Bertsos - Ver ficha Más información sobre esta sección
Behar haut, putakumea! [Bertsoa] / Xabier "Euzkitze"
Behar haut, putakumea! [Bertsoa] / Xabier "Euzkitze"
Nombre de la estrofa:
Zortzikoa, berdinaren moldekoa, 7 puntuz (hg) / Zazpi puntukoa, berdinaren moldekoa (ip)
Localización:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
1-
Ametsen iraganean,
gorago ezin iganean,
aldiro trenpu onean.
Ohiz kanpoko zer atzemango,
beti begiak erne han.
Ezagutu nuenean
tximeletak barrenean;
zeru-muga helmenean.
2-
Ene mutila, lehena,
menturaz -litekeena-
azkena izango dena.
Hark eraman nau maitasunaren
zirriztuetan barrena,
hari zor diot den-dena:
bidean galdu nuena
eta jada ez naizena.
3-
Koilaratxoa, kikara,
mus partidak...bi-bitara;
eskutik afaritara.
Zentzu guztiak hunkitzen dira
hasperenen argitara.
Pasiozko hotzikara
hain sentipen polita da...
itsu jo nuen nik hara.
4-
Gorputzak hustu berritan
gehiagoren egarritan,
gogoa larru-gorritan.
Baina, kolpetik, eten dorpe bat
neurrigabeko irrikan.
Etxerantzako karrikan
ukaldi bortitz bat tripan...
beharrik ez zen haurrik han.
5-
Bahitutako kurdua,
Kristallnacht-eko judua,
zor denen pagaburua,
nire "nor" ahul denen baitako
etengabeko gudua.
Ukitu nuen zerua
eta galdu dut mundua,
duintasuna, burua...
6-
Ai, senar delako haina...
nola ez dit hartuko gaina?
Kaka zaharra da oraina!
Eraman ona beti izan da
gutxietsien dohaina.
Betondoko bat ordaina:
makilatzen naiz hor baina
sakonago dut orbaina.
7-
Neure izuek eskela
begi lausoz dakustela...
hau bizitzaren ospela!
Badakit ondo printze ustekoa
printza besterik ez dela;
sustrai gabeko ezpela,
hutsa, hutsala, ustela...
gizon ona da bestela.
8-
Atzarri goizean goizik,
egun batean poz-pozik,
hurrengoan gorpu kasik,
Oihal bat bezain zarratatua,
hosto bat bezain biluzik.
Ez naiz iragana baizik,
ja ez zait geratzen hatsik,
ez argirik, ez Parisik.
9-
Mantenduen abantailen
ondoreak dira zailen,
dena "bai!", dena "lehenbailehen!"
Urguilu eta ondrei aspaldi
belaunikatu nintzaien.
Menpekotasuna gailen;
belar txarrak zazpi aihen,
nik zortzigarrena nahien.
10-
Izter gaineko zumea,
sorbaldako beltzunea...
izuak begirunea.
Ekaitz ostean, fereka, muxu,
berba samurren unea,
oparien perfumea,
maitale-tratu xumea...
Behar haut, putakumea!
Behar haut, putakumea! [Bertsoa] / Xabier "Euzkitze"
Nombre de la estrofa:
Zortzikoa, berdinaren moldekoa, 7 puntuz (hg) / Zazpi puntukoa, berdinaren moldekoa (ip)
Localización:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Ikusi dokumentuak:
xdz5_btx_001116.pdf |