Bertsos - Ver ficha Más información sobre esta sección
1998-09-12 Mutriku Jaialdia [Bertsoa] / Andoni Egaña, Sebastian Lizaso
Bertsoa entzun |
1998-09-12 Mutriku Jaialdia [Bertsoa] / Andoni Egaña, Sebastian Lizaso
Nombre de la estrofa:
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)
Localización:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
S.Lizaso:
Ilargia da gure lekuko,
berekin degu tratua;
ni bezelaxe ene maitea
zaude kartzelan sartua;
ni afizioz ta ofizioz
bainauzu arkitektua,
ta biontzako egin nahi nuke
askatasun proiektua.
Egaña:
Une hauetan zer pentsatua
eman didazu sobera,
proiektuz eta ametsez nola
biok gauden egarbera;
eraztun berri bat badaukagu
ta ilargia da bera,
horixe baita zuk Herreratik
ikusten duzun berbera.
S.Lizaso:
Ilargi bera ikusten degu
bai zuk eta nik gauero,
nahiz ta banaka eginda gauden
espetxetako bezero;
biok batera noizbaiten libre
ikus dezagun espero,
bizi-poza're galdu genzake
ametsa galdu ezkero.
Egaña:
Oraindik ere itxaropena
zutik dagola dirudi;
ene senarra anima zaite
ta malkorik ez isuri!
Gure muxuak gaurtik aurrera
ilargia baitu zubi,
nik ilargiai emango diot
eta ilargiak zuri.
S.Lizaso:
Guk ilargia hartu genzake
biontzat zubi bezela,
bistan daukagu ta beraz ez da
ez norabide motela!
Baina ikustean elkar maiteak
elkarren urrun gaudela,
iruditzen zait ilargiak'e
negar egiten duela.
Egaña:
Batzutan bete azaltzen zaigu
ortziaren gorenean,
mezularien lana eginaz
txukun eta onenean;
baina senarra ez zaite hasi
negarlarien planean,
nere irripartzat hartu ezazu
ilbehera dagoenean.
S.Lizaso:
Nahi den guztian zaila da baina
horrela egin nahi nuke,
asmo horrekin laburragoak
baitira hainbeste urte;
baina ilargiak ez du berekin
nik nahi hainbeste bertute,
premi gehiena daukadanean
lainoak estaltzen dute.
Egaña:
Ziega batean igaro degu
ez dakit zenbat oinaze
ta ilargiak arerio du
majina bat hodei klase!
Zaudela lasai egun haundia
iritsiko da belaxe
ta biok aske izango gera
ilargia bezelaxe.