Bertsos - Ver ficha Más información sobre esta sección
1995-01-08 Oiartzun Jaialdia [Bertsoa] / Joxe Agirre, Sebastian Lizaso
Bertsoa entzun |
1995-01-08 Oiartzun Jaialdia [Bertsoa] / Joxe Agirre, Sebastian Lizaso
Nombre de la estrofa:
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)
Localización:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
S.Lizaso:
Barkatu aita zure martxari
nago gaizki iritzita,
lehenago zerbait bazinan baina
ni nago ia etsita.
Gure etxean lehen gabon gaba
gendun etxerako zita,
burutik nahasten hasi al zera
Goenkale ikusita?
J.Agirre:
Garai batean ez nintzan izan
ni elementu makala,
baina pentsatu urtean kargak
oso erasan didala;
esaten zidan bere etxera
gonbidatuko nauala,
baina whisky ta Montekristoak
nik ordaintzeko dirala.
S.Lizaso:
Aitzaki bila etzazu aita
hemen dantzatu mingaina,
zure pozean prestatu gendun
oso afari bikaina.
Une batean oroitu zaitez
ahaztuta dezu baina,
maitasunean jaso ohi dala
eskaintzen danan ordaina.
J.Agirre:
Maitasuna ta sentimentuak
nik badauzkat bihotzian,
baina askotan triste egoten naiz
ni bakardade antzian;
festa garaian ditut lagunak
ez dadukat gainontzian,
aita hoinbeste maite badezu
zu egon zaitez etxian.
S.Lizaso:
Aita iritsi, etxea utzi
eta auzoan sartzera,
utzi usteak eta berriro
etorri zaitez etxera.
Bainuetxean gerta zinteke
uste ez dezun antzera,
nahiz jende asko hurbil eduki
bakarrik egongo zera.
J.Agirre:
Bainuetxean guraso zaharrak
hartzen dituzte txukun da,
ez apuratu amon batekin
lehengoan hitz egin nun da.
Nik maite nuen emaztea're
jainkoak eraman zun da,
azkenean hau paraderoa
semeak hazten jardunda.
S.Lizaso:
Ondo eginda gaizki hartzeak,
horretxek ematen dit min,
eta nik aita zu konbentzitzen
egin behar dut ahalegin,
etxetik kanpo egin leikena
etxean liteke berdin,
maite dezuna maiteko degu,
ekarri zazu zurekin.
J.Agirre:
Jendian bistan gauza politak
daduzkazu esateko,
seme handigia hazi zinan zu
oso fina izateko.
Esateidazu laguna ere
patxaran eramateko,
zerorrentzako behar dezu asko
zuk inori emateko.
S.Lizaso:
Haserre xamar jarri behar det,
nola konpondu bestela?
Zuk badakizu esan dezuna
egi osoa ez dela.
Zeuk esan dezu zuri emateko
nik asko behar dutela,
ezer baino lehen oroitu zaitez
zure semea naizela.
J.Agirre:
Nere semea zerade bai zu
eta hizlari berua,
hortik aurrera ez zera ez zu
ne gustoko aingerua.
Etxera ekarriko bazuan
ne gustoko jenerua,
lehengo batian eskatu zidan
kartilako numerua.
S.Lizaso:
Ez zaiozula burlarik egin
hainbeste seme jatorri,
edo bestela gaurtik aurrera
zuk daukazu egun gorri;
juan zaitia bainuetxera
ta segi amona horri,
gure ateak zabalik daude
nahi dezunean etorri.
J.Agirre:
Ez da komeni behar baldin bada
hizketan gogor hastia,
baina okerrago izan liteke
nahi duna egiten uztia.
Nik ez nuke nahi seme-alabak
oso gaizki ikustia,
beste zortziak zintzoak dira,
hau bakarrik da trastia.
S.Lizaso:
Bederatzitik bat bereizteak
horrek ematen dit mina,
beraz alferrik izango nuen
egindako ahalegina;
ziri gaiztoaz beteta dezu
aita zuk zeure mingaina,
zer zaplasteko emango nizun
nere aita ez bazina!
J.Agirre:
Aita jotzeko bai ote dezu
sekula santan baimenik,
ez zazula uste gero gauz danak
zure erara daudenik;
eta zertako mindutzen zera
aitak egia esanik,
artalderik'e ez da izaten
ardi beltzen bat ez danik.