Bertsos - Ver ficha   Más información sobre esta sección

Magdalena Larralde Sarakoa [Bertsoa]

Información general

Kategoria
Ez bat-batekoa
Actuación Periódica
Lore Jokoak (43. 1895. Bera)

Descripción

Título
Magdalena Larralde Sarakoa
Dokumentuan jasotako izenburua
Magdalena Larralde Sarakoa
Dokumentuan jasotako bertsoaren hasiera
Neronez nola detan Memori txikiya
Firma
An.
Fecha
1895-00-00
Bertso kopurua
50
Bertso dokumentu mota
Liburua

Localización

Localización
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa

Datos de publicación

Argitalpenaren izenburua
[Liburua]
Páginas
410-414

Magdalena Larralde Sarakoa [Bertsoa]

Dokumentu-mota:  Liburua  Argitalpenaren izenburua:  [Liburua]
Localización:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


I
Neronez nola detan
Memori txikiya,
Jaungoikoari diyot
Eskatzen graziya,
Goitik bigaldutzeko
Zentsura argiya
Argiratu dezatan
Nai detan guziya.

II
Ho! zeinen gozotsua
Dan Euskal-erriya,
Zeinan badirudien
Bai, uda berriya,
Zeinen dontsua eta
Zeinen ongarriya,
Zer dizdizariya ta
Zer zoragarriya.

III
Uda berriyan lora
Sortzen dan modura,
Saran lore eder bat
Sortu zan mundura,
Ain dizdizariya zan
Lore eder ura,
Berdintzeko etzala
Besterik ingura.

IV
Magdalena Larralde
Da lore ain fina,
Baratz denetan ez dan
Bezela berdina,
Munduko lore eder
Denen erregina,
Usai gozoz betia
Famatu ezina,

V
Fediak nola duben
Indarra ugari
Zeruko printzak sortzen
Zitzaizkan berari,
Ta nola Jaunak eman
Ziyon grazi ori,
Beti esker ematen
Ari zan Jaunari.

VI
Jaunak ala berian
Goitikan graziya
Banatutzen baiziyon
Berak mereziya
Laguntzen ziyon bada
Arrek nai guziya,
Izan zedin kutsu txar
Gabea jantziya.

VII
Mila zazpireun la-
Rogeita amairuan
Frantzes ta Espainolen
Guda zan orduan,
Txit zaila zan bizitzen
Biyen inguruan
Gaxuak naiko lana
Bazeukan orduan.

VIII
Apaiz bat nai zuben ark
Benetan bilatu,
Zediyen maiz bezela
Fedez konfesatu,
Bainan nai arren ezin
Zubela arkitu,
Beste buruz bide bat
Zitzaion argitu.

IX
Pentsatu zuben bada
Txit goiz jaikitzia,
Eta bere erriya
Sara lajatzia,
Espainiara oinez
Presaz pasatzia,
Naparroako Bera
Erriyan sartzia.

X
Esan bezela jaiki
Zan egun sentira,
Eta abisatu zan
Menditik mendira,
Oinez emanik bide
Guztiyari jira
Sartu zan Magdalen
Berako errira.

XI
Zer poztasun aundiya,
Berako erriyan,
Arkitzia pake ta
Jaunaren graziyan,
Elizara sartu ta
An egun guziyan
Konfesatzeko pozaz
Gozoko antziyan.

XII
Belauniko jarririk
Begiyak malkotan
Biyotza ernai eta
Burua ez lotan,
Jesus izen gozoa
Zubela frankotan
Egon zan erregutzen
Berako eliz ortan.

XIII
Berak ziyon: zer poza!
Zer alaitasuna,
Zer alegrantzi eta
Zer gozotasuna,
Zer pake eder eta
Zer zorotasuna,
Zer ezin esan leiken
Zoriontasuna!

XIV
Zori oneko Bera
Erri gozotsua,
Atseginaz egin det
Onera pausua,
Emen kendu zait neri
Len neukan lausua,
Eta erru txar denak
Neukaten kutsua.

XV
Ho jauna! dizkitzut nik
Eskerrak ematen,
Dirazulako goitik
Orrela laguntzen,
Zure aurrez gustora
Naiz belaunikatzen,
Nere biotza dizut
Bertatik eskeintzen.

