Bertsos - Ver ficha Más información sobre esta sección
1989-12-17 Donostia Txapelketa 17:00 [Bertsoa] / Andoni Egaña, Mikel Mendizabal
Bertsoa entzun |
1989-12-17 Donostia Txapelketa 17:00 [Bertsoa] / Andoni Egaña, Mikel Mendizabal
Nombre de la estrofa:
Hamarreko handia (hg) / Bost puntuko handia (ip)
Localización:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Egaña
Euskara dala medio sarri
heltzen diren albistiak,
ez izanarren gaur egunean
ilunak eta tristiak,
zail ez ote da jomuga hoiek
horren errez iristiak,
gure kaletan erderaz pranko
ari dirado gaztiak,
hori horrela alperrik dira
zifra ta datu guztiak. (bis)
Mendizabal
Dato horiei hartzen diet nik
suspentso batzuen antza,
antzinatikan degun erroak
aurreraka garamatza,
kalean eta etxean ere
egon arren giro latza,
begira zazu Belodromo hau
pare gabeko baratza,
hau ikusirik barruan daukat
geroaren esperantza. (bis)
Egaña
Kalean zehar bueltaren batzuk
eman izan ditut aurten,
ta gazteria guztiz erderaz
ez du polita ematen,
arrazoi dezu Belodromoa
dago orain irakiten,
baina ez zaite arrazoi txepel
ta eskax horrekin irten,
enara batek sekula ez du
Udaberririk egiten. (bis)
Mendizabal
Administralgo leku askotan
egonarren baztertuak,
aurrerantzean asmo berriak
badabilzkigu hartuak,
dagoeneko bakar batzuek
baditugu burutuak,
zaindu ditzagun ekintzak eta
ezkutu(a)n dauden kantuak,
udaberria ailegatzean
helduko dira frutuak. (bis)
Egaña
Nere laguna daukagu alai
ta ni nabil kopetilun,
egoerari irtenbiderik
ezin topatuan inun,
zuk esandako udaberria
ikusten det nahiko urrun,
arrazoi gabe «Gora Euskara!»
esanez zertako jardun,
euskal prentsa bat ez dun Herria
nola izango da euskaldun? (bis)
Mendizabal
Aipatutako euskal prentsa bat
laister egin dezakegu,
euskal eskola publikoa ere
berehala da eredu,
etorkizuna alaitasunez
gogor behar degu heldu,
bakoitzak bere arloan saia
ta ez gaitezen moteldu,
euskera zeinek salbatuko du
guk sinisten ez badegu? (bis)