Bertsos - Ver ficha   Más información sobre esta sección

Belarritakoak [Bertsoa] / Alaitz Sarasola

Información general

Kategoria
Ez bat-batekoa
Actuación Periódica
Basarri Saria (30. 2014. Zarautz)
Bertsolaris / Autores
Sarasola, Alaitz

Descripción

Título
Belarritakoak
Dokumentuan jasotako izenburua
Belarritakoak
Dokumentuan jasotako bertsoaren hasiera
Urrezko belarritako, perla majorika, malba
Fecha
2014-00-00
Melodia
ETAren su-etenetik
Nombre de la estrofa
Hamalauko berdina, 7 puntuz eta 8 silabaz (hg) / Zazpi puntuko berdina 16 silabaz (ip)
Bertso kopurua
10
Bertso dokumentu mota
Ordenadore dokumentua

Localización

Localización
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa

Belarritakoak [Bertsoa] / Alaitz Sarasola

Nombre de la estrofa:  Hamalauko berdina, 7 puntuz eta 8 silabaz (hg) / Zazpi puntuko berdina 16 silabaz (ip)  Dokumentu-mota:  Ordenadore dokumentua 
Localización:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


1-
Urrezko belarritako,
perla majorika, malba,
Diamante distiratsu,
zilar edo esmeralda;
erregalo paperean,
bere lazo ta girnalda,
eme jaio berriaren
lehenengo erritual ba...
bi belarriak zulatu
ta minetik ezin salba,
neskatilaren negarrak
inor gutxi du asalda;
adornua ematen du
baina adornua al da?

2-
Abiapuntu matxista
eme berrien zimendu,
jaiotzatik generoan
ez al gabiltza herren gu:
feminitate aitzakiz
belarritakoz “lerdendu”,
eskerrak artean ezin
zaien bigoterik kendu...
Halako gorputz ttikian
bi ziztada sufrimendu,
baina nola gizartean
duen hainbeste sostengu,
tratu txar deitzeak ere
erreparo ematen du.

3-
Txupete ta biberoiak
desinfektatzen aspertu,
umearengara esku
garbiz bakarrik agertu,
gaixotasunak saihestu
nahiean hamaika txertu,
ta bitartean propio
belarri gingilak lehertu,
zorna atertzeraino
inoiz gaiztotzetik gertu;
pixkat pentsatu ezkero
ta beste pixkat aztertu:
familien paradoxa
triste hau zinek ulertu?

4-
Nahiz batere inpota ez
hamaseitik hamabosti,
guraso batzuek gaia
hartzen dute serioski:
“nexkatoa bere hortan,
ez zulo eta ez osti...”,
gero kalera atera
ta ezin lasai edoski;
begi guztiak begira,
belarrietara, noski:
“aze morrosko bikaina!”
entzungo da seguraski
jende askok ematen du
orratzak adina hozki...

5-
Nolako gizakeriak
Afrika edo “hor behean”...
bina sinesmen antzu ta
usadio alorrean
hemen hain aurreratuak
ote gure bizkorrean:
esan zer zentzu dagoen
orratzaren zigorrean,
hain normaltzat jotzen bada
gizarte orokorrean,
belarrietan zergatik
ipini derrigorrean?
zergatik ez sudurrean?
zergatik ez zilborrean?

6-
Baina bai, belarrietan
jartzen dira, nola ez pa:
axaletik ikus dadin
mutila den ala neska,
“zergatik” hasi ezkero
gurasoari galdezka,
nahi gabe sorbaldak gora
eta ezpainak trabeska...
Hobe ibili balira
inertziari iheska,
hemen ohitura den oro
ez da egiten onez ta
mina neskak jasatea
kasualitatea ez ta.

7-
Kapritxo zentzugabeak
beharko luke delitu,
arrazoizko buruetan
behintzat ezin da kabitu,
berdin-berdin dio arraz
ala emeaz erditu:
desberdintzen ez direnak
zertan bereizten aritu,
naturaltasunera jo,
oinarrira errenditu:
umeak bularra eta
maitasuna behar ditu,
eta ez belarrietan
minezko bi zirrikitu.

8-
Gaur nexka sortu berria
nerabe da bihar, hara:
orduan itxurak zenbat
garrantzi eta zirrara;
piercing batez dotoretu
nahi duela sudurra ba...
gurasoak izututa
kontraren kontra, gerrara:
hasten dira debekuak,
errieta zaparrada,
belarrian eder zena
bekainean “makarrada”...
erreakzio xelebre
ta hedatu xamarra da.

9-
Egun gutxiko nexkari
egiten zaion praktika,
umearen trantze hori
zeinek, nola justifika?
belaunaldiz belaunaldi
ez dadila errepika;
zentzua izandakoan,
pentsatzera iritsita,
bitxiak belarrietan
edo nonnahi zintzilika,
bakoitzak jarri ala ez
zer nahi duen badaki ta,
norbere gorputzarengan
norberak erabakita.

10-
Aita ta ama eredu
zapaltzaileen mirabe,
arazoaz ohartzeko
premia larrian daude,
guraso bihurtu arren
ez dira inoren jabe.
Parekidetasunean,
errespetua zutabe,
mina oinarritzat duen
ohitura ez da ondare;
nexkak umetatik hazi
bitez mutikoen pare,
belarrondokorik eta
belarritakorik gabe.