XVI
Birjina Ama ona,
Zeruko izarra,
Eman zaidazu orain
Bezela indarra,
Beti daukat barrenan
Nik zure bearra
Zuk piztutzen dirazu
Nere fede garra.

XVII
Miragarriya zan txit
Larralden oroitza,
Jasorikan zerura
Fedezko biotza,
Ain zuben barrendikan
Sentitzen ark poza,
Non eztitasun geigo
Ezin leiken goza.

XVIII
Bada desio zuben
Jauna bilaturik,
Eta bere aurrean
Belaunikaturik,
Zentzuak oso ernai
Zerurontz jasorik,
Konfesatu zan Jaunak
Goitik lagundurik.

XIX
O, zer bildotx mantsoa!
Zer mantxa gabia,
Orrela maitatutzen
Dubena fedia,
Biotzian zeukan ark
(Zer gauza obia)
Zeru eta lurraren
Guztiyen jabia.

XX
Ditxa oberik etzan
Arentzako izan,
Nola izan zuben ark
Berako elizan,
Birtutez jabeturik,
Aingeruen gisan,
Jaunaren amoriyoz
Berriro jantzi zan.

XXI
Indar berriturikan
Dontsutasunakin
Eta bere barrengo
Kristautasunakin
Sara bidera zuben
Berriz oinez ekin,
Fijaturik Jaunaren
Laguntasunakin.

XXII
Bainan ara zer gauza
Zitzaion gertatu,
Frantzes tokiko muga
Oi zanian sartu,
Ispien bat zalako
Zuten gogor artu,
Eta agintariyen
Gana bertaratu.

XXIII
Agintari ark zizkan
Gauz asko galdetu,
Ea nondikan ara
Zan orla alderatu,
Obe zubela gezur
Bat bertan asmatu,
Eta beste lekura
Ostera aldatu.

XXIV
Gero ziyon : ai, gazte
Dontsu ta umila,
Oker jiran dabiltzu
Zuk zure kurpila,
Onuntz etorri zera
Eriotzen bila,
Obea dezu beste
Leku on bat bila.

XXV
Amazazpi urteko
Gazte ona zera,
Eta gauza bat nua
Zuri esatera,
Emen leku txarrian
Arkitzen baizera
Lengo lekura jira
Zaite prest ostera.

XXVI
Ez al dakizu emen
Atzitu ezkero
Gauz onik ez dezula
Inola espero?
Zure zelatan ortxen
Dira onezkero
Azkar ibili ez da
Denborikan gero.

XXVII
Kupira detalako
Dizut au esaten,
Ixiltxo irakurtza
Bat dizut ematen,
Inork non zinan baldin
Badizu galdetzen
Esan: Beran zinala
Lagun bat ikusten.

XXVIII
Bestela badakizu
Ispitzat arturik
Ez dezula izango
Ez, barkaziyorik,
Eta egin dezun lan
Dena ukaturik,
Gezurrarekin libre
Zirade bertatik.

XXIX
Estimatzen det asko
Bedorren esana,
Eta nereganako
Kupira zeukana,
Bainan ezin nezake
Gezurtu nik, jauna,
Beran biyotzetikan
Egin detan lana.

XXX
Izan dedila gauza
Datorren bezela,
Ez pentsa deusengatik
Beldurtzen naizela,
Nai dan oker guziya
Nigan datorrela,
Jasotzeko zai nago
Bere-beriala.

XXXI
Aitortuko det denen
Aurrian egiya,
Bildurrik gabe daukat
Txit barren garbiya,
Jaun onak egingo dit,
Zeruan tokiya,
Gozatzeko betiko
Beraren gloriya.

XXXII
Pinet agintariya
Zan guztiyen buru,
An zer gertatutzen zan
Ziyoten kontatu,
Eta ark beriala
Baitzuten agindu,
Ekartzeko argana
Zediyen bigundu.

XXXIII
Jarririkan Magdalen,
Pineten parean,
Abiya zan mintzatzen
Txit modu onean,
–Zein erritatik zatoz,
Esan zazu, geran?
–Egiya esateko
Izandu naiz Beran.

