Bertsos - Ver ficha Más información sobre esta sección
Itxaropena [Bertsoa] / Jon Martin
Itxaropena [Bertsoa] / Jon Martin
Dokumentu-mota:
Ordenadore dokumentua
Localización:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Itxaropena tablero bat da
ametsen xake partida
espasmo baten esperoa da
ezpainen espektatiba
telefonoaz bestalde norbait
tunel kanpoko distira
Itxaropena handinahia da
des-dira baten desira
Egi ustelen ondoko astele(he)n
bateko_asperen hori da
gure barruan gorderik dago
baina kanpora begira.
Esperantza da dena galtzean
geratzen zaigun bakarra.
Izan daiteke hastear dago(e)n
iraultza baten giharra
oroitzapenez eta ametsez
eraikitako biharra
aitortzen zaio eraldatzeko
ta iraultzeko indarra
(nola euria, gehiago nahita
bihurtzen den kazkabarra).
Gosari ona da esperantza,
baina afari kaxkarra.
Herriei sarri gertatu zaie
gudu za(ha)rrez oroitzea
ta_ohartzerako itxaropena
zeukaten oro hiltzea.
Garaipen txiki baten ostean
heldu bada jipoitzea
organismoan eragiten du
pixkanako pozoitzea.
Gerta liteke, zain egotean
esperantzara ohitzea
ta azkenean le(he)ngo ametsa
ahalmenera doitzea.
Loriak udan ihintza bezela
maite dute zenbait herrik
landu ezkero sor baitezake
erresistentzi indarrik.
Aldaketara deituagatik
gor dirau zenbait belarrik
ustez ametsak betetzeko ez
baitu esnatu beharrik.
Batzuek alfer jokatu dute
eta besteak alferrik.
Itxaropenak ezin du izan
itxarotea bakarrik
Erlijioak erabili du
arma bat da zer datorken
gure oraingo sufrimendua
omen da biharko lorpen
Le(he)r bazeneza lur bazenio
lor bazeniezaioken
sarri egiten baino gehiago
erakutsi du egoten...
Oraindaldiko sufrimendua
gerorako itxaropen
zenbati joan zaion bizitza
uneari itxaroten...
Fedeak asko isil-isilik
mantendu du miserian
ta nor den horren onuraduna
geratzen da agerian.
Nahiz ez sinetsi hiruki baten
barruan dago(e)n begian
gezur guztitan dago egi bat,
eta gezur bat egian.
Naufragatuta baldin bazaude
itsasoaren erdian
erreza zazu tarteka. baina
segi zazu igerian.
Itxaropena [Bertsoa] / Jon Martin
Dokumentu-mota:
Ordenadore dokumentua
Localización:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Ikusi dokumentuak:
xdz5_btx_001136.pdf |