Biografías - Ver ficha Más información sobre esta sección
Patri Urkizu
Datos personales
Bertsolarismo
- Principal dedicación
- Investigador/a
- Dedicaciones
-
Bertso analisigilea/kritikaria - Jarduerei buruzko azalpenak
- Bertsolaritza historikoaren ikerlari emankorra. Nagusiki ipar Euskal Herriko lurraldeetan jarri du begia. Ezagunak ez ziren bertso sorta asko aztertu eta ekarri du argitara. Bertsolaritza aztergai duten iburu eta artikulu ugari argitaratu du; ikusi "liburutegia".
Datos biográficos
- Biografía
- Lezon (Gipuzkoa) jaio zen, 1946ko irailaren 2an, langile sendi batean. Irakaslea, ikerlaria eta idazlea izan da. Karmeldarren bi komentutan egin zituen lehen ikasketak, Zornotzan (Bizkaia) eta Alesbesen (Nafarroa). Gero, Filosofia eta Letrak ikasten hasi zen Donostian, eta Filologia Erromanikoa egitera joan zen Salamancako Unibertsitatera (Espainia); arrasto handia utzi zioten bi irakasle izan zituen hemen, Koldo Mitxelena eta Fernando Lazaro Carreter. Filologia Erromanikoan lizentziaturik, Euskal Filologiako doktore gradua egin zuen 1987an (EHU), "Pierre d´Urteren hiztegia: Londres 1715" izenburua duen tesiarekin, Koldo Mitxelenaren zuzendaritzapean.
Irakasle jardun zuen, Errenteria eta Donostiako institutuetan lehenik, eta Deustuko Unibertsitatean (EUTG), euskara eta euskal literatura irakasle Bordeleko Unibertsitatean (Okzitania), eta euskara eta euskal literatura irakasle UNED urrundikakako unibertsitatean (Madril, Espainia) azken aldi luzean, erretiroa hartu artean.
Literatura, saiakera, ikerketa eta artikuligintza jorratu ditu. Ibilbide luze eta oparoa egin du euskal antzerkia eta bertsolaritza ikertzen, alor horietako izkribu zahar eta ezagun gabeen bila. Berak sortutako patriurkizu.eus webgunean bildu du bere obraren katalogoa, argitaratutako guztiaren lagin zabala, bere ibilbidearen pasarteak, eta 2023ko abenduaren 1ean aurkeztu zuen "Eskribu galduen bila" autobiografia liburua.
Bertsolaritzari dagokionez, antzinako bertsolaritza izan da bere ikergai nagusietakoa, arreta berezia jarri duelarik Ipar Euskal Herrietan, eta emaitza oparoa, askotarikoa eta aberatsa utzi du. Horren lekuko Etor argitaletxearen eskariz burututako Bertsolaritzaren Historia I eta II liburuki mardulak, non 1900ren aurreko Lapurdi, Baxanabarre eta Zuberoako bertso eta kantak, asko ineditoak, bildu eta argitaratu zituen (Etor,1991). Nabarmentzekoak ere, Agosti Xahok eta Anton Abadiak egindako lanen azterketak. Horrez gain, luzea da han-hemen, argitalpen desberdinetan, argitaratu dituen artikulu eta azterlanenen zerrenda; lan mardulak argitaratu ditu Bertsolari aldizkarian.
Literatura alorrean ere alor asko jorratu ditu: poesiagintza, eleberrigintza, entsegua, bertsolaritzaz eta antzerkiaz bereziki, eta literatur kritika; literatura lehiaketa askotako epaimahaikide izan da, tartean, Espainiako Literatur Sarietakoa.
Euskal Idazleen Elkarteko presidentea zortzi urtez (1989-1997), Euskaltzaindiako euskaltzain urgazlea (1991ko urtarrilaren 31tik; Hiztegigintza, Lexiko Ebazpenen Finkapena, Literatura Ikerketa eta Euskal Literatura Antologia batzordetan jardun da) eta Eusko Ikaskuntzako hizkuntza eta literatur saileko burua izan da. Jaioterriko, Lezoko, alkatea izan zen frankismo osteko aro berriko lehen legegintzan (1983-1987); aitzindariak izan ziren euskararen erabilpena sustatzeko Hizkuntza Politikak ezartzeko erabaki eta jokamoldetan.
Euskarazko ikerlanen Resurrección Maria Azkue saria eman zioten 1987an (Bilboko Aurrezki Kutxa), eta "Urrezko Luma" 2024ko ekainaren 4an euskal literaturaren eta kulturaren adar askotan egindako lanagatik (Bilboko liburu azoka, Bizkaiko Foru Aldundia). Horrezaz gain eskerronezko aitortza ugari jaso du: Donostiako Udalaren omena (2023ko martxoak 27) Antzerkiaren Nazioarteko Egunean; Lezoko herriaren omena bere liburu autobiografikoa aurkezteko egunean (2023ko abenduak 1).
2024ko abenduaren 18an zendu da 78 urte dituelarik, Donostian.
Publicaciones
- Argitaratutako liburuak
- Eros, Eros... (Bertso eta poemak) (1985, Baroja).
Bertso zahar eta berri zenbaiten bilduma (1798). Durangoko Udala (1987)
Bertsolaritzaren Historia I. Lapurdi, Baxanabarre eta Zuberoako bertso eta kantak. Anonimoak. Etor (1991)
Bertsolaritzaren Historia II. Lapurdi, Baxanabarre eta Zuberoako bertso eta kantak. 1545-1900. Etor (1991)
Anton Abbadiaren koplarien guduak. Bertso eta aire zenbaiten bilduma, 1851-1897 (Eusko Ikaskuntza, 1997)
Poesía vasca. Antología bilingüe. Introducción y selección vasca. UNED (2009)
- Beste argitalpenak
- Bertso zahar eta berri zenbaiten bilduma (1798). patriurkizu.eus
Kontu kantari bertso zaharren bilduma berria. patriurkizu.eus
101 balada zahar. patriurkizu.eus
Urkaberako baladak. patriurkizu.eus
Eskribu galduen bila (autobiografia). patriurkizu.eus - Ekoizpen oharrak
- https://patriurkizu.eus/ webgunean bildu eta eskuragarri utzi du bere ibilbidea, 2020 arteko argitalpen katalogoa eta bere obraren zati esanguratsua, tartean, autobiografia liburua.