Bertsos - Ver ficha Más información sobre esta sección
2024-01-13 Suhuskune Lagun-artekoa [Bertsoa] / Amets Arzallus, Nerea Elustondo
Bertsoa entzun |
2024-01-13 Suhuskune Lagun-artekoa [Bertsoa] / Amets Arzallus, Nerea Elustondo
Nombre de la estrofa:
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)
Localización:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
N. Elustondo
Espainiako hitza da ole! Ta frantsesena ulala!
Ai tartekook burujabeak baldin bagina ojala!
Sarri Ruperrek Martin Larralden kantatzen duen bezala
larre berdeek, teila gorriek osatutako postala. (bis)
A. Arzallus
Ulala hori ongi erran duzu ta gelditu da airean
baina ojala lehen oxala zen euskara zahar librean
teilatu gorri ta larre berde ai Ruperren airean
lasai ze beti ez da egoten polizia auto bat bidean. (bis)
N. Elustondo
Iparraldeko guztiak dira kantari eta amesti
zeinahi ordutan entonatuta dabiltz abestiz abesti
alkohola ere ez da merkea, zergak direla prezeski
ta tabakoa saldu ohi dute oso, oso, oso garesti. (bis)
A. Arzallus
Tabakoana utzi dezagun halere kantu ta inguru
bai arrantzaleen kantu zaharrek jantzi ohi zuten Ziburu
Banka aldean laralarala, Xiberu aldean u, u, u
denek ez dute ongi kantatzen Anne Etchegoyen hor dugu. (bis)
N. Elustondo
Xilaba omen da txapelketa Ametsek hartzen du parte
ta antza denez gainera ongi moldatu ohi da bastante
baina Iparralde alde horretan ezer asko ez daukate
bost laborari, dozena ardi eta zortzi bat ahate. (bis)
A. Arzallus
Aski behetik kantatu duzu ta nik zer erran nezake?
Pentsatzen nuen botako zuela hiru edo lau alkate
zuk zer diozu bost laborari ta gero zortzi ahate!
Ta zuek nondik jaten duzue orduan hainbeste pate? (bis)
N. Elustondo
Guk foie grasa jaten dugula azaldu beharko hara!
Zeren patean hegoaldean asunto garestia da
ta ikastolak ere baditu nik ez dakit zenbat karga
matrikulatu ondorenean lan asko egin behar da. (bis)
A. Arzallus
Nerea gauza bat da patea eta bertzea gibela
bi gauza dira eta nik uste zu oker ari zinela
ta ikastola ez da lau talo eta zazpi xaramela
iduritzen zait Suhuskunera gutti etortzen zarela. (bis)
N. Elustondo
Egia da bai horretan ez dut behar adina bertute
baina nolabait gaurko estanpa interpretatu nahi nuke
ia sagardoik ez dute edan horko kupelaren truke
ta Hernanira joandakoan litroka edaten dute. (bis)
A. Arzallus
Bai Hernani da paradisua, Hernani zeru urdina
Hernanik du gaurik ederrena bihurtzen zaitu sorgina
sagarnoa ere hain du freskoa, gustu oneko ta fina
eta gehiena Iparraldeko sagarretarik egina. (bis)
N. Elustondo
Orain denera zabaldu baita ai Amets euskal sagarra!
Kontu honetan ez al daukagu elkar lagundu beharra?
Hona etorri eta jendeak, zerg-nolako tirgi-targa!
Amets zu zara errea ondo ahoskatzen dun bakarra! (bis)
A. Arzallus
Gipuzkoako guraso biak Hendaiar sortzea karga
pentsatu nuen bertso trukoa errean dago beharba
baina Maialen Lujanbiori ikus ezazu ze narda!
Hemen txapela irabazteko gaizki ahoskatu behar da! (bis)
N. Elustondo
Beraz erge-a ikastea da nik daukadan helburua
hala ta guztiz topikoekin astindu nahi dut burua
eta besterik ez dut botako, bukatu da apurua
oraindik egin gabe baitaukat bizitza asegurua. (bis)