XXXIV
Eta zer egin dezu
Espaina lurrian?
–Belaunkaturik egon
Jaunaren aurrian,
Eta nola dakartan
Biyotz samurrian
Berarekin arki nai
Oso indarrian.

XXXV
Ez det mundu ontako
Inoren bildurrik,
Ez da Fedetasun au
Kenduko diranik,
Berari otoitz gabe
Ez det nik egunik
Ez da deus Beragatik
Egingo ez nukenik.

XXXVI
Ta nola ez maitatu
(Ta izan fedia)
Aingeru ta mundutan
Denen Erregia?
Berak biyotz barrenan
Sortu dit labia,
Ura da gordekari
Ta nere jabia.

XXXVII
Odolak suturikan
Agintariyari,
Agindu zuben preso
Sartzeko dama ori,
Esanaz: –berotzeko
Bizkarra berari
Zigorraren kolpiak
Emateko ugari.

XXXVIII
Ea modu ortara
Ote zan biguntzen,
Eta ark egin zuben
Lan dena ukatzen,
Bainan alaz guztiyaz
Au etzan izutzen,
Baizik Jaunari ziyon
Beti erregutzen.

XXXIX
Ikusirikan sendo
Fedian zegoala,
Eta ezergatikan
Beldurtzen etzala,
Agindu zuben Pinet
Jaunak beriala
Erriyan erakusten
Ibil zezatela.

XL
Eskarmentagarritzat
Beste guztiyari,
Ta beldurra sartzeko
Gazte jendeari,
Lotuta denen aurrez
Zuten an ibili,
Gaizkile bat bezela
Denen parragarri.

XLI
Alaz guztiyaz etzan
Au fedian ostu,
Baizik naigabe abek
Zuten geigo poztu,
Berak ziyon: –orain naiz
Oso aberastu,
Badakit jauna nitzaz
Etzaitala aztu.

XLII
Kalte au da neretzat
Oso gustokua,
Zori onian nabil
Onela lotua,
Zeruaz jabetzeko
Daukat nik asmua
Pozez jarraituko det
Nik azken ordua.

XLIII
Eraman zuten bada
Gilotinatzera,
Gorputzetik labanaz
Burua kentzera,
Munduko eginkaien
Zorrak pagatzera,
Pineten agindua
Gogoz kunplitzera.

XLIV
Umil, umil gaxua,
Ardiyen modura,
Sartu zan urka mendi
Edo il-lekura,
Begiyak jasorikan
Jaunari zerura,
Kunplitzera sententzi
Penagarri ura.

XLV
Otoitz ta erreguak
Zituben goguan,
SALVE REGINA zuben
Aitatzen orduan
Jarririkan umilki
Bear zan lekuan
Laban zorrotza sartu
Zitzaion lepuan!

XLVI
Zer eriotza triste
Eta zer gogorra!
Azken pagutzat eman
Ziyotena, orra!
Zikindu nai ezikan
Inozentzi ta honra,
Modu ontara zuben
Pekatua borra.

XLVII
Begira jende asko
Zan antxen arkitu,
Onen fedetasunez
Ziraden arritu,
Askori zitzaioten
Biyotza mugitu,
Eta ziran txit asko
Bertan bestegotu.

XLVIII
Zer erakusgai ona
Ta ongarriya,
Fedia maitatuaz
Galtzia biziya!
Nola zuben beti ark
Zeruko antsiya
Bertaratu zan bada
Birtutez jantziya.

IL
Sarako erriyak du
Guztiz onoria,
Izatia orlako
Alaba beria,
Orain ere saiatu
Bertako jendia,
Maitatzen ark bezela
Jaunaren legia.

L
Txit borondatez ditut
Itz abek neurritu,
Eta lore on orren
Omenak aitortu,
Inork uts eginikan
Bilatzen baditu,
Biyotz biyotzez diyot:
Meserez barkatu!

Urkizu, Patri. "Anton Abbadiaren Koplarien guduak (1851-1897) : Bertso Bilduma". Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1997, 410-414 or. https://core.ac.uk/download/pdf/11499283.pdf