Bertsos - Ver ficha Más información sobre esta sección
2001-11-04 Elorrio Txapelketa [Bertsoa] / Igor Muniategi, Aritz Zerain
Bertsoa entzun |
2001-11-04 Elorrio Txapelketa [Bertsoa] / Igor Muniategi, Aritz Zerain
Nombre de la estrofa:
Zortziko txikia (hg) / Lau puntuko txikia (ip)
Localización:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Zerain:
Karneta ateratzeak
zailtasuna dauka;
aspaldi hasi nuen
horretan burruka.
Aitonari ari naiz
kotxetik ijuka;
nahiago nuke honen
patxada baneuka! (bis)
I. Muniategi:
Patxadaz nago orain
neroni hizketan;
abantaila ederra
dugu hau benetan;
zeroa ziur duzu
azterketa honetan;
preferentzia neuk dut
zebrabideetan. (bis)
Zerain:
Gainera haundienak
berak esateko!
Gertatu daitezke gaur
zuretzat kalteko.
Hori ez dakidanik
ez duzu usteko.
Baina pasatzeko bai,
ez geldi egoteko. (bis)
I. Muniategi:
Zapaldu ta zapaldu,
ekin eta ekin...
buruan zer edo zer
baleuka behinepin!
Zapaltzen banauzu zuk
behar duzu jakin:
buruan joko zaitut
makuluarekin. (bis)
Zerain:
Makulu eta guzti
paretik ez kentzen!
Oraintxe ari zaigu
burua zuzentzen.
Baina honen kasurik
nik ez det ulertzen;
testetan ez da inoiz
aitonik agertzen! (bis)
I. Muniategi:
Neure bidean noa
pozik lasai-lasai,
ta pasatu nahiean
hau hementxe dut zai.
Esplikaziotxo bat
dizut nik eman nahi:
testetan agian ez,
baina kalean bai. (bis)
Zerain:
Dirudinez hori da
kaletako moda.
Beno, aitona da ta
ez det nahi aztora.
Lagun gisan hartzea
ona izango da;
igo kotxera eta
goazen pasiora. (bis)
I. Muniategi:
Azterketa kontua
ahaztu zaio jada;
pasio kontuekin
hona eta hara.
Ideia nahiko ona
dugu beharbada;
karneta duzunean
biok joango gara. (bis)