Bertsos - Ver ficha Más información sobre esta sección
2012-09-30 Irura Jaialdia [Bertsoa] / Sustrai Colina, Jon Maia
Bertsoa entzun |
2012-09-30 Irura Jaialdia [Bertsoa] / Sustrai Colina, Jon Maia
Nombre de la estrofa:
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)
Localización:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
S. Colina
Nahiz ta antzeko kasua izan
badago diferentzia
han urteetan ez baita egon
gatazka ta biolentzia.
Biak batera eskatu al leizken
hortxe datza esentzia
alde batetik erreskatea
eta independentzia.
J. Maia
Ikusten degu Katalunia
dabilela indarrean
ustekabean ze olatua
olatu bat aparrean!
Beti besteak zer egiten dun
begiratu beharrean
geure burua azter dezagun
ispiluaren aurrean.
S. Colina
Eta orduan ikusten dira
Jon mitxelinak gerrian
ikusten dira pekatuak ta
gaudela trantze larrian.
Zure ahotik entzun nahi nuke
zerbait dakizun neurrian
ai bustiko den Guardiola bat
ba al da Euskal Herrian?
J. Maia
Guardiolarik ez dago hemen
independentista dena
baina badago beste jende bat
badaukana euskal sena.
Igual hobeto joango litzake
konparaketen problema
Urkulluk ere esango balu
Masek esaten duena.
S. Colina
Herri honetan zein Katalunian
ez dago soberan hitzik
nahiz ta askotan ez den ikusten
gerora argi zipitzik.
Urkulluk triste jartzen nau baina
Masek ez nau jartzen pozik
esandakoak ez du balio
egiten dutenak baizik.
J. Maia
Baina hala're ilusioa
sortu liteke hitzetik
eta gainera jarri behar da
hitza guztian gainetik.
Politikoak zer esaten dun
ez du hainbeste inportik
herritarrak joan behar genuke
politikoen aurretik.
S. Colina
Baina herriak politikoei
zuzendu ohi die soa
politikoa tarteko bada
geroa beti lausoa.
Ez dakit ondo emango duten
independentzi pausoa
baina hobeto tratatu dute
hizkuntzaren arazoa.
J. Maia
Hortan arrazoi ematen dizut
hango arrazoien sortan
baina jiraka goaz bi herri
amets haundien errotan
bi pintza gera bi nazioan
bi pintza zintzilik sokan
eta bi pintza hoien artean
España dago kolokan.