Bertsos - Ver ficha   Más información sobre esta sección

Biziminak minbiziari [Bertsoa] / Amaia Agirre

Información general

Kategoria
Ez bat-batekoa
Actuación Periódica
Okelar Saria (28. 2012. Mutriku)
Bertsolaris / Autores
Agirre, Amaia

Descripción

Título
Biziminak minbiziari
Dokumentuan jasotako izenburua
BIZIMINAK MINBIZIARI Neurria: hamabiko handia Doinua: Haizea dator ifarraldetik / Abokatuak deitu berri dit / Ez nau izutzen negu hurbilak 1.-Berrogeita lau urte kunplitu behar nituen bezperan mamografia bat egin nuen urtero ohi nuen eran zertan beldurt
Dokumentuan jasotako bertsoaren hasiera
Berrogeita lau urte kunplitu behar nituen bezperan
Melodia
Haizea dator ifarraldetik
Nombre de la estrofa
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)
Bertso kopurua
12
Bertso dokumentu mota
Ordenadore dokumentua

Localización

Localización
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa

Biziminak minbiziari [Bertsoa] / Amaia Agirre

Nombre de la estrofa:  Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)  Dokumentu-mota:  Ordenadore dokumentua 
Localización:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


1.-Berrogeita lau urte kunplitu
behar nituen bezperan
mamografia bat egin nuen
urtero ohi nuen eran
zertan beldurtu? Ordura arte
dena joan zen primeran;
lehen izena ere neurea
erizainaren zerrendan;
agindu zidan moduan etzan
eta hitzbidea eman…
Geroztik mina dut agintean
eta irrifarra greban.

2.-Alde handia egonagatik
medikutik medikura
onenak ere ezin ezkuta
begirada estu hura
hau esanez so somatzen nuen
bularraren ingurura
“agian ez da ezer izango”
baina nork gainditu duda?;
Nahiz ta uxatu nahi izan zidan
ezina ta arrangura
kanpoko koskor txikia barne
zulo handi bihurtu da.

3.-Seme txikia eta senarra
kanpoan zain, non bestela?
Irten orduko nola azaldu
begietako umela?
Nola kontatu nire trauma hau
ezer ez balitz bezela?
Nola berdindu irrifar batez
beraien muxu epela?
Nola ulertu behar du Ekhik
(azal diezadatela):
bizi sostegu zuen bularra
arriskuan dagoela?

4.-Senarrak ezer galdetu gabe
aldatu du aurpegia
indarrak batu ta irriparrez
itxi dit ezker begia
nik ez dut jaso adierazi
nahi zidanaren erdia;
eta semeak “ama, zer moduz?”
galdera astunegia
“sasoiko nago” erantzun diot;
ez ote da miseria?…
Guk ezkutatu arren denborak
esango dio egia.

5.-Sortu aurretik ugatzetako
ehun ta mintzen problema
ezinbesteko prebentzioa
da bularren haztapena
adin honetan, ordea, gaitza
da gaitzaren hastapena;
animo hitzen mamua baino
ez da nire hasperena
hutsetik hasi beharra daukat
nahiz hutsik izan barrena
gaur naizenetik osatzen baita
gero izango naizena.

6.-Ginekologo jaunak nahiz esan
“garaiz harrapatu dugu”
lasaitzearren edo zinez zen
ezin dut jakin seguru;
Ni ez naiz gai ta aita-semeak
jarri dira buruz buru
aitaren hitzek lotu dituzte
bi begirada, bi mundu
“ama galduko dugun beldurrak
indartu behar gaitu gu
borroka ez du galdu oraindik,
ilea soilik galdu du”.

7.-Ai, Ekhi, maite, ai, Ekhi, kuttun
nahiz izan soilik sei urte
gainean jarri eta esan dit:
“amatxo zuk eutsi fuerte
Pirritx ta Porrotx gure eredu
hartu behar genituzke
Mari Mototsek ere ilea
galdu du gaitzaren truke
ta azkenean sendatu eta
kantuan amaitzen dute
eta ama zuk ere kantu bat
prestatu behar zenuke”.

8.-Hain naiz gaztea, hain naiz alaia
hain ona, hain atsegina
bizitzak proban jarri beharra
hau da sinistu ezina!
Nahiz “cáncer” hitzak “cangrejo” hitza
duen jatorri jakina
aurrera eman nahi dut pausoa
ta ahal dela binan bina
hitz ematen dut aintzat hartuta
semearen imajina:
minbiziari gain hartzeko gai
dela nire bizimina.

9.-Gaixotasuna bere bidean
doa modu sarkorrean
txanoa jantzi ta_ametsak bildu
ditut esku ahurrean
goizero legez itsas ertzera
noa bide laburrean
amorrazio zantzuak ditut
barne ilun nabarrean
baina niregan ez dut beldurrik
kaian ilunabarrean
jada ez bainaiz txiki sentitzen
itsasoaren aurrean.

10.-Itsas harroan baretu ohi dut
hutsune ta gabezia
perfekzioa dela sinetsiz
nire gorputz biluzia
lasaigarri zait haize fina ta
kaioen hots berezia
berdin kresalak ezpain ertzetan
itsasten didan gazia
sortu ta lehertu, lehertu ta sortu
olatuen malizia
azken batean joan-etorriko
olatu bat da bizia.

11.- Gaur hemeretzi ditu urriak
zinez egun ezaguna
juxtu gaur baita minbiziaren
nazioarteko eguna.
Gainditu ditut botalarriak
ta ile gabetasuna
kendu txanoa ta protesia
ta irriz jantzi hutsuna
lau haizetara zabal dadila
aldarrien oihartzuna
heriok ere jakin behar du
bizi egin nahi duguna.

12.-Kimioaren eraginpean
zenbat min ta delirio
baina indarra dut bidelagun
etsiak ez du balio;
analisien azken emaitzak
lasai egoteko dio
guztia ondo atera zela
aurrerapenak medio
berpiztu zaizkit irribarrea,
bizi gogo ta desio
borroka hau nik irabazi dut
izorra zaitez herio!