Bertsos - Ver ficha   Más información sobre esta sección

2005-10-28 Beasain Jaialdia [Bertsoa] / Ekaitz Goikoetxea, Jon Maia

Bertsoa entzun  

Información general

Kategoria
Bat-batekoa
Actuación
2005-10-28 Beasain Jaialdia
Gai-emailea
Apalategi Astigarraga, Iñaki
Bertsolaris / Autores
Goikoetxea, Ekaitz
Maia, Jon
Ejercicio
Binaka gaia-emanda
Tema propuesto
Zuek biok itsasikara bat zetorrela-eta herritik alde egin behar izan zenuten. Itzuli zarete, eta dena txikituta dago. Ekaitz lur jota dago. Jonek, ordea, irribarre egiteko ez du arazorik.

Descripción

Melodia
Elizan sartu ziradenian A
Nombre de la estrofa
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)

Localización

Localización
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Colección / Fondo / Proyecto
Bapatean Bilduma

2005-10-28 Beasain Jaialdia [Bertsoa] / Ekaitz Goikoetxea, Jon Maia

Nombre de la estrofa:  Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip) 
Localización:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


J. Maia:
Lehenago ere negar egin dut
nik ez dakit zenbat aldiz.
Gaur paisaiari begira nago
berdin bihotzez ta begiz;
begira nago eta gainera
begiratzen diot irriz;
ez nuen uste bueltatzerikan
gure herriraino berriz.

E. Goikoetxea:
Urakan batek beste urakan bat
ekartzen du alafede!
Euren etxetik ihesi doaz
hainbat gizon ta andere;
ekaitzaldiak ipintzen gaitu
etsipenaren titere;
ia arnasik ez zait geratzen
bizitzen hasteko ere.

J. Maia:
Har zazu arnas eta uxatu
zure barrengo beldurra!
Behin bakarrikan biziko gera
ta bizitza da laburra;
aurrean degu itsasoa ta
hankapean berriz lurra
ta horixe da bizitza hontan
beharrezko den apurra.

E. Goikoetxea:
Ama naturak azkenaldian
hartuak gaitu bere gain;
lur azalean zabaldu ditu
hainbat zauri eta orbain:
lehenik Tsunami, ondoren Rita
Wilma omen dator orain;
jaio gabeko hondamendiek
izen bat dute beren zain.

J. Maia:
Izen berriak helduko dira
ta zaharrak berriz ahaztuta
baina halare ez ote zaude
barrua pixkat nahastuta?
Ni pozik nago naturak bere
hautapena egin du ta
eta besteak eraman ditu
biok hemen hautatuta.

E. Goikoetxea:
Azkenaldian gertu daukagu
heriotzaren itzala;
alperrikoa degu sarritan
gizakion eginahala
eta zerutik datorren euri
tantak sentitu ahala
iruditzen zait denborarekin
malko bihurtu gerala.

J. Maia:
Tristea da bai zu entzutea
ta hari horri segitzea.
Eskatzen dizut behin eta berriz
hemen bertan isiltzea;
kasikan ia hobe zenuen
urakan hortan hiltzea
ta bizitzeko gogo gehiagoz
zegoen bat bizitzea.

E. Goikoetxea:
Sendi guztia joan zait eta
ezin naiteke alaitu;
hainbat herri ta hainbat herritar
gu urakanak garaitu.
Nahiz ta bideak eraikitako
barne nahiari jarraitu
beti ihesi gabiltza baina
beti harrapatzen gaitu.

J. Maia:
Baina mesedez har zazu berriz
bizi taupaden konpasa
eta ez zaitez amets gaiztoen
mugetatik hara pasa;
badakit ondo jarraitzea ere
ez dela izango erraza
baina hilgarria zen haize hori
bihur dezagun arnasa.

E. Goikoetxea:
Kontrolagaitzak nola ditugun
naturaren ahalmenak
beti azpian egongo gera
hala esaten dit senak;
bi ezpainekin eginagatik
ahalegin nabarmenak
mundu hontan beti berdinak dira
barre egiten dutenak.