Bertsos - Ver ficha Más información sobre esta sección
2024-06-21 Irura Lagun-artekoa [Bertsoa] / Nerea Elustondo, Julio Soto
Bertsoa entzun |
2024-06-21 Irura Lagun-artekoa [Bertsoa] / Nerea Elustondo, Julio Soto
Nombre de la estrofa:
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)
Localización:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
J. Soto
Garai batean edozer saltzen
genun baleko bezela
konturatuta bide hortatik
zulora gindoazela
kontziente naiz ni umorea
neurtu beharreko dela
baina uste dut orain neurritik
pasatzen ari garela.
N. Elustondo
Ta sor dezakeen ondoez hori
batzutan ez da makala
kritika pilak datoz albotik
kantatu ta berehala
ziri txiki bat izan zeikena
bihurtu liteke bala
ahaztu egin ohi zaigu sarri
bat-batean gabiltzala.
J. Soto
Umorea da politikoa
jakin badakit hainbeste
ta bat-batean ari gara gu
besteren txaloen eske
baina neurritik pasatu gabe
parrea da zilbor-heste
gaizto izatera iritsi gabe
gaixtoak izan gaitezke.
N. Elustondo
Baina gaixtoak ere ekarri
ditzake mila dilema
beti ez baita zehatz markatzen
zein den marra gorriena
zertan kakaztu gu inguratzen
ta ukitzen gaitun dena?
Geure buruez parre egitea
ez ote da sanoena?
J. Soto
Umorea izan leike matxista
sarri izan den antzea’
izan liteke berdin razista
ta horrek badu atzea
parre gangoso eta bajuei
hor galtzen degu klasea
gure erronka gaur horixe da
umore bat asmatzea.
N. Elustondo
Ba hori nahiko langintza zaila
ez ote dugu tamalez?
Nahiz eta ustez gure aldetik
maiz aritu gizalegez
bai umoreak barrukoakin
lotura bat baduenez
marra gorriak aldatzen dira
ta gure uste denak ez.
J. Soto
Nahiz aurreratu diren diskurtso
ildo ta kolegioak
parre ’inarazte horrek gaur dauzka
lehen zitun misterioak
arazo orok izan ditzake
bere erremedioak
baino ez gaitezen arren bihurtu
gu horren jende serioak.
N. Elustondo
Ba bai, nolabait ere sarritan
izaten dugun nahiko lan
beti ez gaude inspiratuak
beti ez gaude patxadan
silaba batek alde egiten du
ta dena egin kaka-lan
baina bakoitzai daukan garrantzi
justu-justukoa eman.
J. Soto
Hortan arrazoi ematen dizut
hor ez naiz jartzen hasarre
ze kontestuan jarri behar da
jakin behar da ze larre
hemen kantuan ari gara gu
gaude zuen aurrez aurre
holako doinu seriotan´e
ein dezakezue parre.
N. Elustondo
Egia esan doinu triste hau
harturik gure arkupe
nahiz eta ustez biok badegun
behar adina entzute
barre eskean hor hasi zara
gelditu da nahiko kutre
txalorik ere ez dute jotzen
barre nola egingo dute?