Bertsos - Ver ficha   Más información sobre esta sección

Bar Ana [Bertsoa] / Maialen Akizu

Información general

Kategoria
Ez bat-batekoa
Actuación Periódica
Pello Mari Otaño Bertsopaper Lehiaketa (1. 2013. Zizurkil)
Bertsolaris / Autores
Akizu, Maialen

Descripción

Título
Bar Ana
Dokumentuan jasotako izenburua
Bar Ana
Dokumentuan jasotako bertsoaren hasiera
Hiru sarraila, alarma eta kode segurua.
Melodia
Baserrian jaio nintzan
Nombre de la estrofa
Hamaseiko berdina, 8 puntuz eta 8 silabaz (hg) / Zortzi puntuko berdina, 16 silabaz (ip)
Bertso kopurua
8

Bar Ana [Bertsoa] / Maialen Akizu

Nombre de la estrofa:  Hamaseiko berdina, 8 puntuz eta 8 silabaz (hg) / Zortzi puntuko berdina, 16 silabaz (ip) 


1-
Hiru sarraila, alarma
eta kode segurua.
Lurrean pipa azalak,
larunbateko purua.
Astelehena izan ondoren
nire ohiko asteburua.
Ez ditut ondo bereizten
ordua ta segundua.
Betiko hautsa garbituz,
ez al da lan absurdua?
Eguneroko ogia
daukadanez helburua.
Basoak trapuaz pasaz
tente altxatzen dut burua.
Barra atzetik hobeto
ikusten baita mundua.

2-
Betiko mahi txiki baten
Aloña eta Pilare,
izan nahi dute asteko
kontu berri denen jabe.
Alkatearen alaba
omen dabil lotsagabe,
Anttonen semearekin
a ze bi kalamidade!
Aipatu dituzte mila
printzesa eta abade.
Guztiei errepaso bat
ta barre egin suabe.
Agurtu naute irrifartsu
nire keinuen mirabe.
Gaur ere doaz elkarren
berri ezer jakin gabe.

3-
Aspaldi ikusi gabe
ta jarri naiz horren alai.
Gaztetan lagun handia
izan nuen eta Unai.
Igarri diot zegola
barrua nola hustu zai,
eta hizketan hasi zait
bisai malko gaziz blai.
Edurne izan duenez
hamar urtetan andregai,
ezkontzeko esan zion
baina honek ezetza, ai.
Kafe hutsa ta doblea
eskatu dit oso lasai.
Garbi du ta ez duela
berriz ametsik egin nahi

4-
Arratsaldea jadanik
ta bi gazte dira sartu.
Kafe bana eskatu ta
dena ondo dut ulertu:
lehen guztia lore zena,
bihurtu zaie desertu,
irrizko hizketaldiak,
hiru esaldi behartu.
Bihotz handi ta beteak
sortua ditu bi gorpu
Ez dute elkar sentitzen
nahiz ta egon oso gertu.
Burua ezin jasota
biak garbi dira ohartu:
kafea hoztutakoan
ezin daitekela hartu.

5-
Ohiko lez agurtua nau
Pedroren ahots otzanak,
bere ibilera makurrak
begi zulo eta kanak.
Gozotasuna ematen
dio soilik patxaranak.
Andrearen ordez ditu
jolas makinan laztanak.
Ez zaizkio lerrokatzen
pantaila aurreko bananak.
Geroan nola sinetsi
jan bazaitu iraganak?
Bera ez du ikaratzen
txanpon bakoitzaren zamak.
Galtzeko beldurrik ez du,
ezer ere ez daukanak.

6-
Ia zazpiak pasatxo
eta sartu da Teresa.
Kafea ta egunkaria
hartzeko betiko presa.
Ernia bat bizkarrean
eta egundoko kexa
purrustadaka jarri du
paperean interesa:
Afaganistaneko gerra
odol bustita jendetza.
Tsunamiek, lurrikarek
sortu duten ezereza.
Eta hala ohartu da
nahiz ta ez egin erreza:
kikaran duen kafea
ere ez dela horren beltza.

7-
Inazioren presentzia
ohikoa dugu gurean.
Betikoa eskatu dit
horren modu isilean.
Lau hilabete da enpresa
itxi zela ezustean.
Tabernara heltzen da eguna
pasata noraezean.
Dardarka hasi da eskua
patrika hutsean sartzean.
“Lasai, hau nire kontura!”
esan diot zuzenean.
Begiradaz eskertu nau,
eta bete nau unean:
2€ ez dira ezer
bere irri baten aldean.

8-
Hauxe da nire taberna
nire altxor, nire dama.
Gure amak hartu zuenetik
deitzen diote “bar Ana”.
Mila notako atmosfera
The Beatles, Fito, Zarama.
Pipiak jandako mahaiak
jaisten ez den pertsiana.
Nahiz eta askoren ustez
den errutinako lana.
Nahiz eta garbi dagoen
beltz dugula panorama.
Atea zabaltzea da
egunero nahi dudana:
berari zor baitizkiot
nire izen ta izana.