Bertsos - Ver ficha Más información sobre esta sección
2014-06-29 Oñati Jaialdia [Bertsoa] / Jon Martin, Arkaitz Oiartzabal "Xamoa"
Bertsoa entzun |
2014-06-29 Oñati Jaialdia [Bertsoa] / Jon Martin, Arkaitz Oiartzabal "Xamoa"
Nombre de la estrofa:
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)
Localización:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Xamoa
Garai batean erori nintzen
zure begien liluran
tamalez beste begirada bat
tokatu zaigu helmugan.
Maiz maitasunak sexua bera
ipini dezake dudan
zenbat desio zaitudan baina
zenbat gorroto zaitudan. (bis)
J. Martin
Izara batzun aldamenean
begira bi begi-nini
noizbait gu biok utzi genuen
elkar ahaztea komeni...
Baina parrandan ateratzean
elkarrekiko ze premi.
Zure burua gorroto duzu
hargatik maite nauzu ni. (bis)
Xamoa
Baina halere hasi gaitezen
garai zaharrak gogoratzen
nola pertsonak joaten diren
aldatzen eta aldatzen
eredu gisan hartu zintudan
baina eredu txarra zen
zuri ikasi nahi nizulako
nire burua maitatzen. (bis)
J. Martin
Zigarrotxo bat eta petxuan
doblaturiko izara
gaur gauean zuk eraman nauzu
hemendik izarretara.
Zuk irakatsi nahiko zenidan
lekzio bat beharbada
ikasle txarra topatu duzu
edo maisu txarra zara. (bis)
Xamoa
Topatu gara “Kaixo zer moduz?”
begirada bat, bi musu.
Ohartzerako berriz gerritik
ere heldu didazu sutsu.
Sekula maite izan al nauzun
galdetu izan dizut usu
orain badakit gaur arte ezetz.
Inoiz maiteko al nauzu? (bis)
J. Martin
Inoiz maiteko ote zaitudan
galdetuz zenbat zuhurtzi
izara daukat petxu gainean
zure esku batek igurtzi.
Larrua sutsu jo berri dugu
gu biok duela gutxi
ta zigarro bat piztu duzu zuk
zuk ez al zenuen utzi? (bis)
Xamoa
Berriro ere kargu hartzera
al zatoz ezker-eskubi?
Zigarroekin gertatzen dena
gertatu ohi zaigu guri
bai, txarra dela ederki dakit
baina agur, eman musu bi
ta hiltzen naizen une horretan
bizi nauela dirudi. (bis)
J. Martin
Beti bezala, gela zikina
nolako zikinbriloa!
Mutilak ere hemen sortu du
noski bere mundilloa
ahaztu nahi nau bai baina ezin ahaztu
hau bere zurrunbiloa
oraindik ere komunean dut
hortzetako zepiloa. (bis)
Xamoa
Zepilo horri maiz begiratu
diot nik azken boladan
garai batean lurrun bihotzak
egin zizkidan manparan
baina jadanik ez da inor bizi
maitemindu begiradan
bada garaia kutxa batean
betiko gorde zaitzadan. (bis)
J. Martin
Edozer gauzei tokatzen zaio
jaiotzea ta hiltzea
hor dago oraindik gure argazkia
eutsi ohi zuen iltzea.
Kostako zaizu gaur arratsean
berez begiak biltzea
eta gehiago egunen batean
kutxa ez irekitzea. (bis)