behintzat ez zaio txikitu;
trabatu naiz ta beregatikan
zala hori iruditu.
Trabatu naiz ta sustoa hartu det
esaldi bakarrak itu
aspaldi hontan ez zitzaidanez
bihotza hainbeste mugitu.

S. Lizaso:
Noizbait bederen mugitu zaio
ta ez zaio inportikan
ta azken hitzak egingo ditut
baina berak gogotikan:
agur andrea, agur bikote
noa zure ondotikan;
noizbait muxu bat emango dizut
baina telefonotikan.

M. Lujanbio:
Inoiz ahotsa sartzen badezu
telefonoan harira
ez zazu pentsa zure esperoan
eongo naizenik sikira.
Aldegin du ta isilik nago
pantaila hilai begira;
hau da suertea senarra joanda
seinalea etorri da!