Bertsos - Ver ficha Más información sobre esta sección
2025-11-11 Amezketa Lagun-artekoa [Bertsoa] / Bixente Gorostidi, Anjel Mari Peñagarikano
2025-11-11 Amezketa Lagun-artekoa [Bertsoa] / Bixente Gorostidi, Anjel Mari Peñagarikano
Nombre de la estrofa:
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)
Localización:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
B. Gorostidi
Eta saiatu beharra dago
haiei ematen segida
jarraipenik ez duen auzoa
ez da jungo urrutira
ta kanpotarrak galde dezake
jende artera begira
auzo hontako, herri hontako
ume ta gaztek nun dira?
A. M. Peñagarikano
Zuk badakizu gora beherak
gure bizitzan denboran
lehenago esan det falta diranak
begira daudela goran
besteak berriz berekin ere
izango dute nahiko lan
gazte gehienak lanean dira
eta umeak eskolan.
B. Gorostidi
Gaztek lanean umek eskolan
buru makurka han ari
ospakizunak gaur baditugu
gau beltzak eta ugari
baina San Martin garia lehen zan
beti neguko atari
gure esku da bizi ematea
lehengo ohitura zaharrari.
A. M. Peñagarikano
Lehengo ohitura eman hauspoa
egin dezagun ahalegin
oaindik bizirik dagon ohitura
sekula galdu ez dedin
ohitura berri asko bada gaur
Gau Beltza edo Halloween
lehengoak maite ditut nik eta
Amezketako San Martin.
B. Gorostidi
Eta jendea hemen biltzea
zuretzat ez da sorpresa
garai bateko lan gogorrean
ere zenbat gazi-geza!
Baino egun hau jai hartzen zuten
inorako ez zuten presa
hala ein ezean festa hori eusten
ez degu izango errexa.
A. M. Peñagarikano
Nere lagunak esandakoai
zuek ipini arreta
alde batera hona igotzea
ez da izaten berriketa
ohartu zaite ermita dago
dana euskaldunez beteta
jai eskau beharrik guk ez daukagu
jubilatuta gaude ta.
B. Gorostidi
Jubilatuta zaude ta errez
egin dezu hona bixita
ta bateon bat etorriko zan
baserriko atek itxita
zenbat lanean dabil oraindik
eta ezin iritsita
ni’re korrika nator zugana
eguneko lana utzita.
A. M. Peñagarikano
Etorri eta gure helburua
hemen lanak burutzea
ta baseliza bete betea
aurrea eta atzea
ta nik daukadan amets gozoa
nahi dizuet aitortzea
bastoirik gabe urte askotan
San Martinera etortzea.
