Bertsos - Ver ficha   Más información sobre esta sección

2002-02-23 Zegama Jaialdia [Bertsoa] / Andoni Egaña, Jexux Mari Irazu Muñoa, Jon Maia, Aitor Mendiluze

Bertsoa entzun  

Información general

Kategoria
Bat-batekoa
Actuación
2002-02-23 Zegama Jaialdia
Gai-emailea
Azkune, Laxaro
Bertsolaris / Autores
Egaña, Andoni
Irazu Muñoa, Jexux Mari
Maia, Jon
Mendiluze, Aitor
Ejercicio
Launaka gaia-emanda
Tema propuesto
Galdera tonto samarra dirudi, baina zuen adierazpen batzuk irakurri eta entzunda, galdetzeko gogoa etorri zait: bertsolaria noiz sentitzen da bertsolari?

Descripción

Melodia
Kantore berri xarmant batzuek
Nombre de la estrofa
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)

Localización

Localización
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Colección / Fondo / Proyecto
Bapatean Bilduma

2002-02-23 Zegama Jaialdia [Bertsoa] / Andoni Egaña, Jexux Mari Irazu Muñoa, Jon Maia, Aitor Mendiluze

Nombre de la estrofa:  Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip) 
Localización:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


Mendiluze:
Hainbat denboran, hainbat lekutan
burua hainbat lanean
ahalegintzen da, askotan gaizki
tarteka maila onean.
Bertsolaria bertsolaria
sentitzen da azkenean
nahi duen hura nahi duen eran
esan dezakeenean. (bis)

Egaña:
Plazarik plaza ibili arren
maiz bukatzen det etxean
ta emaztea nere esperoan
askotan ohe ertzean...
ni bertsolari sentitzen naiz hark
"Nundik zatoz?" galdetzean
ta arrazoirik ez euki arren
aitzaki bat asmatzean. (bis)

Maia:
Edozein egun eta tokitan
euskal herritan barrena
agenda hartu ta begiratuz
izaten den zoramena...
Baina ondoen igertzen dezu
bertsolaria zarena
ezin bereiztu dituzunean
igandea ta astelehena. (bis)

Irazu:
Problema latza jarri diguzu
nola bila erantzuna?
Geranan isla ote da beti
plazaz plazako jarduna?
Bertsolari noiz sentitzen geran
a ze galdera astuna!
Hoixe da gauz bat sentitze hutsak
asko balio ez duna. (bis)

Mendiluze:
Lehen saiora deitutakoan
pentsatzen degu "Heldu da!".
Gero "Gaur bai" ta gero "Gaur ez"-ak
ekartzen du hainbat duda
baina zuentzat sortzen degunez
burura datorren hura
askotan zuek jartzen dezute
gure izanaren muga. (bis)

Egaña:
Herri askotan beso zabalik
hartzen gaituzte, akabo!
Baina geuk ere geure partea
ipini beharra, klaro!
Ni bertsolari sentitu ohi naiz
pixkana eta gehiago
denen buruan egoteaz gain
denen eskura banago. (bis)

Maia:
Bertsolaria izan behar da
beti hor zehar juateko;
alde batera utzi beharra
senide edo etxeko...
Baina ni behintzat sentitu izan naiz
nahiko bertsolari peto
bertsoz mintzatzen naizen orduan
hitz lauez baino hobeto. (bis)

Irazu:
Afari edo saio batean
ondo aritu ahal dela;
errez kantatu, ondo kantatu
datorrena datorrela;
goizeko lautan etxera buelta
harropuztuta bezela...
Holakoetan sentitzen naiz ni
bertsolaria naizela. (bis)