Bertsos - Ver ficha   Más información sobre esta sección

Bakarrik hobeto [Bertsoa] / Mikel Arrillaga

Información general

Kategoria
Ez bat-batekoa
Actuación Periódica
Balendin Enbeita Bertso-Paper Lehiaketa (11. 2013. Getxo)
Bertsolaris / Autores
Arrillaga, Mikel

Descripción

Título
Bakarrik hobeto
Dokumentuan jasotako bertsoaren hasiera
Indar arraroren batek ekarri nau honantza
Firma
Alan Essinley
Melodia
ETAren su-etenetik
Nombre de la estrofa
Hamalauko berdina, 7 puntuz eta 8 silabaz (hg) / Zazpi puntuko berdina 16 silabaz (ip)
Bertso kopurua
11
Bertso dokumentu mota
Ordenadore dokumentua

Localización

Localización
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa

Bakarrik hobeto [Bertsoa] / Mikel Arrillaga

Nombre de la estrofa:  Hamalauko berdina, 7 puntuz eta 8 silabaz (hg) / Zazpi puntuko berdina 16 silabaz (ip)  Dokumentu-mota:  Ordenadore dokumentua 
Localización:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


1
Indar arraroren batek
ekarri nau gaur honantza,
psikologook lagundu
egiten duzue, antza.
Abizenez naiz Agirre
eta izenez Arantxa,
hirurogeita bi urte
beste hainbeste arantza.
Gizona bi aldiz jo dut
eta hori ez da txantxa,
berriz ez dudala joko
esan arren, ze zalantza!
hurbiltzen den bakoitzean
urruntzen zait esperantza. (BER)

2
Igandeetan Usartzan
erromeria, jolasa,
Zendoiaren trikitixa,
pasodoblea, solasa.
Behin gizon bat azaldu zen
ez zeukan planta eskasa,
dotorea zen, ederra
hartu nion Jauntxo traza.
Pretendienteak aldendu
kalabazaz kalabaza,
konkistarena izan zen
polita bezain erraza,
baina ordutik urteak
ez dira alferrik pasa. (BER)

3
Baserritar astapotro
artean kaletar fina,
lepoko jertse artean
besapeko gabardina,
larruzko zapata beltzak
ez bota pare zikina,
setazko alkandora bat
Azpirinean egina,
pintzadun galtza ederrak,
irrifarra atsegina.
Horrek guztiak itsutu
egin ninduen, jakina.
Ulertuko ninduzuke
emakumea bazina. (BER)

4
Urtebete geroago
izan zen gure ezkontza,
Arraten, tradizioa
abadea, kanpai hotsa.
Maiatzak hogeita bi bat
sekulako haize hotza
Denek zioten dardarka
“Ai ze poza, ai ze poza”!
Soineko txuriz jantzita
argazki eta larrosa,
egin genuen parranda,
bota ziguten arroza.
Ni ere noizbait izan naiz
egun bateko Jainkosa. (BER)

5
Saiatu nintzen ikusten
zurrunkak musika fin lez,
ausentziak askatasun
seinaleak ziren, zinez.
Bere umore baldarra
lan kargaren eraginez,
ostegunero elkartera
joaten zen, adibidez,
lagun asko zuelako
eta ez etxetik ihes.
Haur bat ere izan nuen
egin behar zena eginez,
nahiz eta neuk zer nahi nuen
batere garbi jakin ez. (BER)

6
Ama etxekoandrea
ongi ikusia oso,
senarra enpresaduna
biziko nintzen eroso.
Dena kanpora begira
sortu eta pausoz pauso
neure barneko ametsez
azkar egin nuen paso.
Gainera kanpo usoa
bihurtu zen etxe otso,
akabo nobiotako
lore eta berba goxo.
Baina ez nintzen sentitzen
gaur egun bezain inozo. (BER)

7
Garbitzen nituen etxe
gantzontzilo zein galtzerdi.
Umea neuk hazi nuen
esne, maitasun, izerdi.
Eta lan egiten zuen
urte haietan gaitzerdi,
Zorionez ez genuen
elkar ikusten gehiegi.
Bakoitzak bere bidea
hartu zuen eta segi:
Kanpoan zorion plantak
barruan bihotzak eri.
Bizitza aldapatsua
bihurtu zitzaidan neri.

8
Jubilatu zen garaian
eztanda egin nuen, kitto!
Ordutik etxean dabil
lurrera noiz eroriko.
Zortzietan altxatzen da
oso genio biziko,
baina ez da ez etxeko
lanak egiten hasiko.
Gosaria eskatzen dit
arrautza, urdaiazpiko,
botila bat ardorekin
eta gero bi txupito.
Belar txar hau ezin al da
bere alkoholetan ito?

9
Gero sofan esertzen da
“El Correo” eskuetan,
erdi esna egoten da
edo erdi ametsetan.
Atzo erratza pasatzen
nenbilen inguruetan
eta ez zenez mugitzen
lehen bi abusuetan
bi kolpe eman nizkion
eskobarekin hanketan.
Gorrotoak hartu ohi nau
horrelako uneetan,
beldur naiz ez ote dudan
akabatuko benetan.

10
Sexu kontuetan ere
ez gara ibili fuerte.
Ez dut izan nire zenbait
lagunek adina suerte.
Oso aspaldi ez zaio
jarri animoa tente,
baina lehen ere saioa
bukatzen zen derrepente.
Sarritan pentsatzen nuen:
“Plazer guztia hau ote”?
Batzuk munduko gauzarik
onena dela diote.
Bera hustu egiten zen
ni ez nintzen inoiz bete. (BER)

11
Zenbat hitz egn dizudan
gaur aritu naiz luzaro
eta biluzik bezala
gorputza daukat arraro.
Asko lagundu didazu
argia urrun ez dago.
Erabakia hartu dut
behingoz joko dut ordago.
Besteen zeresanaren
beldur guztiak akabo!
Senarra utzi behar dut
berandu baino lehenago,
lagun txarrarekin baino
bakarrik hobeto nago. (BER)

EGILEA: ALAN ESSINLEY
DOINUA: SILVEIRARENA