Bertsos - Ver ficha Más información sobre esta sección
Hitzen ekonomian [Bertsoa] / Iñigo Legorburu Arregi
Hitzen ekonomian [Bertsoa] / Iñigo Legorburu Arregi
Nombre de la estrofa:
Zortzikoa, handiaren moldekoa, 4 puntuz (hg) / Lau puntukoa, handiaren moldekoa (ip)
Dokumentu-mota:
Ordenadore dokumentua
Localización:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
1.-Azken aldiko titularretan
zenbat letra larri,
albiste onik ezin dutenak
gurera ekarri.
Ikus-entzule modura
hau da barruko tristura
krisi gogor hau bilakatzean
gurean mugarri.
Hitz lausotuen kultura
bilakatu da ohitura
esaten ez den horrek gehiago
diolako sarri.
2.-Krisi honetaz dakidan dena
lehenago baneki
mailegu hura hartuko nuen
tentuz ta emeki.
Dirua mende haseran
omen zegoen soberan,
gutako batzuk hura sinistu
genuen ederki!
Haur inuxenteen eran
engainatuak, primeran
dirua merke hartzea irten
baitzaigu garesti.
3.-Banketxeetan egin dituzten
zuloen harira
bankero-jaunen gainean jarri
dugu ikusmira.
Justizia dabil malgu
indar apurrik ba al du?
Haiei eskerrak izango baitu
krisiak segida.
Kasu bakanetan salbu
bankuak ezin du galdu
“zor publikoan” irabaziak
pribatuak dira.
4.-Rajoy jaunaren hitzik ezin da
inoiz hartu haintzat
biharamunez ez du balio
esandakoak bart.
“Erreskatea”, hitz hura
baztertua gelditu da
eskuineko politikoen
hiztegitatik at.
Hona azalpen modura
sortzen duen arrenkura:
“Errez-katea” lezakelako
lurralde oso bat.
5.-Politikoen ustelkerien
egungo testigu
bihurtu gara baina zer egin
ondo ez dakigu.
Krisi honen metafora:
zorpetzea doa gora
Merkel ta Draghik hartu gaituzte
guztiok gatibu…
Diru denak poltsikora
ta konplexuak albora
guk emandako dieten bidez
gizentzen zaizkigu.
6.-Euroan sartu izanak, antza
ekarri du soka:
Txiroak ginen herrialdeon
berezko porrota.
Amets berrien zimendu
zena, orain sufrimendu
bizirautea soilik delako
daukagun borroka
Euroa zen salbamendu…
Diktadurak jarraitzen du!
“Eurogunea” bihurtu baitu
lehengoko Europa.
7.-Gure enpresei egina die
krisiak bisita
baina batzuen jarrera dugu
guztiz hipokrita:
Irabazitan aurrera
eginagatik topera
“neurriak” hartzen dituzte beti
ERE-an jarrita…
Txikia bada galera
langile denak kalera!
Lehen bezainbat ez irabaztea
baita “defizit”-a.
8.-Enpresariek gurean bizi
duten zoriona
erreparatuz gero ondora,
ez da gero broma!
Esklabutzarako prestu
proposamenak aurkeztu
klase ertainak zinez bizi du
haustura sakona.
Ezin zutena amestu:
Langileak euren esku!
Esklabutzaren izen berria
da “lan-erreforma”.
9.-Lanbidek dauzkan bulegoetan
aldian-aldian
ilarak jendez betetzen dira
modu nabarian.
Jendearen ondoeza:
Mila drama, mila kexa…
entzun litezke, guztiz ozenki
lanaren kabian.
Lan berri baten promesa
Lanbiden denez nekeza
“LAN-BIDEZIDOR” deitzea hobe
liteke agian…
10.-Mende berrian eraldaketan
sartu garelako
datorrenari ekintzen bidez
erantzun beharko…
Datorrena tentuz hartu
ta ez gaitezen lokartu
ez da komeni gure etxean
gelditzerik bapo…
Egi-erdiak onartu,
erdi esanak barkatu
ez esatea okerragoa
litzatekelako.